Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/05/29

Astelehenetik aurrera, ekainak 1, berriz hasiko da garbigune mugikor guztien bilketa-zerbitzua

IMk eskatu du zerbitzu hori erabiltzeko, E. Leclerc eta Eroskiko garbigune finkoen lana arintzeko

Hurrengo astelehenetik aurrera, ekainak 1, konfinamendua arintzeko plana dela-eta, berriz hasiko da etxeko hondakin bereziak biltzeko Iruñerrian garbigune mugikor guztiek ematen duten bilketa-zerbitzua.

Gogoan izango denez, hilaren 17an, igandea, astean zehar izaten diren hamar udal-azoketan arreta ematen duten garbigune mugikorren zerbitzua jarri zen berriro martxan. Orain, ekainaren 1etik aurrera, astelehena, garbigune mugikor guztien zerbitzua normaltasunez emango da, eta astelehenetik igandera beren ohiko 37 kokalekuetara joango dira Iruñerriko 15 udalerritan. Kokaleku horien gaineko informazioa lotura honetan eta informazio-eskupaper honetan kontsultatu ahal da.

Garbigune mugikorren bilketa-zerbitzua apirilaren 27az geroztik E. Leclerc eta Eroskiko garbigune finkoek ematen dutenari gehituko zaio. Adierazi behar da bi garbigune horiek jardunari heldu ziotela berriz, 11:00 eta 19:00 arteko ordutegian, supermerkatu handien jarduerari lotuta egoteagatik. Hori dela-eta, Burlatako garbigune finkoa itxita dago oraindik.

Mankomunitateak eskatu nahi die Iruñerriko herritarrei garbigune mugikorren bilketa-zerbitzua erabiltzeko, egun hauetan E. Leclerc eta Eroskiko garbigune finkoen lana arintzeko.

Zer eraman daiteke garbigune mugikorretara?

Etxebizitzetan sortzen diren hondakin bereziak gaika jasotzen dira garbigune mugikorretan. Zehazki, produktu hauek eraman daitezke haietara:

  • Margo-produktuak: margo-tuboak eta -poteak, disolbatzaileak, desugertzaileak.

  • Automobilen produktuak: olioak, bateriak, iragazkiak, izotz-kontrakoak eta beste fluido batzuk.

  • Beste produktu berezi batzuk: fluoreszenteak, olio erabiliak, pilak, aerosolak, argizariak, bernizak eta garbiketako beste produktu batzuk.

  • Etxeko beste hondakin batzuk: etxetresna elektriko txikiak, arropa, zura, jostailuak…

230.000 bisita baino gehiago 2019an

2019an, garbigune guztietan (finkoak eta mugikorrak) 231.730 bisita izan ziren, aurreko urteko kopuruekin alderatuta, %5,63 gehiago. Botatze-kopuruari dagokionez, 464.912 izan ziren, hau da, %12,79 gehiago.

Garrantzitsua da gogora ekartzea tamaina handikoak ez direla biltzen garbiguneetan. Hain zuzen, 948 302 898 telefono-zenbakira deituta eska daiteke biltzeko. Nahiz eta alarma-egoera izendatu zenean etxez etxe tamaina handikoak biltzeko zerbitzua bertan behera gelditu zen, eskaerei arreta ematen jarraitzen da, ahal denean egin dadin bilketa.

Beste albiste batzuk