Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2021/09/13

Edukiontziak elektronikoki zabaltzeko sistema hedatzen hasi da IM

Udazken honetan, sistema berria Mendillorrin, Sarrigurenen, Zabalguneetan, Beloson, Lezkairun, Erripagañan, Arrosadian eta Mutiloan ezarriko da

Azpilagañan eta Artika Berrian 2018az geroztik gauzatu den proba gisako esperientziaren ondoren, hurrengo egunetan edukiontziak elektronikoki zabaltzeko sistema Iruñerri osoan hedatzen hasiko da Mankomunitatea. Behin amaituta, 2023aren erdialdera, 356.000 biztanleri emango die zerbitzua (herritarren %94). 

Sistema berri honen ezarpena –aurreneko etapa batean, aurtengo azaro arte luzatuko da– gaur goizean egin den prentsaurreko batean ezagutarazi da. Zehazki, prentsaurreko horretan, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campiónek, SCPSAko zuzendari kudeatzaile Alfonso Amorenak eta SCPSAko komunikazio-zuzendari Arturo Ruiz de Azagrak esku hartu dute. 

Sistema aldatzearen xedea da hondakinetako gai organikoak jatorrian bereiztea edo gaika biltzea handitzea, sortzen diren hondakin guztien %34 baitira gai organikoak (50.300 tona, 2020ko 150.000 tonetatik). Era berean, asmoa da gainerako edukiontzietan, bereziki gainerakoen frakzioaren edukiontzian, desegoki botatzen diren hondakinen kantitateak murriztea.

David Campiónek adierazi du gaur aurkeztu den proiektua Iruñerriko Mankomunitateak hondakinen arloan planteatu dituenen artean garrantzitsuenetako bat dela. “Ekintza aitzindaria izango da Estatuan, bai berrikuntzari dagokionez, eta bai inplikatuta egongo diren erabiltzaileen kopuruari dagokionez ere”, zehaztu du IMko lehendakariak. 

Hasiera batean, sistema berria udazken honetan hasiko da hedatzen, Mendillorrin eta Sarrigurenen (1. fasea), Zabalgunean eta Beloson (2. fasea), eta Lezkairun, Erripagañan, Arrosadian eta Mutiloan (3. fasea). Gero, 2023aren erdialdera arte, hedatzen jarraituko da Iruñeko beste auzo eta Iruñerriko beste udalerri batzuetan. Prozesuaren amaieran, 350.000 txartel egongo dira banatuta, 175.000 etxebizitza eta saltokitan, eta 4.325 edukiontzi egongo dira ordeztuta.

Sistema ezartzeak berekin dakar gai organikoetarako edukiontzi marroia irekitzeko egungo giltza unibertsal eta izengabea ordeztea, eta gai organikoetarako eta gainerakoetarako (hemendik aurrera estalki grisa izango dute) edukiontziak irekitzeko txartel elektronikoa edo mugikorrerako aplikazioa erabili behar izatea. Txartela eta app-a helbide bakoitzari lotuta egongo dira, eta erabileraren datuak erregistratzeko bidea emango dute, erabileraren datuak lortzeko xedearekin eta komunikazio-ekintza zehatzagoak eta eremu jakinetara bideratuak egin ahal izateko. 

Gainera, gai organikoetarako edukiontziek eta gainerakoetarako edukiontziek pedala izango dute, errazago ireki ahal izateko. Txartelak edo aplikazioak ahalbidetuko du “organikoen” frakzioaren (marroia) eta “gainerakoen” frakzioaren (grisa) edukiontzi guztiak irekitzea asteko edozein egunetan.

Sistema berrian sartzen doazen inguru guztietako edukiontziak txartelaren eta mugikorrerako aplikazioaren bidez ireki ahal izango dira, baina bilketa pneumatikoko buzoiak, oraingoz, txartelaren bidez baino ezin izango dira zabaldu.

Edukiontziak irekitzeko txartelak lortzea

IMko langileek emango dituzte txartelak: etxez etxeko bisitak egingo dituzte, eta etxebizitza bakoitzari bi emango dizkiote. Txartela eskatu nahi duen edozein pertsonak edo edozein gorabeheraren berri eman nahi duenak (txartela haustea edo galtzea) formulario hau bete beharko du. Halaber, zeinahi zalantza argitzeko, 948 42 32 42 telefono-zenbakira deitu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 18:00etara.

Edukiontziak zabaltzeko txartel berriak zerbitzu anitzekoak izango dira, eta, beraz, Eskualdeko Hiri Garraiorako txartel izengabe moduan ere erabili ahal izango dira. Garraioko txartelak kargatzeko edozein gunetan eta “Recarga TUC” (EHGaren birkarga) aplikazioaren bidez kargatu ahal izango dira. Dena den, hondakinen txartel bakoitzean, lehenbiziko karga kargatzeko gune batean egin beharko da eta, hortaz, ez EHGaren birkargarako aplikazioaren bidez.  

Beste alde batetik, nabarmendu behar da EHGko txartel pertsonalizatuak edukiontziak irekitzeko ere erabili ahal izango direla. Horretarako, txartelean funtzio hori aktibatzeko eskatu beharko da, formulario hau beteta.

Jada Azpilagañan eta Artika Berrian egiten duten moduan, edukiontziak irekitzeko, pizteko botoia sakatu beharko da, txartela sentsorera gerturatu eta, irekitzea desblokeatuta dagoenean, estalkia goratu ahal izango da, edukiontziaren pedala zapalduta. 

Edukiontziak irekitzeko, mugikorrerako app-a lortzea 

Gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako edukiontziak mugikorrerako aplikazio baten bidez ere ireki ahal izango dira. Horretarako, ‘SIGMA MCP’ aplikazioa deskargatu beharko da, Google Playn (Android) edo App Storen (IOS). 

Kontua aktibatzeko, etxebizitza edo establezimendu bakoitzean jasoko den dokumentuan agertuko diren erabiltzailea eta pasahitza idatzi beharko dira. Kontua etxebizitza edo establezimendu bereko beste lau pertsonarekin ere partekatu ahal izango da, esteka bat edo QR kode bat partekatuz app-aren beraren bidez. 

Gaur goizeko aurkezpenean azaldu den moduan, edukiontzia mugikorrerako aplikazioaren bidez zabaltzeko, edukiontziaren QR kodea eskaneatu edo edukiontziaren sinboloa aukeratu beharko da mugikorraren pantailan, edukiontzitik metro eta erdi baino hurbilago egonda. Behin irekitzea desblokeatuta dagoenean, estalkia altxatu ahal izango da, edukiontziaren pedala zapalduta. 

Komunikazio-ekintza handiena

Gaur goizeko aurkezpenean, gainera, gaurtik aurrera abian jarriko den sistema berri honi lotuta dagoen komunikazio-kanpaina azaldu dute. Arturo Ruiz de Azagra Komunikazio arloko zuzendariak nabarmendu du kanpaina hau Mankomunitatean egin den tamaina eta garrantzi handienekoa dela, gaikako bilketa ezarri ondoren. 

Ezartze-fase bakoitzak 6 etapa izango ditu, gainezartzen joango direnak. Etapetako lehenak aste bateko iraupena izango du, eta bertan informazio-gutunak bidaliko dira. Gero, bi astean, txartelak eta aplikazioan sartzeko kodeak (edukiontzien kasuan) banatuko dira, etxebizitzetan eta establezimenduetan atez ateko bisitak eginez. Ondoren, beste bi astean, informazio-guneak egokituko dira esparruetan, atez ateko bisitetan txartelak eta kodeak hartu ez dituzten pertsonek haiek jasotzeko eta zalantzak argitzeko aukera izan dezaten. Bi ekintza horien bidez eman gabe gelditu diren txartelak (kalkulatzen da %10 izango direla) postontziz postontzi banatuko dira. 

Aurreneko parte honetan, edukiontziak jarriko dira Mendillorrin eta Sarrigurenen (urriaren 18an), Zabalguneetan eta Beloson (azaroaren 1ean), eta Lezkairun, Arrosadian, Erripagañan eta Mutiloan (azaroaren 15ean). Azken kasu horretan, bilketa pneumatikoa abian jartzearen bidez. 

Gainerako etapak izango dira, batetik, informatzaileak egotea edukiontzien guneetan eta, bestetik, gutunak bidaltzea gaikako bilketaren emaitzen berri emateko. 

Kanpaina osoa gauzatu ahal izateko, 50 informatzaileren taldea ariko da lanean, atez ateko bisitak egiteko, arreta emateko informazio-guneetan eta edukiontzien guneetan egoteko. 

Sistema-aldaketari buruzko informazio guztia, ezartzeko daten eta lekuen datu eguneratuak eta informazio-guneen kokalekuen eta ordutegienak Mankomunitatearen esteka honetan eskuratu ahal dira. 

Era berean, komunikazio ekintza bat egingo da Nafarroako Gobernuaren 2021.eko Hondakinen Funtsekin elkarlanean, herritarrek poltsak eta hondakinak kalean ez uzteko. Honelako triptikoak zabalduko dira.

2013-2016: 5. edukiontzia ezartzea

Gaur goizeko aurkezpenean gogora ekarri da 2013 eta 2016 artean Mankomunitateak 5. edukiontzia zabaldu zuela Iruñerri osoan, etxebizitzetan eta establezimenduetan jatorrian bereizitako gai organikoak botatzeko. Helburua zen, arrazoizko epe batean, sortutako guztiaren %50 lortzea. Edukiontziak giltzen bidez irekitzen ziren; gai organikoak bereiz biltzean parte hartzeko nahia adierazi zuten etxebizitzei eman zitzaizkien giltzen bidez, zehazki. Hala ere, bildu diren gai organikoen kantitatea oso urrun egon da beti hasiera batean aurreikusi zen helburutik. 2020an, sortutako gain organikoen %17 baino ez ziren bildu 5. edukiontziaren bidez.

Beste alde batetik, 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planak helburu hauek jarri zituen: gai organikoen kasuan, jatorrian bereiztea %50 2022an (desegoki botatako hondakinen %20ko muga gehigarri batekin) eta %70 2027an (desegoki botatako hondakinen %10ako muga gehigarri batekin).

2018: proba pilotua Azpilagañan eta Artika Berrian

Sistema eta emaitzak hobetzeko, zenbait herrialdetan erabiltzen dituzten metodoak aztertu ziren. Hain zuzen, herrialde horietan, Iruñerriaren ezaugarri soziodemografiko antzekoak dituzten hiri-inguruneetan, jatorrian frakzio organikoaren kantitate handiak gaika biltzea lortzeko erabili dituzten metodoak ikertu ziren. Zehazki, Italiako Brescia eta Imola hiriak, Belgikako Anberes, eta Esloveniako Ljubljana aztertu ziren, eta bai Sasietako Mankomunitatea ere Gipuzkoan. Kasu horiek ikertu ondotik, Iruñerriko bi eremu desberdinetan, Azpilagañan eta Artika Berrian, proba pilotu bat egitea erabaki zen, eta 2018an eman zitzaion hasiera. Txartel elektronikoaren bidez irekitzeko edukiontziak jarri ziren gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako, etxebizitza eta establezimendu bakoitzera lotuta eta irekitze-kopuruen erregistroarekin.  

Emaitzak onak izan ziren: txartelen sistema ezarri aurretik gai organikoen bilketak ez zuen %17a gainditzen; ezaugarritzeko azken azterlanaren arabera (2021eko martxokoa), ordea, %64a lortu zen Azpilagañan eta %43a Artika Berrian. Bi eremuen batezbestekoa %52 da, hortaz. Gainera, erregistratu da emendatu egin direla ontzien eta paperaren eta kartoiaren bilketa bereiziak, eta %50 murriztu dela gainerakoen frakzioaren pisua. Horrek esan nahi du, horrenbestez, tratatu gabeko hondakinen %50 gutxiago ari direla eramaten zabortegira.  

Proba gisako esperientzia honen emaitza onak ikusirik, eta sistema hau ezarrita duten gainerako hirien azterlanak kontuan hartuta, Mankomunitateak erabaki zuen sistema hau Iruñerriko hiri-eremu sendotu osora hedatzea, eta hedatze hori 2023an amaituko da. 

Beste albiste batzuk