Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/06/05

95 edukiontzi gehiago, arropa, oinetakoak eta ehun-materiala botatzeko Iruñerrian

2017az geroztik dauden 97ei batuko zaizkie, eta, beraz, 192 edukiontzi egongo dira 72 herri eta auzotan

Hurrengo asteartean eta asteazkenean, ekainak 9 eta 10, Mankomunitateak 95 edukiontzi gehiago kokatuko ditu arropa, oinetakoak eta ehun-materiala biltzeko Iruñerriko 14 herritan eta Iruñeko 17 auzotan. Edukiontzi horiek (ikusi honekin batera doan zerrenda) 2017ko abuztuaz geroztik dauden 97ei gehituko zaizkie, eta, beraz, guztira, 192 edukiontzi egongo dira 72 herritan.

Edukiontzi hauekin egiten den bilketak garbiguneetan egiten dena eta Emausko Trapuketariek Mankomunitaterako 1990az geroztik egiten duten atez ateko bilketa osatzen du. Nabarmendu behar da azken urteetan hazkunde nabarmena erregistratu dela bildutako ehun- eta oinetako-kantitatean. Kaleetan edukiontzi hauek kokatu ondoren, egiaztatu da material horien %50 arte edukiontzi berrietara botatzen direla. Hori dela-eta, eta hondakinak bildu eta bereiztea errazteko helburua izanda, Mankomunitateak zerbitzu hau indartzea erabaki du.

Arropa, oinetakoak eta ehun-materiala biltzeko dauden edukiontzi guztien zerrenda eta kokaleku eguneratuak Mankomunitatearen webgunean kontsultatu ahal dira, “Nora botako dut?” orrialdean, dagokion atalean.

Edukiontziak kokatuko diren herri guztietako udal eta ikastetxeei informazio-materiala bidali die Mankomunitateak, bilketa honi dagokion informazioari zabalkundea eman diezaioten.

1.275 TONA ARROPA BILDUTA 2019AN

2017an kokatu ziren edukiontziek bezala, orain jarriko direnek 3.000 litroko edukiera dute eta aurretik kargatzeko ate bat, fuksia koloreko identifikagarria eta lapurreten kontrako sistema, materiala ateratzea eragozteko. Unitate bakoitzak 699 euroko kostua du, eta, horrenbestez, edukiontzi guztiak kokatzeak 66.405 euro balioko du (gehi BEZa). Orain arte bezala, Emausko Trapuketariak arduratuko dira edukiontzi hauetara botatako materiala jasotzeaz.

2019an, 1.275 tona arropa, oinetako eta ehun-material erabili bildu ziren, eta haietatik 688 tona Iruñerrian kokatuta zeuden 97 edukiontzietan jaso ziren. Arropa eta oinetakoak bildu eta gero, trapuketariek ongi dagoen materiala hautatu egiten dute, bigarren eskuko salmentarako erabiltzeko beren azoketan edo handizka. Erabilerarik ez duen arropa garbiketarako zapi bihurtzen dute, hainbat motatakoak egiteko.

Beste albiste batzuk