Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/02/02

2021ean, Mankomunitateak 61.237 t hondakin berreskuratu zituen, aurreko urtean baino %3,91 gehiago

Gai organikoen gaikako bilketa %4,2 emendatu da Iruñerri osoan

Iruñerriko Mankomunitateak 151.167 tona hondakin jaso zituen 2021ean, eta, beraz, aurreko urtean bildu ziren 149.093 tonekin alderatuta, %1,39 gehiago izan zen. Emendatze txiki hori, nagusiki, merkataritzako jarduera lehengoratu izanaren ondorioa da, 2020an izan zuen jaitsieraren ondoren.  

Hondakinak berreskuratzeari dagokionez, berreskuratutako kantitatea 61.237 tona izan zen, aurreko urtean baino %3,91 gehiago, orduan 58.934 tona izan baitziren. 2021ean berreskuratutako kantitatea sortutako guztiaren %40,51 izan zen, 2020an lortu zen %39,53a baino pitin bat handiagoa den indizea. 

Gaikako bilketa guztien artean beiraren bilketa nabarmendu behar da. 10.312 tona bilduta, aurreko urtean baino %11,0 gehiago izan zen, batez ere, beiraren bilketa etxebizitzen esparruan emendatu izanari esker.  

Halaber, nabarmendu behar da arroparen, oinetakoen eta ehun-materialen bilketa, berariazko edukiontzietan egiten dena, %21,8 emendatu dela aurreko urtearen aldean, 1.244 tona biltzean. Gogoan izan behar da 2020ko ekainean IMk 95 edukiontzi gehiago kokatu zituela, 14 herritan eta Iruñeko 17 auzotan, eta, beraz, 2017az geroztik zeuden 97 edukiontziei gehitu zitzaizkiela. 

Paperaren eta kartoiaren bilketaren kasuan, 18.078 tona izan ziren, 2020an bildu ziren 17.503 tonen aldean, %3,28 gehiago, hortaz. 

Beste bilketa hauetan, aldiz, beherakadak izan dira: inauste-hondakinen bilketa (8.723 tona, eta, beraz, %6,5eko jaitsiera, hondakin berdeak sortzen diren lekuetan bertan tratatzea sustatu baita), tamaina handikoak, garbiguneak eta beste batzuk (4.425 tona, hau da, %0,3 gutxiago) eta ontziak (9.852 tona, eta, hortaz, %0,3 gutxiago). 

Beste urte batez, berreskuratutako kantitate handiena bio-hondakinei dagokie, 20.888 tonarekin (edukiontzi marroiko gai organikoak, lorezaintzako hondakinak, eta etxeko eta auzoko konpostajea). Nabarmendu behar da 2021ean bosgarren edukiontziko gai organikoen 9.521 tona bildu zirela, 2020an baino 383 tona gehiago, eta, hortaz, %4,18 gehiago izan ziren. Beste alde batetik, sortutakoaren gaineko berreskuratze-portzentajea 2020ko %18,0tik 2021eko %18,9raino handitu zen. Edonola ere, oraindik ere urrun gaude Nafarroako Hondakinen Legeak markatzen dituen helburuetatik, 2027. urtean gai organikoen %70 bereiz bildu beharko ditugula adierazten baitute.

Gai organikoen bilketa

Gogoan izan behar da 2021eko urri eta azaro artean gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako edukiontziak txartel bidez irekitzeko sistema zabaldu zela Sarrigurengo, Mendillorriko, Zabalguneko, Belosoko, Mutiloako, Arrosadiko, Lezkairuko eta Erripagañako 30.000 etxebizitzatara baino gehiagotara. Sistema hori, hain zuzen, 2018ko ekainaz geroztik Azpilagañan eta Artika Berrian hondakinen gaikako bilketarako egin zen proba pilotuan probatu zen, eta proba horretan edukiontzi marroiaren bidez bildutako hondakinen pisua %300 baino gehiago emendatu da. Esperientzia horiek 2022an eta 2023an Iruñerriko gainerako herri eta auzoetara hedatzeak ahalbidetuko luke 2018ko Nafarroako Hondakinen Legeak jasotzen dituen eskakizunak betetzea.

Etxeko konpostajeari dagokionez, aurreko kanpainetan izena emandako parte-hartzaileei segimendua egiten jarraitu dela nabarmendu behar da, autokonpostajearen praktika sendotzen eta prozesuaren arazoak konpontzen. Segimendu horretarako, 387 dei egin dira telefonoz eta 348 bisita aurrez aurreko parte-hartzaileei. 2021ean, aurreko urteko egoera bereziak jarraitu arren, 142 familiak eman dute izena, eta, horrenbestez, 3.492 etxebizitza dira programan parte hartzen ari direnak. Kalkulatzen da denen artean 2.497 tona hondakin organiko kudeatu dituztela (sukaldeko hondakinak, eta baratze eta/edo lorategietako hondakin berdeak).
 
Auzoko konpostajearen kasuan, 698 etxebizitzak parte hartu zuten, konpostajerako 43 gunetan, eta kalkulatzen da denen artean 215 tona hondakin kudeatu zituztela. Adierazi behar da 783 familiak hondakin organikoak autogestionatzea aukeratu zutela, beren baliabideen bidez, eta guztira 331 tona hondakin kudeatu zituztela. 

Garbiguneak eta tamaina handikoen bilketa

Garbiguneen jarduerari dagokionez (garbigune finkoak eta mugikorrak), guztira, 230.136 bisita izan ziren, aurreko urtean baino %7,85 gehiago. Botatze-kopuruari dagokionez, 415.221 izan ziren, hau da, aurreko urtean baino %0,61 gutxiago. 

Jakina denez, Emausko Trapuketariek, kontratuz, tamaina handikoen bilketak egiten dituzte etxebizitzetan, arropa edukiontzietan eta beira atez ate tabernetan. 2021ean, guztira, 8.113 tona bildu ziren (2020an baino %12,35 gehiago), eta haietatik 6.597 tona berrerabili eta berreskuratu ziren, tona guztien %81,31. 

Azkenik, gogorarazi behar da Garraioaren Hirian, Noain-Elortzibar udalerrian, Iruñerrirako hiri-hondakinak tratatzeko zentro berri bat ezartzeko pausoak ematen jarraitzen dela. Jakina denez, NASUVINSAk Garraioaren Hiria handitzeko sustatutako Udalez gaindiko Plan Sektoriala baliogabetu duten Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak direla-eta, Iruñerriko Mankomunitateak (SCPSA) berriro izapidetu behar du Iruñerriko Ingurumen Zentroaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala. Horretarako, berriro abian jarri da Iruñerriko Ingurumen Zentroaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren gaineko informazioa emateko eta parte-hartze publikorako prozesua. Prozesu hori egin zen jada 2020ko irailean eta 2021eko apirilean, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren izapidetzean eskatzen den moduan. Nafarroako Gobernuaren akordioa baliogabetu duen epaiak berekin ekarri du, ordea, beharrezkoa izatea IMk egindako prozesua berriro hastea.

Iruñerriko hiri-hondakinak tratatzeko zentro berria martxan jartzeak hondakinen berreskuratze handiagoa lortzeko bidea emango du, Nafarroako Hondakinen Legea betetze aldera.

Amaitzeko, nabarmendu behar da joan den abenduan gertatu ziren uholde larrien ondorioz, 792 tona hondakin bildu direla, bizilagunen garbiketa-saioetatik eta ukitutako enpresetatik. 

Beste albiste batzuk