
Eroskiko garbiguneak hurrengo astelehenean zabalduko ditu ateak berriro
Eroski hipermerkatuko aparkalekuan dagoen garbiguneak hurrengo astelehenean, ekainak 24, zabalduko ditu ateak berriro, joan den maiatzaren 10az geroztik instalazio horretan egin diren eraberritze-lanen ondoren.
Eraberritze-proiektuak berekin ekarri du hondakin desberdinak uzten diren gunea handitzea, herritarrentzat erosoagoa eta seguruagoa izateko helburuarekin. Gainera, bulegoa eta aldagela hartzen dituen etxola berritu da, eta bi sarbide daude orain, bata hondakinak uztera joaten diren herritarrentzat, eta bestea edukiontziak zamatzeko eta husteko lanak egiteko.
Garbigunea irekitzeko ordutegia ohikoa izango da: astelehenetik ostiralera 08:15etik 22:00etarakoa.
Etxebizitzetako hondakin bereziak
Jakina denez, etxebizitzetan sortzen diren hondakin bereziak gaika biltzea errazten dute garbiguneek, beren ezaugarriengatik, ingurumenerako arazoa ekar dezaketen hondakinak eta, egokia bada, birziklatu aurretik tratamendu berezia behar dutenak. Hori dela-eta, ez dira inolaz ere edukiontzietara bota behar. Halakoak dira, esate baterako, pintura-produktuak, automobilenak (olioak, bateriak, izotz-kontrakoak), produktu bereziak (fluoreszenteak, frijitzeko olioa, pilak, sendagaiak), eta bai etxetresna elektriko txikiak, jostailuak eta arropa ere.
Etxebizitzetako hondakin bereziak biltzeko lana garbigune mugikorren bidez ere egiten da: Iruñeko auzo eta Iruñerriko herri desberdinetara joaten diren ibilgailuak dira, hain zuzen.
Lehen garbigunea, duela 19 urte
Eroskiko garbigunea Iruñerriko lehena izan zen, eta 2000ko otsailean hasi zen zerbitzua ematen. 2005eko ekainean, bigarren garbigunea zabaldu zen, E. Leclerc hipermerkatuaren ondoan, eta hirugarrena aurtengo urtarrilean jarri da martxan, Burlatan. Gainera, 2005ean, garbigune mugikorren lana hasi zen, Iruñeko auzoetara eta Iruñerriko herrietara joaten hasi zen ibilgailu batekin. Egun, bost dira astero 37 kokaleku desberdinetara joaten diren furgonetak, eta aurreikusita dago udan beste bi ibilgailu hastea zerbitzu hori ematen.
Azkenik, ekain honetan Mankomunitateak beste sei garbigune finko kokatu ditu Iruñerriko herri hauetan: Egues, Taxoare, Zubiri, Arre, Etxauri eta Muruzabal. Garbigune berri horiek instalazio trinkoak dira, tamaina txikikoak (2,4 m zabal, 5 m luze eta 2,5 m garai). Kanpoan ahoak dituzte, hondakin desberdinak botatzeko, eta barnean edukiontziak, hondakinak pilatzeko. Beren edukiera mugatua denez, ezin dira alderatu dauden beste hiru garbigune finkoekin, Iruñerriko landa-esparrurako egokitu baitira. Aurten eta 2020an beste 20 gabigune finko kokatuko dira landa-esparruan, eta haien kokapenak eskaeraren eta lehen sei horiekin lortzen den esperientziaren arabera aztertuko dira.
Beste albiste batzuk
- Proiektua Txulapain ibaiaren saneamenduaren aldeko apustu handia da
- Erakusketetako bi, ‘Bigotes’ eta ‘Comedy Wildlife Photo’, apirilaren 6tik aurrera bisitatu ahal izango dira, osteguna
- Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute