Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/02/21

Edukiontziak elektronikoki zabaltzeko sistema hedatzearen bigarren faseari ekingo dio IMk

Martxoaren 28an Barañainen eta Ipar Etxabakoitzen ezarriko da eta Iruñeko zenbait eremutan jarraituko da hedatzen

Gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako edukiontziak elektronikoki zabaltzeko sistema hedatzearen bigarren fasea hasiko du Mankomunitateak martxoaren amaieran. Bi hilabetean, edukiontzi berriak ezartzea Barañainen (martxoak 28) eta Iruñeko hainbat eremutan egingo da: Ipar Etxabakoitz (martxoak 28), Hego Etxabakoitz, Ermitagaña, Mendebaldea, Yamaguchi eta Nafarroako Unibertsitatea (apirilak 19), Donibane (maiatzak 2), Iturrama (maiatzak 16), Abejeras, Azpilagaña, Milagrosa, Sadar, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Arrosadia dorrea (maiatzak 30).

Sistema berriaren hedatzearen bigarren fasea gaur goizean egin den prentsaurreko batean ezagutarazi da. Zehazki, prentsaurreko horretan, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campiónek, SCPSAko zuzendari kudeatzaile Alfonso Amorenak eta SCPSAko komunikazio-zuzendari Arturo Ruiz de Azagrak esku hartu dute. 

Gogoan izango denez, sistema berri hori hedatzen joan den urteko irailean hasi zen, eta Mendillorrira, Sarrigurenera, Zabalgunera, Belosora, Lezkairura, Erripagañara, Arrosadiara eta Mutiloara heldu zen. Hain zuzen, 35.000 txartel-pare banatu ziren, sistema berriaren barneko etxebizitzetan. Sistema aldatzearen xedea da hondakinetako gai organikoak jatorrian bereiztea edo gaika biltzea handitzea, sortzen diren hondakin guztien %34 baitira gai organikoak (50.300 tona, 2020ko 150.000 tonetatik). Era berean, asmoa da gainerako edukiontzietan, bereziki gainerakoen frakzioaren edukiontzian, desegoki botatzen diren hondakinen kantitateak murriztea. 

Bigarren etapa honetan, 45.000 etxebizitzatara eta 3.000 establezimendutara baino gehiagotara joango da IM. Behin amaituta sistema berria ezartzea, 2023aren erdialdera, 356.000 biztanleri emango zaie zerbitzua (herritarren %94), 350.000 txartel egongo dira banatuta, 175.000 etxebizitza eta saltokitan, eta 4.325 edukiontzi egongo dira ordeztuta.

Sistema ezartzeak berekin dakar gai organikoetarako edukiontzi marroia irekitzeko egungo giltza unibertsal eta izengabea ordeztea, eta gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako (hemendik aurrera estalki grisa izango dute) edukiontziak irekitzeko txartel elektronikoa edo mugikorrerako aplikazioa erabili behar izatea. Txartela eta app-a helbide bakoitzari lotuta egongo dira, eta erabileraren datuak erregistratzeko bidea emango dute, erabileraren datuak lortzeko xedearekin eta komunikazio-ekintza zehatzagoak eta eremu jakinetara bideratuak egin ahal izateko.

Gainera, gai organikoetarako edukiontziek eta gainerakoetarako edukiontziek pedala izango dute, errazago ireki ahal izateko. Txartelak edo aplikazioak ahalbidetuko du “organikoen” frakzioaren (marroia) eta “gainerakoen” frakzioaren (grisa) edukiontzi guztiak irekitzea asteko edozein egunetan.

Gogorarazi behar da sistema berrian sartzen doazen inguru guztietako edukiontziak txartelaren eta mugikorrerako aplikazioaren bidez ireki ahal izango direla.

Edukiontziak irekitzeko txartelak lortzea

IMko langileek emango dituzte txartelak: etxez etxeko bisitak egingo dituzte, eta etxebizitza bakoitzari bi emango dizkiote. Txartela eskatu nahi duen edozein pertsonak edo edozein gorabeheraren berri eman nahi duenak (txartela haustea edo galtzea) IMren webgunean dagoen formulario bat bete beharko du. Halaber, zeinahi zalantza argitzeko, 948 42 32 42 telefono-zenbakira deitu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 18:00etara.

Edukiontziak zabaltzeko txartel berriak zerbitzu anitzekoak izango dira, eta, beraz, Eskualdeko Hiri Garraiorako txartel izengabe moduan ere erabili ahal izango dira. Garraioko txartelak kargatzeko edozein gunetan eta “Recarga TUC” (EHGaren birkarga) aplikazioaren bidez kargatu ahal izango dira. Dena den, hondakinen txartel bakoitzean, lehenbiziko karga kargatzeko gune batean egin beharko da eta, hortaz, ez EHGaren birkargarako aplikazioaren bidez. 

Beste alde batetik, nabarmendu behar da EHGko txartel pertsonalizatuak edukiontziak irekitzeko ere erabili ahal izango direla. Horretarako, txartelean funtzio hori aktibatzeko eskatu beharko da, IMren webgunean dagoen formulario bat beteta.

Ez bada erabiltzen mugikorretarako app-a, edukiontziak irekitze aldera, pizteko botoia sakatu beharko da, txartela sentsorera gerturatu eta, irekitzea desblokeatuta dagoenean, estalkia goratu ahal izango da, edukiontziaren pedala zapalduta.

Edukiontziak irekitzeko, mugikorrerako app-a lortzea

Gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako edukiontziak mugikorrerako aplikazio baten bidez ere ireki ahal izango dira. Horretarako, ‘SIGMA MCP’ aplikazioa deskargatu beharko da, Google Playn (Android) edo App Storen (IOS). 

Kontua aktibatzeko, etxebizitza edo establezimendu bakoitzean jasoko den dokumentuan agertuko diren erabiltzailea eta pasahitza idatzi beharko dira. Kontua etxebizitza edo establezimendu bereko beste lau pertsonarekin ere partekatu ahal izango da, esteka bat edo QR kode bat partekatuz app-aren beraren bidez.

Edukiontzia mugikorrerako aplikazioaren bidez zabaltzeko, edukiontziaren QR kodea eskaneatu edo edukiontziaren sinboloa aukeratu beharko da mugikorraren pantailan, edukiontzitik metro eta erdi baino hurbilago egonda. Behin irekitzea desblokeatuta dagoenean, estalkia altxatu ahal izango da, edukiontziaren pedala zapalduta.

Informazioa eta txartelak banatzea

Bigarren ezartze-faseak zenbait etapa izango ditu, gainezartzen joango direnak. Etapetako lehenak aste bateko iraupena izango du, eta bertan informazio-gutunak bidaliko dira. Gero, bi astean, txartelak eta aplikazioan sartzeko kodeak (edukiontzien kasuan) banatuko dira, etxebizitzetan eta establezimenduetan atez ateko bisitak eginez. Ondoren, beste bi astean, informazio-guneak egokituko dira esparruetan, atez ateko bisitetan txartelak eta kodeak hartu ez dituzten pertsonek haiek jasotzeko eta zalantzak argitzeko aukera izan dezaten. Bi ekintza horien bidez eman gabe gelditu diren txartelak (kalkulatzen da %20 izango direla) postontziz postontzi banatuko dira.

Sistema hedatzearen bigarren fase hau maiatzaren amaieran bukatuko da, eta edukiontziak jarriko dira hauetan: Barañain eta Ipar Etxabakoitz (martxoak 28); Hego Etxabakoitz, Mendebaldea, Yamaguchi eta Nafarroako Unibertsitatea (apirilak 18); Donibane (maiatzak 2); Iturrama (maiatzak 16); Abejeras, Azpilagaña, Milagrosa, Sadar, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Arrosadia dorrea (maiatzak 30).

Gainerako etapak izango dira, batetik, informatzaileak egotea edukiontzien guneetan eta, bestetik, gutunak bidaltzea gaikako bilketaren emaitzen berri emateko.

Kanpaina osoa gauzatu ahal izateko, 50 eta 80 informatzaileren arteko taldea ariko da lanean, atez ateko bisitak egiteko, arreta emateko informazio-guneetan eta edukiontzien guneetan egoteko.

Sistema-aldaketari buruzko informazio guztia, ezartzeko daten eta lekuen datu eguneratuak eta informazio-guneen kokalekuen eta ordutegienak Mankomunitatearen www.mcp.es webgunearen bidez eskuratu ahal dira.

2013an iritsi zen 5. edukiontzia 

Iruñerrian, gai organikoen gaikako bilketa 2013an hasi zen. Urte hori eta 2016 artean Mankomunitateak 5. edukiontzia zabaldu zuela Iruñerri osoan, etxebizitzetan eta establezimenduetan jatorrian bereizitako gai organikoak botatzeko. Helburua zen, arrazoizko epe batean, sortutako guztiaren %50 lortzea. Edukiontziak giltzen bidez irekitzen ziren; gai organikoak bereiz biltzean parte hartzeko nahia adierazi zuten etxebizitzei eman zitzaizkien giltzen bidez, zehazki. Hala ere, bildu diren gai organikoen kantitatea oso urrun egon da beti hasiera batean aurreikusi zen helburutik. 2020an, sortutako gai organikoen %17 baino ez ziren bildu 5. edukiontziaren bidez.

Beste alde batetik, 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planak helburu hauek jarri zituen: gai organikoen kasuan, jatorrian bereiztea %50 2022an (desegoki botatako hondakinen %20ko muga gehigarri batekin) eta %70 2027an (desegoki botatako hondakinen %10ako muga gehigarri batekin).

2018: proba pilotua Azpilagañan eta Artika Berrian

Sistema eta emaitzak hobetzeko, zenbait herrialdetan erabiltzen dituzten metodoak aztertu ziren. Hain zuzen, herrialde horietan, Iruñerriaren ezaugarri soziodemografiko antzekoak dituzten hiri-inguruneetan, jatorrian frakzio organikoaren kantitate handiak gaika biltzea lortzeko erabili dituzten metodoak ikertu ziren. Zehazki, Italiako Brescia eta Imola hiriak, Belgikako Anberes, eta Esloveniako Ljubljana aztertu ziren, eta bai Sasietako Mankomunitatea ere Gipuzkoan. Kasu horiek ikertu ondotik, Iruñerriko bi eremu desberdinetan, Azpilagañan eta Artika Berrian, proba pilotu bat egitea erabaki zen, eta 2018an eman zitzaion hasiera. Txartel elektronikoaren bidez irekitzeko edukiontziak jarri ziren gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako, etxebizitza eta establezimendu bakoitzera lotuta eta irekitze-kopuruen erregistroarekin.  

Emaitzak onak izan ziren: txartelen sistema ezarri aurretik gai organikoen bilketak ez zuen %17a gainditzen; ezaugarritzeko azken azterlanaren arabera (2021eko martxokoa), ordea, %64a lortu zen Azpilagañan eta %43a Artika Berrian. Bi eremuen batezbestekoa %52 da, hortaz. Gainera, erregistratu da emendatu egin direla ontzien eta paperaren eta kartoiaren bilketa bereiziak, eta %50 murriztu dela gainerakoen frakzioaren pisua. Horrek esan nahi du, horrenbestez, tratatu gabeko hondakinen %50 gutxiago ari direla eramaten zabortegira. 

Proba gisako esperientzia honen emaitza onak ikusirik, eta sistema hau ezarrita duten gainerako hirien azterlanak kontuan hartuta, Mankomunitateak erabaki zuen sistema hau Iruñerriko hiri-eremu sendotu osora hedatzea, eta hedatze hori 2023an amaituko da.

2021: edukiontziak elektronikoki zabaltzea hedatzeko lehenbiziko fasea 

IMko lehendakariak azaldu duenez, edukiontziak irekitzeko sistema berria ezartzeak ekarri du nabarmen emendatzea bilketa gai organiko bereizietan, eta murriztu egin da gainerakoen frakzioarena. “Bilketako kamioiak pisatzetik abiatuta, lortzen dugu bereizitako gai organikoen kantitatea (edukiontzi marroikoa) ia laukoiztu egin dela (81.640 kg-tik 301.977 kg-ra igarota) eta gainerakoen frakzioarena ia heren bat murriztu dela”, zehaztu du Campiónek. “Txartela edo mugikorrerako aplikazioa erabiltzeko sistemaren aurretik ez genuen gainditzen %18a gai organikoen gaikako bilketan, eta orain %50etik gertu gaude sistema ezarri den lekuetan”. 

Gai organikoen gaikako bilketa emendatu izana edukiontzi bakoitzera botatako hondakinak ezaugarritzeko azterlanean (kalitatea) ere berresten da, ikusten baita frakzio guztietan handitu dela ongi botatako materialen bilketa.

“Emaitza horiek esan nahi dute aurreikusitakoaren arabera goazela aurrera egiten, sistemak lagundu egiten dituela lortu nahi diren emaitzak eta herritar gehienek ulertzen dutela iraunkortasunak den-denon aldetiko ahalegin indibiduala eskatzen duela”, adierazi du Campiónek. “Oihartzun handikoak izan dira sistemarekiko desadostasuna adierazi izan dutenen adierazpenak, baina emaitzek erakusten digute herritar gehienek mezua ulertzen dutela, zailtasunak hartzen dituztela beren gain eta Iruñerri iraunkor baten aldeko konpromisoa hartzen dutela”, gaineratu du. 

IMko lehendakariak aipamena egin dio bilketa pneumatikoari, ez baitu funtzionatu hilabete hauetan, abian jartzeko zain eman duen denboraren ondorioz gertatu diren arazo teknikoengatik. Era berean, gaizki sailkaturiko hondakinen presentzia aipatu du (dagokien edukiontzian botatzen ez diren materialak) eta poltsak edukiontzietatik kanpo uztea botata. Alderdi horiek guztiak hobetu behar dira. Puntu honetan, Campiónek hau nabarmendu du: “Herritarren eta administrazioen arteko elkarlana ezinbestekoa da geure buruari jartzen dizkiogun helburuak lortzeko. Garrantzitsua da hondakinak gaika ongi bereiztea, edukiontzi egokira botatzea eta ez uztea hondakinak kalean”.

Beste albiste batzuk

  • Gasez hornitzeko estazio berria ere martxan hasi da, EHGaren garajeetan kokatuta
  • Uztailaren 6tik 14ra, aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzua bertan behera geldituko da eta haren ordez L23 linearen luzapen bat egongo...
  • Isurpen guztietatik, %4 Uraren Ziklo Integralari dagozkio, %28 EHGari eta %68 hondakinen kudeaketari