Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/05/13

Bihar, osteguna, berriro hasiko da IMk Elikagaien Bankurako egiten duen bilketa

2019an, 422 tona elikagai bildu ziren Iruñerriko 64 establezimendutan

Bihar, osteguna, konfinamendua arintzeko plana dela-eta, berriro hasiko da Mankomunitateak Nafarroako Elikagaien Bankurako egiten duen bilketa, koronabirusa kutsatzeko arriskuaren aurrean prebentzio-neurri moduan martxoaren 14an bertan behera utzi ondoren.

2010az geroztik, Iruñerriko Mankomunitatea egunero joaten da supermerkatuetara, saltoki handietara eta jan-edanen establezimenduetara, kontsumorako egokiak izanik iraungitze-data hurbil duten edo ontzi akastunetan dauden elikagai freskoak biltzeko. Bilketa martxan jarri aurretik, produktu horiek salmentatik kentzen ziren, edukiontzietara botatzen ziren eta, horrenbestez, hondakin bihurtzen ziren.

2019an, 422 tona elikagai jaso ziren Iruñerriko banaketa-arloko 17 enpresatako 64 establezimendutan. Zerbitzua egunero egiten dute Elkarkideko lau pertsonak (gizarte-ekimeneko enpresa, irabazteko asmorik gabea, desgaitasuna duten eta gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonen integrazio soziolaboralean aritzen dena), IMk kontratua baitu enpresa horrekin. Bilketa egin ahal izateko, erakunde erkidetuak bi ibilgailu isotermo jartzen ditu Elkarkidek erabiltzeko.

Zerbitzu honi esker, bilketa egiten den egun bakoitzean batez beste elikagai freskoen 1.700 kilogramo ematen zaizkio Elikagaien Bankuari, gehien behar duten familietara irits daitezen. Zehazki, Nafarroako Elikagaien Bankuak 170 gizarte-erakundetan banatzen ditu elikagaiak, eta, haiek, era berean, arreta ematen dieten 20.000 pertsonari baino gehiagori helarazten dizkiete.

Gogora ekarri behar da Nafarroako Elikagaien Bankurako egiten den eguneroko bilketa, Nafarroako Gobernuak antolatutako Toki Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokien Sariketaren barnean, hiru jardunbide onenetakotzat hautatu zela 2014an. Handik urte batera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak elikadura- eta iraunkortasun-arloko jardunbide nabarmenenetako bat gisa hautatu zuen. 

Beste albiste batzuk

  • 2017az geroztik dauden 97ei batuko zaizkie, eta, beraz, 192 edukiontzi egongo dira 72 herri eta auzotan
  • Bihartik aurrera larunbatetako eskaintza handituko da, eta astelehenetik aurrera, lanegunetakoa
  • Konfinamendua arintzeko plana dela-eta, estanko batzuetako ordutegietan aldaketak egin dira