Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2021/12/20

Abian da Iruñeko San Frantzisko plazan bilketa pneumatikorako gune berria

Duela hamar urte martxan jarri zen Alde Zaharreko bilketa-sareari batu zaio

Heldu den abenduaren 22an, asteazkena, abian jarriko da Iruñeko San Frantzisko plazako bilketa pneumatikorako gune berria, Florencio de Ansoleaga kalearen 26.aren parean.  

Bilketarako gune horrek buzoiak eta edukiontziak edukiko ditu, hondakin-mota desberdinak zuzen botatzea errazteko. Hartara, gainerakoen frakzioko hondakinak, papera eta ontziak kalean kokatutako buzoietara botako dira; gai organikoak haien ondoan egongo den buzoi batera botako dira, baina giltzaz ireki beharrekoa izango denera; eta beira eta ehun-materialak dagozkien edukiontzietara botatzen jarraituko da.

Edonola ere, bi sistemen arteko trantsizioa errazte aldera, edukiontzi zaharrak erabilgarri egongo dira Eguberrietan eta urtarrilaren 7a arte, ostirala, eta egun horretan kendu egingo dira behin betiko.

Ekoizle handiek, adibidez, saltokiek, ostalaritzako establezimenduek eta elkarteek, txartel bat edukiko dute, berariazko konporta bat zabaltzeko eta, hartara, beren hondakinak ontzien eta gainerakoen frakzioaren buzoietan botatzea errazteko.

Beste alde batetik, lokar hauek kartoia, beira eta gai organikoak atez ate biltzeko derrigorrezko, eguneroko eta doako zerbitzua erabilgarri edukitzen jarraituko dute.

Gogoan izan behar da edukiontziak eta buzoiak txartelaren bidez irekitzeko udazken honetan Iruñerrian hedatzen hasi den sistema berria Iruñeko Alde Zaharrera 2023ko udaberrian iristea aurreikusita dagoela. Horrenbestez, orain abiarazi den hobekuntza aldi baterako neurria da, beharrezkoa izango dena Europako legeriak eta Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Planak jasotzen dituen berreskuratze-helburuak lortzeko.

Zerbitzu berri horri esker, toki gehiago egongo da bide publikoan, bilketa-kamioien zarata ezabatuko da, eta inguru horrek segurtasun eta kalitate estetiko handiagoa izango du.

 

Bilketa pneumatikoa, Iruñeko Alde Zaharrean

San Frantzisko plazako gune berri hau Iruñeko Alde Zaharreko bilketa pneumatikoari batuko zaio. Bilketa hori duela hamar urte hasi zen, eta bilketarako 35 gune ditu, 123 buzoi eta 6,5 kilometroko bilketa-sarea, Trinitarioetako bilketa-zentralera konektatuta dagoena.

 

Bilketa pneumatikoa, Iruñerrian

Azaroaren 15ean, bilketa pneumatikoa abian jarri zen Lezkairun, Arrosadian, Erripagañan eta Mutiloartean, eta sistema horrek 35.750 biztanleri emango die zerbitzua, 14.380 etxebizitzatan. Toki horietan, bilketarako 179 gune kokatu dira, 537 buzoirekin. Sistemak lurpeko hodien 13.100 metro ditu.

Joan den irailean Iruñerriko hiri-eremu osoan edukiontziak elektronikoki zabaltzeko sistema hedatzen hasi izanaren barnean dago auzo horietan bilketa pneumatikorako sistema abian jartzea. Elektronikoki irekitzeko sistema berria Mendillorrin eta Sarrigurenen hasi zen hedatzen (urriaren 18tik aurrera), Zabalgunean eta Beloson (azaroaren 1etik aurrera). 2023aren erdi aldera arte, Iruñeko beste auzo batzuetan eta Iruñerriko beste udalerri batzuetan zabaltzen joango da. Prozesuaren amaieran, 350.000 txartel egongo dira banatuta, 175.000 etxebizitza eta establezimendutan, eta 4.325 edukiontzi egongo dira ordeztuta.

Edukiontziak irekitzeko sistema aldatzearen xedea da hondakinetako gai organikoak jatorrian gaika bereiztea emendatzea, sortzen diren hondakinen %34 baitira mota horretakoak (50.300 tona, 2020an sortu ziren 150.000 tonetatik). Beste edukiontzietara oker botatzen diren hondakinen kopurua ere murriztu nahi da, bereziki gainerakoen frakziorako edukiontzira botatzen direnena.

 

 

 

 

 

Beste albiste batzuk