
Bildutako beira- eta ontzi-kantitateak handitu egin ziren Iruñerrian apirilean
Joan den apirilean, eta aurreko urteko hilabete berbereko datuekin alderatuta, bildutako beira-kantitatea %27,06 handitu zen Iruñerrian (798 tona, eta 2019an 628). Bildutako ontzien kantitatea %15,41 handitu zen (864 tona, eta aurreko urtean 749). Bildutako hondakin berdeen kantitatea emendatu izana ere nabarmendu behar da, %16,06 (543 tona, eta aurreko urtean 468). Gai organikoei dagokienez, emaitza egonkor mantendu da, 771 tona bilduta, 2019ko kantitate bera.
Beste alde batetik, paperaren eta kartoiaren kantitatea murriztu izana aipatu behar da, %11,03 gutxitu baita (1.115 tona, eta 2019ko apirilean 1.253). ‘Gainerakoen’ frakzioan bildutako kantitatea ere murriztu da, %6,79ko beherakada erregistratuta (6.387 tona, eta aurreko urtean 6.852).
Garbiguneen kasuan, apirilaren 27an, astelehena, E. Leclerc eta Eroski hipermerkatuetako aparkalekuetako garbiguneak etxeko hondakin bereziak biltzeko zerbitzua ematen hasi ziren berriro, koronabirusaren krisiaren ondorioz martxoaren 16az geroztik jarduera bertan behera utzita baitzuten. Nahiz eta oraindik goiz den bisiten eta botatako hondakinen kopuruak emateko, ikusi da datuak alarma-egoera aurretik erregistratutakoen antzekoak direla, kontuan hartuta, gainera, irekiera-ordutegia egun zortzi ordukoa dela (11:00etatik 19:00etara, astelehenetik larunbatera), koronabirusaren krisiaren aurretiko hamabi orduko ordutegiaren aldean.
Gogora ekarri behar da apirilaren 27an bi garbigune finko horiek baino ez zituztela zabaldu euren ateak, supermerkatu handien jarduerari lotuta baitaude. Hori dela-eta, jarduerarik gabe jarraitzen dute bai Burlatako garbigune finkoak bai eta garbigune mugikor guztiek ere.
Azkenik, industrialdeetako bilketaren kasuan, adierazi behar da alarma-egoeran izan den jardun txikiagoak ekarri duela sortutako hondakinen kantitatea %39 gutxitu izana.
Ur-kontsumoa %4,3 murriztu zen apirilean
Iruñerriko ur-kontsumoari dagokionez, apirilean 1.986.752 metro kubokoa izan da, hau da, 2019ko aldi berberarekin alderatuta, %4,3 txikiagoa. Nabarmendu behar da erregistroak daudenetik apiril batean erregistratu den kontsumo txikiena dela.
Gainera, apirilaren 1a eta 13a artean –funtsezkoak ez diren jarduerak bertan behera utzi ziren aldi horretan– kontsumo-beherakada handiena izan zen: 2019ko apirilaren aldean, %10,2ko jaitsiera.
Lanegunetan, kontsumoa %8,6 gutxitu da, eta jaiegunetan eta asteburuetan, berriz, %4,2 emendatu da. Azaldu behar da asteko kontsumo-eredu normala dela lanegunetan kontsumo handiagoa izatea; konfinamenduan, ordea, kontsumoak asko berdindu dira asteko egun guztietan.
Beste alde batetik, nahiz eta jeneralean Aste Santua urteko kontsumo txikiena duen aldia izaten den, konfinamenduaren ondorioz, jaiegun horietan azken urteetako ur-kontsumo handiena izan da, zehazki, 2019ko Aste Santuko kontsumoa baino %11,2 handiagoa.
Eremuen araberako kontsumoa dela-eta, adierazi behar da apirilean kontsumo-beherakada handienak industria-eremuetan izan direla, eta bai ostalaritzako jarduera duten aldeetan ere, besteak beste, Iruñeko Alde Zaharrean eta Zabalgunean. Beste auzo edo udalerri batzuetan, aldiz, kontsumoa handitu egin da, adibidez, Txantrean, Sarrigurenen, Barañainen eta Zizur Nagusian, nagusiki etxebizitzetakoa den kontsumo-eredu bat baitute.
Beste albiste batzuk
- Lurzatiak Agustindarren industrialdean daude, eta bien artean 44.340 metro koadro hartzen dituzte
- Margolan hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Margolan hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean