Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/02/03

Aldaketak, gai organikoen eta hondakin berdeen kudeaketan, landa-eremuan

IM ‘2030ean, karbonoari dagokionez, neutroa’ izateko estrategia energetikoan sartzen dira ekintzak

Iruñerriko Mankomunitateak gaur goizean iragarri ditu landa-eremuko herrietan, 200 biztanletik beherakoetan, sortutako gai organikoen eta hondakin berdeen kudeaketan egin behar dituen aldaketak. 

Iragarri dituen bi aldaketak hurrengo hilabeteetan gauzatuko dira, eta 212 biztanleguneri eragingo diete, guztira 13.414 biztanle hartuz. Zehazki, aldaketa horiek izango dira etxeko eta auzoko konpostajea hedatzea, eta herri horietan hondakin berdeetarako edukiontziak kentzea. Bi ekintza horiek ahalbidetuko dute hondakin horiek garraiatu behar izatea ekiditea, eta, hortaz, horrek ekarriko du energia aurreztea, CO2 gasen isurpenak gutxitzea eta in situ edo bertan aprobetxatzea bai konposta bai hondakin berdeak, baratzeetan eta berdeguneetan. Era berean, kudeaketa horrek aukerak eskainiko dizkie herritarrei sortzen diren frakzio guztiak bereizteko, sortzen diren gai organikoen %100 tratatzeko azken helburua izanda.

Aldaketak iragartzeko ekitaldia Taxoareko auzoko konpostajerako gunean egin da, eta bertan izan dira IMko lehendakaria, David Campión, Aranguren Ibarreko Udaleko zinegotzia, Tere Ramos, eta Taxoareko Kontzejuko lehendakaria, Miguel Fernández.

Konpostajea, landa-eremuetan

Landa-eremuan, gai organikoen kudeaketa osorik jatorrian konposta egitearen bidez egin beharko da. 2006. urteaz geroztik, etxeko eta auzoko konpostajea egitea sustatzen ari da Iruñerriko Mankomunitatea, materialak emanez, aholkularitza eta etxean konposta egin ahal izateko beharrezkoa den prestakuntza. Izan ere, jardunbide hau onuragarria da ingurumenerako, hondakinak lekualdatzea ekiditen baitu, baina baita landa-arloko herritarrentzat ere, egindako konposta erabiltzean baratzeen eta lorategien emankortasuna hobetzea ekartzen baitu. 

Etxean konposta egiteko sisteman parte hartzen ez duten etxebizitzek konpost-ontzi bat eskatu ahal izango diote Mankomunitateari. Eta etxeko konpostajean parte hartu ezin duen etxebizitzaren bat duten udalerrietan, herriko gainerako edukiontzien ondoan, denek erabiltzeko konpost-ontzi bat kokatuko da, eta hartara bota beharko dituzte bereiz bildutako hondakin organikoak. Hala, udalerri horietan bizi diren pertsona guztiek edukiko dute gai organikoak bereiz biltzeko eta tratatzeko konponbide bat.

Hondakin berdeak metatzeko eta birrintzeko guneak

Inauste-lanetako, baratzeko eta lorategiko hondakinetarako, orain arte udalerri askok hondakin berdeetarako edukiontziak zituzten, eta IMk aldian behin husten zuen edukiontzi horien edukia. Hurrengo hilabeteetan, edukiontzi horiek kendu egingo dira eta, haien ordez, hondakin berdeak metatzeko eta birrintzeko guneak sortuko dira. Inauste-hondakinak etxean kudeatu ezin dituzten pertsonek gune horietara eraman ahal izango dituzte. Gero, Mankomunitateko langileak haietara joango dira, birrintze-lanak egiteko. Material birrindua herritarren eskura geldituko da, etxeko konpost-ontzietan, auzokoetan edo herriko berdeguneetan erabiltzeko. 

Edonola ere, Mankomunitateari eskatu ahal izango zaio inauste-lanetako eta lorezaintzako hondakinak behin-behineko edukiontzian biltzeko zerbitzua, eta zerbitzu horrek 100 euroko kostua izango du bidaia bakoitzeko (gehi BEZa).  

IMk informazio-gutunak bidali ditu ukitutako udalerri guztietara eta bai, beharrezkoa den kasuetan, hondakin berdeak metatzeko eta birrintzeko guneak kokatzeko leku aproposenak erabakitzeko eskatzeko ere. Laster, Mankomunitateko langile teknikoak udal bakoitzarekin harremanetan jarriko dira, neurri hauekin lotutako xehetasun guztiak zehazteko. 

Nabarmendu behar da gai organikoei eta konpostari gero eta balio handiagoa emango zaiela, ez bakarrik ingurumen-gaiengatik, baizik eta bai ekonomikoengatik ere. Adierazle on bat ongarri kimikoetan dago, haien prezioa bikoiztu egin baita urte bakar batean, energia fosilen iturrien mendekoak izatean. Hori dela-eta, landa-arloko herrietan izan behar dute ekonomia zirkularrak duen garrantziaren jakitunago. 

Neutraltasuna, karbonoari dagokionez, 2030ean

Iragarri diren bi ekintza horiek 2030ean, karbonoari dagokionez, IMk erakunde neutroa izatea lortzeko daukan estrategia energetikoaren barnean daude. Helburuak, zehazki, landa-eremuan hondakinak lekualdatzetik eratorritako CO2 isurpenak murriztea eta sortutako hondakin organikoen %100aren autokonpostajea lortzea dira, %85eko partaidetzarekin. 

Gogora ekarri behar da duela urte bat, 2021eko otsailean, IMk ‘Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia’ onartu zuela. Estrategia horrek 2030ean, karbonoari dagokionez, neutraltasuna lortzearen alde egiten du, Europako helburua lortzean 20 urtez aurreratuta.

Mankomunitateak eta bera kudeatzeko SCPSA sozietateak hainbat ekimen jarri dituzte martxan, karbono-aztarna murrizteko. Haien artean, garrantzitsuenak dira hondakinen arloko ekintzak, hondakinetako gai organikoak 5. edukiontziaren eta etxeko eta auzoko konpostajearen bidez bereiz biltzea, eta bai hondakinak tratatzeko Iruñerriko ingurumen-zentro berriaren proiektua ere.
 

Beste albiste batzuk