Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/09/09

Edukiontziak elektronikoki zabaltzeko sistema hedatzearen hirugarren fasea hasi du IMk

Sistema berria Sanduzelai, Buztintxuri, Santa Engrazia, Artika Berria Arrotxapea eta Txantreara iritsiko da

Edukiontziak elektronikoki zabaltzeko sistema hedatzearen hirugarren fasea hasiko du Mankomunitateak urriaren 17an. Hilabete batean, edukiontzi berriak ezartzea Sanduzelain, Buztintxurin, Santa Engrazian eta Artika Berrian egingo da (urriak 17), Arrotxapea auzoan (azaroak 2) eta Txantrea auzoan (azaroak 14).

Sistema hedatzearen hirugarren fase hau gaur goizean egin den prentsaurreko batean jakinarazi da, eta prentsaurreko horretan esku hartu dute IMko lehendakari David Campiónek eta SCPSAko Komunikazio zuzendari Arturo Ruiz de Azagrak.

Gogoan izango denez, sistema berri hau ezartzen joan den urteko irailean hasi zen, eta orduan Mendillorri, Sarriguren, Zabalgunea, Beloso, Lezkairu, Erripagaña, Arrosadia eta Mutiloara iritsi zen. Zehazki, 35.000 txartel-pare banatu ziren, sistema berriaren barnean sartutako etxebizitzetan.

Bigarren fasean, aurtengo martxo eta maiatz artean gauzatutakoan, Barañainera eta Iruñeko zenbait tokitara heldu zen: Etxabakoitz, Mendebaldea, Yamaguchi, Nafarroako Unibertsitatea, Donibane, Iturrama, Abejeras, Azpilagaña, Milagrosa, Sadar, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Arrosadia dorrea. Hain zuzen, 50.000 txartel-pare banatu ziren.

Orain, hirugarren etapa honetan, IM 30.000 etxebizitza eta 1.600 establezimendutara baino gehiagotara joango da. Behin amaitzen denean sistema berria ezartzen, 2024an, 356.000 biztanleri emango zaie zerbitzua (herritarren %94), 350.000 txartel egongo dira banatuta 175.000 etxebizitza eta establezimendutan, eta 4.325 edukiontzi egongo dira ordeztuta.

Hitza hartu duenean, Mankomunitateko lehendakariak adierazi du, sistemaren bilakaera eta aurreneko emaitzak ikusi ondoren, sumatzen dela “herritar gehienek mezua ulertu dutela, sistema honek ekartzen dituen zailtasunak onartzen dituztela eta Iruñerri iraunkor baten aldeko konpromisoa hartzen dutela”.

David Campiónek, gainera, hobetu behar diren bi alderdi nabarmendu ditu: gaizki sailkaturiko hondakinen presentzia (egokia ez den edukiontzira botatako materialak) eta poltsak edukiontzietatik kanpo botata uztea. Izan ere, bi arazo horien ondorioak larriak dira: “Alde batetik, arduraz jokatzen duten pertsonen eragin positiboak gutxitzen dituzte, eta, bestetik, tratamendu-kostuak garestitzen dituzte”. Hitz batean, “hondakinak gaizki bereiztea etxean sortzen diren hondakinekin ardura hartzen duten pertsonekiko solidarioa ez den ekintza bat da”.

IMko lehendakariak gogorarazi du sistema berria beharrezkoa dela hondakinak tratatu eta birziklatzeko, hondakinak bereiztean oso emaitza onak lortzea laguntzen duela, eta gai organikoak baliabide energetikoak eta nekazaritzarakoak lortzeko moduan tratatzeko bidea ematen duela, zuzenean zabortegira isurtzea ekidinda.

Hitzaldia amaitzeko, Campiónek nabarmendu du era berean dela garrantzitsua ingurumen-zentroa laster eraiki eta abian jartzea, frakzio desberdinetako edukiontzietara botatzen diren hondakinak tratatuko baitira bertan.

Edukiontziak elektronikoki irekitzea

Sistema ezartzeak berekin dakar gai organikoetarako edukiontzi marroia irekitzeko egungo giltza unibertsal eta izengabea ordeztea, eta gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako (hemendik aurrera estalki grisa izango dute) edukiontziak irekitzeko txartel elektronikoa edo mugikorrerako aplikazioa erabili behar izatea. Txartela eta app-a helbide bakoitzari lotuta egongo dira, eta erabileraren datuak erregistratzeko bidea emango dute, erabileraren datuak lortzeko xedearekin eta komunikazio-ekintza zehatzagoak eta eremu jakinetara bideratuak egin ahal izateko.

Gainera, gai organikoetarako edukiontziek eta gainerakoetarako edukiontziek pedala izango dute, errazago ireki ahal izateko. Txartelak edo aplikazioak ahalbidetuko du “organikoen” frakzioaren (marroia) eta “gainerakoen” frakzioaren (grisa) edukiontzi guztiak irekitzea asteko edozein egunetan.

Gogorarazi behar da sistema berrian sartzen doazen inguru guztietako edukiontziak txartelaren eta mugikorrerako aplikazioaren bidez ireki ahal izango direla.

Edukiontziak irekitzeko txartelak lortzea

IMko langileek emango dituzte txartelak: etxez etxeko bisitak egingo dituzte, eta etxebizitza bakoitzari bi emango dizkiote. Txartela eskatu nahi duen edozein pertsonak edo edozein gorabeheraren berri eman nahi duenak (txartela haustea edo galtzea) IMren webgunean dagoen formulario bat bete beharko du. Halaber, zeinahi zalantza argitzeko, 948 42 32 42 telefono-zenbakira deitu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 18:00etara.

Edukiontziak zabaltzeko txartel berriak zerbitzu anitzekoak izango dira, eta, beraz, Eskualdeko Hiri Garraiorako txartel izengabe moduan ere erabili ahal izango dira. Garraioko txartelak kargatzeko edozein gunetan eta “Recarga TUC” (EHGaren birkarga) aplikazioaren bidez kargatu ahal izango dira. Dena den, hondakinen txartel bakoitzean, lehenbiziko karga kargatzeko gune batean egin beharko da eta, hortaz, ez EHGaren birkargarako aplikazioaren bidez.

Beste alde batetik, nabarmendu behar da EHGko txartel pertsonalizatuak edukiontziak irekitzeko ere erabili ahal izango direla. Horretarako, txartelean funtzio hori aktibatzeko eskatu beharko da, IMren webgunean dagoen formulario bat beteta.

Ez bada erabiltzen mugikorretarako app-a, edukiontziak irekitze aldera, pizteko botoia sakatu beharko da, txartela sentsorera gerturatu eta, irekitzea desblokeatuta dagoenean, estalkia goratu ahal izango da, edukiontziaren pedala zapalduta.

Edukiontziak irekitzeko, mugikorrerako app-a lortzea

Gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako edukiontziak mugikorrerako aplikazio baten bidez ere ireki ahal izango dira. Horretarako, ‘SIGMA MCP’ aplikazioa deskargatu beharko da, Google Playn (Android) edo App Storen (IOS).

Kontua aktibatzeko, etxebizitza edo establezimendu bakoitzean jasoko den dokumentuan agertuko diren erabiltzailea eta pasahitza idatzi beharko dira. Kontua etxebizitza edo establezimendu bereko beste lau pertsonarekin ere partekatu ahal izango da, esteka bat edo QR kode bat partekatuz app-aren beraren bidez.

Edukiontzia mugikorrerako aplikazioaren bidez zabaltzeko, edukiontziaren QR kodea eskaneatu edo edukiontziaren sinboloa aukeratu beharko da mugikorraren pantailan, edukiontzitik metro eta erdi baino hurbilago egonda. Behin irekitzea desblokeatuta dagoenean, estalkia altxatu ahal izango da, edukiontziaren pedala zapalduta.

Informazioa eta txartelak banatzea

Hirugarren ezartze-faseak zenbait etapa izango ditu, gainezartzen joango direnak. Etapetako lehenak aste bateko iraupena izango du, eta bertan informazio-gutunak bidaliko dira. Gero, bi astean, txartelak eta aplikazioan sartzeko kodeak (edukiontzien kasuan) banatuko dira, etxebizitzetan eta establezimenduetan atez ateko bisitak eginez. Ondoren, beste bi astean, informazio-guneak egokituko dira esparruetan, atez ateko bisitetan txartelak eta kodeak hartu ez dituzten pertsonek haiek jasotzeko eta zalantzak argitzeko aukera izan dezaten. Bi ekintza horien bidez eman gabe gelditu diren txartelak (kalkulatzen da %20 izango direla) postontziz postontzi banatuko dira.

Sistema hedatzearen hirugarren fase hau azaroaren erdialdera bukatuko da, eta edukiontziak jarriko dira hauetan: Sanduzelai, Buztintxuri, Santa Engrazia eta Artika Berria (urriak 17), Arrotxapea auzoa (azaroak 2) eta Txantrea auzoa (azaroak 14).

Gainerako etapak izango dira, batetik, informatzaileak egotea edukiontzien guneetan eta, bestetik, gutunak bidaltzea gaikako bilketaren emaitzen berri emateko.

Kanpaina osoa gauzatu ahal izateko, 60 informatzaile baino gehiago ariko dira eta 7 lagun koordinaziorako, eta etxez etxeko bisitak egingo dituzte, arreta emango dute informazio-guneetan eta edukiontzien guneetan egongo dira.

Sistema-aldaketari buruzko informazio guztia, ezartzeko daten eta lekuen datu eguneratuak eta informazio-guneen kokalekuen eta ordutegienak Mankomunitatearen www.mcp.es webgunearen bidez eskuratu ahal dira.

2013an iritsi zen 5. edukiontzia

Iruñerrian, gai organikoen gaikako bilketa 2013an hasi zen. Urte hori eta 2016 artean Mankomunitateak 5. edukiontzia zabaldu zuela Iruñerri osoan, etxebizitzetan eta establezimenduetan jatorrian bereizitako gai organikoak botatzeko. Helburua zen, arrazoizko epe batean, sortutako guztiaren %50 lortzea. Edukiontziak giltzen bidez irekitzen ziren; gai organikoak bereiz biltzean parte hartzeko nahia adierazi zuten etxebizitzei eman zitzaizkien giltzen bidez, zehazki. Hala ere, bildu diren gai organikoen kantitatea oso urrun egon da beti hasiera batean aurreikusi zen helburutik. 2020an, sortutako gai organikoen %17 baino ez ziren bildu 5. edukiontziaren bidez.

Beste alde batetik, 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planak helburu hauek jarri zituen: gai organikoen kasuan, jatorrian bereiztea %50 2022an (desegoki botatako hondakinen %20ko muga gehigarri batekin) eta %70 2027an (desegoki botatako hondakinen %10eko muga gehigarri batekin).

Emaitzak lehen faseetan

Karakterizazio-azterlanetatik eta egindako pisaketetatik ondorioztatzen denez, edukiontziak irekitzeko sistema berria ezartzeak ekarri du, batetik, nabarmen emendatzea bildutako gai organikoen kantitatea eta, bestetik, gutxitzea gainerakoen frakzioa.

Proba pilotuaren eremuan ikusten da zuzen bota direla gai organikoen %48 (sistema berriaren aurretik %15 ziren), eta I. fasearen eremuan, %14tik %39ra igaro dira. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera hirukoiztu egin dela gai organikoak behar bezala bereiztea. Era berean, ikusten da gainerakoen frakzioa ia bi heren murriztu dela.

Adierazi behar da poltsak edukiontzitik kanpo uztea jardunbide orokortua dela, baita txartelak ezarrita ez dauden eremuetan edo paperaren, kartoiaren eta ontzien materialetan, sarraila elektronikoa duen irekitze-sistema ez dagoen lekuetan. Alabaina, sarraila elektronikoa ezarri ondoren, aurreneko asteetan, nabarmen areagotzen dira kalean utzitako poltsak (kasu batzuetan, hirukoiztu egiten da kopurua) eta gero, sistema egonkortzen denean, gutxitu egiten dira.

Hartara, azken astean, elektronikoki irekitzeko sistema berria zuten tokietan, 11,5 poltsa erregistratu ziren egunero 1.000 biztanleko, eta Iruñerriko gainerako tokietan 7,4 erregistratu ziren. Garrantzitsua da aipatzea sistema ezartzeko lehen fasearen eremuan (2021eko udazkenekoa) 8 poltsa utzi direla egunero edukiontzietatik kanpo 1.000 biztanleko, eta bigarren faseko eremuan (2022ko aurreneko seihilekokoa) kopuru hori 13,4ra igotzen dela. Horrenbestez, datuek ideia hau berresten dute: denborak aurrera egin ahala, praxi edo jardunbide oker hori zuzentzen doa.

 

Beste albiste batzuk

  • Iruñeko Planetarioan izango dira, urriaren 19an eta 20an. Eta horiek osatzeko, konpostajeari eskainitako beste bi jardunaldi egingo dira
  • IMk 5 milioi euro jasoko ditu NEXT GENERATION funtsetatik, inbertsio hau laguntzeko
  • 400 metroko luzerako hodi berri batek Munarrizko ur-biltegia Goñikoarekin konektatu du