Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2021/11/15

Abian jarri da bilketa pneumatikoa Erripagañan, Lezkairun, Arrosadian eta Mutiloartean

Gaur martxan jarri dira bilketa pneumatikorako bi zentral, Lezkairun eta Erripagañan

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateak abian jarri du bilketa pneumatikoa Erripagañan, Lezkairun, Arrosadian eta Mutiloartean. Hartara, sistema horri esker, eremu horietan bizi diren herritarrek hiru mota hauetako materialak jasotzeko buzoi berezituetan bota ditzakete etxeko hondakinak: ontziak, gai organikoak eta gainerakoak.

Hodi bertikalek balbulen sistema bat dute, ontzia husteko erabiltzen dena, eta, hartara, buzoietara botatako hondakinen poltsak herrestan eramaten ditu aire-korronte indartsu batek, batez beste 70-75 kilometro orduko abiaduran. Lurpeko galerien bidez, korronte horrek bilketa pneumatikorako zentraleraino garraiatzen ditu poltsak. Bidaia hori segundo batzuetakoa izan daiteke, hondakinak bota diren gunea gertu badago, edo, gehienez, bi minutukoa, gunea urrunago badago. Gero, zentralean, hondakinak trinkotu egiten dira, tratamendu- eta berreskuratze-zentroetara bideratu aurretik.

Sistema abian jartzearen aurkezpena gaur egin da, Lezkairuko Bilketa Pneumatikoarako Zentralean, non jada Lezkairuko, Arrosadiko eta Mutiloarteko hondakinak biltzen diren. Guztira, 22.650 herritarri ematen zaie zerbitzua, 9.110 etxebizitzatan. Hiru eremu horietan, bilketarako 102 gune daude, eta haietan, 306 buzoi. Lurpeko hodien 7.000 metro ditu sistemak, zehazki.

Era berean, gaur goizaz geroztik, Erripagañako Bilketa Zentralean auzo horretako hondakinak biltzen dira. Kasu honetan, 13.100 biztanleri ematen zaie zerbitzua, 5.270 etxebizitzatan. Guztira, bilketarako 77 puntu daude Erripagañan, eta haietan, 231 buzoi. Lurpeko hodien 6.100 metro ditu sistemak.

Lezkairuko Bilketa Zentralean egin den ekitaldian, Mankomunitateko lehendakariak, David Campiónek, parte hartu du. Haren ondoan Aranguren Ibarreko alkatea, Manuel Romero, Uharteko alkatea Edorta Beltzunegi, Iruñeko zinegotzia Xabier Sagardoy eta Iruñeko zinegotzia eta Mankomunitateko lehendakari ordea, Maite Esporrín, egon dira . Aldi berean, azalpen teknikoak SCPSAko Hondakinen saileko zuzendariak, Carmen Lainezek, eta SCPSAko hondakinen bilketarako buruak, Ángel Álvarezek, eman dituzte.

Bilketa pneumatikoaren bidez, auzoek kalitate estetikoa eta ingurumenekoa irabazten dute, toki gehiago dago heietan eta zarata gutxiago. Gaur goizeko ekitaldian gogora ekarri da, edonola ere, sistema berri honekin funtsezkoa izaten jarraitzen duela hondakinak bereizteak eta ongi botatzeak, bai etxebizitzetako hondakinak eta bai merkataritzako establezimenduetakoak ere. Izan ere, horren mende dago ingurunea garbi egotea, sistemak ongi funtzionatzea eta baliabideak aprobetxatu ahal izatea.

 

Txartel bidez irekitzeko sistema

Joan den irailean Iruñerriko hiri-eremu osoan edukiontziak elektronikoki zabaltzeko sistema hedatzen hasi izanaren barnean dago auzo horietan bilketa pneumatikorako sistema abian jartzea. Elektronikoki irekitzeko sistema berria Mendillorrin eta Sarrigurenen hasi zen hedatzen (urriaren 18tik aurrera), Zabalgunean eta Beloson (azaroaren 1etik aurrera), eta gaurtik aurrera Erripagañan, Lezkairun, Arrosadian eta Mutiloartean. 2023aren erdi aldera arte, Iruñeko beste auzo batzuetan eta Iruñerriko beste udalerri batzuetan zabaltzen joango da. Prozesuaren amaieran, 350.000 txartel egongo dira banatuta, 175.000 etxebizitza eta establezimendutan, eta 4.325 edukiontzi egongo dira ordeztuta.

Jakina denez, sistema horrek berekin dakar gai organikoetarako edukiontzi marroia eta gainerakoen frakziorako edukiontzia (hemendik aurrera esktalki grisa edukiko du) txartel elektroniko batekin edo mugikorrerako aplikazio batekin ireki behar izatea. Txartela eta app-a helbide bakoitzari lotuta daude, eta, hartara, haien erabileraren datuak erregistratu ahal dira, komunikazio-ekintza zehatzagoak eta gune jakinetara bideratutakoak egin ahal izateko helburuarekin. Bilketa pneumatikorako buzoien kasuan (gai organikoetarakoak eta gainerakoen frakziorakoak), oraingoz, txartel bidez baino ezin izango dira zabaldu. Horretarako, nahikoa izango da txartela buzoiaren atearen ondoan dagoen sentsorera hurbiltzea.

Edukiontziak irekitzeko sistema aldatzearen xedea da hondakinetako gai organikoak jatorrian gaika bereiztea emendatzea, sortzen diren hondakinen %34 baitira mota horretakoak (50.300 tona, 2020an sortu ziren 150.000 tonetatik). Beste edukiontzietara oker botatzen diren hondakinen kopurua ere murriztu nahi da, bereziki gainerakoen frakziorako edukiontzira botatzen direnena.

 

Buzoiak irekitzeko txartelak lortzea

IMko langileak aritu dira txartelak ematen, eta, hartara, etxez etxeko bisitetan edo bi eremuetan kokatutako informazio-guneen bidez, bi txartel banatu dituzte helbide bakoitzerako. Txartela eskatu nahi duen edo gertakariren baten berri eman nahi duen edonork (txartela hautsi edo galdu egin dela) Mankomunitatearen webgunean dagoen formularioa bete beharko du. Halaber, zeinahi zalantza argitzeko, 948 42 32 42 telefono-zenbakira deitu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 18:00etara.

Edukiontziak zabaltzeko txartel berriak zerbitzu anitzekoak izango dira, eta, beraz, Eskualdeko Hiri Garraiorako txartel izengabe moduan ere erabili ahal izango dira. Garraioko txartelak kargatzeko edozein gunetan eta “Recarga TUC” (EHGaren birkarga) aplikazioaren bidez kargatu ahal izango dira. Dena den, hondakinen txartel bakoitzean, lehenbiziko karga kargatzeko gune batean egin beharko da eta, hortaz, ez EHGaren birkargarako aplikazioaren bidez. 

Beste alde batetik, nabarmendu behar da EHGko txartel pertsonalizatuak edukiontziak irekitzeko ere erabili ahal izango direla. Horretarako, txartelean funtzio hori aktibatzeko eskatu beharko da webgunearen bidez.

Alde Zaharrean abian jarri eta hamar urtera

Gaur inauguratu den bilketa pneumatikoa sistema berbera Iruñeko Alde Zaharrean jarri eta handik hamar urtera iritsi da. Zehazki, Alde Zaharrean, bilketa pneumatikoa 2011ko otsailaren 11n jarri zen abian. Bilketarako 35 gune ditu, 123 buzoi eta 6,5 kilometroko bilketa-sarea, Trinitarioetako bilketa-zentralarekin konektatzen dena. Laster beste gune bat izango du sistema horrek, San Frantzisko plazan, Ansoleaga kalearen 26aren parean, kokatzen ari baitira.

 

Bisitak eta ate irekien jardunaldia

Aurreko larunbatean Erripagañan egin zen moduan, heldu den larunbatean, azaroak 20, 10:00etatik 13:30era, bisita gidatua egingo da Lezkairuko Bilketa Zentralera eta Gongorako Tratamendu Zentrora, bilketa-sistema berri hau bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko interesa duten pertsona guztientzat.  Beste alde batetik, larunbatean bertan, 11:00etatik 14:00etara, ate irekien jardunaldia egingo da Lezkairuko zentralean. Bi jarduera horietan parte hartzeko, izena eman behar da, Mankomunitatearen webguneko ‘Jarduerak’ atalean: www.mcp.es.

Beste albiste batzuk