Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2013/10/14

Azaroaren 11n gai organikoen gaikako bilketa hasiko da Barañainen, 5. edukiontziaren bidez

Esperientzia honetan parte hartzea borondatezkoa da eta helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe.

Azaroaren 11n hasiko da bosgarren edukiontziaren bidez (edukiontzi marroia) gai organikoak gaika biltzeko esperientzia pilotua, Barañainen. Esperientzia honen helburua izango da informazioa eta irizpideak eskuratzea, Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan gai organikoen bilketa bereizia abian jartzeko behin betiko proiektua idazteko.

Biltzeko sistema berri honetan parte hartzea borondatezkoa izango da eta xedea hau: kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi berri horren izena “Gai organikoak” izango da, eta proiektuan parte hartuko duten herritarrek baino ezingo dute ireki, giltza bat beharko baita. 

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota beharko da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jarriko du. 

“Gai organikoen” edukiontzi berriak eta “Gainerakoak” botatzekoak Barañaingo bilketa gune guztietan egongo dira, industrialdean izan ezik.

INFORMAZIO GUNEA, MERKATAL HIRIBIDEAREN 4.EAN

Kanpaina aurkezteko ekitaldia gaur goizean egin da, eta bertan José Muñoz Mankomunitateko lehendakariak adierazi du “gai organikoak zehaztasunez bereizteko, bilketa berriak eskatzen du herritar konprometituak egotea”. Hori dela-eta, edukiontzi berri horiek irekitzeko giltza bat beharko da. Hain zuzen, aurretik gai organikoak bereiztea euren etxebizitzetan eta eguneroko bizimoduan sartzeko asmoa adierazi duten familiei emango zaie giltza hori. 

Izena emateko eta argibideak eskuratzeko hainbat bide jarri dira barañaindarren esku: Mankomunitateak herritarrei arreta egiteko daukan telefonoa (948 42 32 42), www.mcp.es webgunea, Barañaingo Merkatal Hiribidearen 4.ean egokitu den informazio gunea eta beste gune mugikor bat. Gune mugikor hori herriko hainbat tokitan egongo da lau astean. Horrez gain, ezkaratz guztietan kartelak jarriko dira, eta, hartara, izena eman nahi dutenek solairua eta atea besterik ez dute idatzi beharko.

Izena eman eta handik egun batzuetara, teknikari batek bisita egingo die herritarrei. Informazioa emateko materiala, edukiontzia irekitzeko behar den giltza eta berariazko ontzi bat emango die. Gainera, Mankomunitateak gutun bat bidali du Barañaingo etxebizitza guztietara, xehetasun horiek guztiak zehazteko.

Muñozek esan duenaren arabera, behin igarotzen direnenean kanpainaren argibideak emateko eta birziklatzeko konpromisoa hartu nahi duten herritarrak erakartzeko lau aste horiek, “azaroaren 11n, egunsentian, Barañainen 78 edukiontzi berri egongo dira: zaborrak biltzeko egun dauden guneetako bakoitzean bat. Horrenbestez, Iruñerrian 5. edukiontzia erabiltzen hasteko lehen fasea abiaraziko da”.

Kanpaina aurkezteko ekitaldian, gainera, Barañaingo alkate José Antonio Mendivek esku hartu du, eta gogorarazi du ingurumena beti egon dela sakon errotua herriarekin eta, hortaz, harrera ona egin diotela ekimen honi. Zehaztu du, era berean, edukiontzi berriak jartzearen ondorioz ez dela aparkaleku bakar bat ere kenduko, eta barañaindarrak animatu ditu Iruñerrian zabaltzen denean erreferentzia izango den esperientzia honetan parte hartzera.

GAI ORGANIKOEN TRATAMENDUA

Iruñerrian bildutako gai organikoak Caparrosoko HTN Biogas plantara bideratuko dira, han tratatzeko. Planta horretan gai organikoak biometanizazio prozesu batera bideratuko dira, eta, ondorioz, frakzio solidoa edo digestatoa lortuko da, nekazaritzan kalitate oneko ongarri gisa erabiltzeko. Horrez gain, prozesuan biogasa baliatzen da, beroa sortzeko (prozesuan berriro erabiliko da) eta elektrizitatea (banaketa sareari salduko zaio).

 

Irudian, ezkerretik eskuinera, Carmen Lainez, Iruñerriko Mankomunitateko Hondakinen saileko zuzendaria, José Antonio Mendive, Barañaingo alkatea, José Muñoz, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, eta Arturo Ruiz de Azagra, Erakundeko Komunikazio zuzendaria.

 

Beste albiste batzuk

  • Mantentzeko eta garbitzeko premiazko zereginen ardura izaten jarraitzen du IMk.
  • Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte har zezaketen lehiaketan
  • Azpiegiturak milioi bat euroko aurrekontua izan du, eta NILSA sozietate publikoak finantzatu du