Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2021/02/09

2020an, Mankomunitateak 58.934 t hondakin berreskuratu zituen, aurreko urteko kantitate berbera

Gai organikoen gaikako bilketa %2,4 gutxitu zen, eta berreskuratzea, aldiz, %18,2 handitu zen

Iruñerriko Mankomunitateak 149.093 tona hondakin jaso zituen 2020an, eta, beraz, aurreko urtean bildu ziren 150.7510 tonekin alderatuta, %1,10 gutxiago izan zen. Jaitsiera txiki hori, nagusiki, pandemiaren eraginez merkataritza-jarduera murriztu izanaren ondorioa izan zen. Gogora ekarri behar da 2020ko martxoan dekretatutako alarma-egoerak ekarri zuela hondakinen bilketan beharrezkoak ziren prebentzio-neurri guztiak hartzea, eta zenbait kasutan zerbitzuak bertan behera utzi ziren, esate baterako, tamaina handikoak etxez etxe biltzea, garbiguneak eta beira biltzea ostalaritzan. 

Hondakinak berreskuratzeari dagokionez, berreskuratutako kantitatea 58.934 tona izan zen, aurreko urtean baino %0,06 gutxiago, orduan 58.968 tona izan baitziren. 2020an berreskuratutako kantitatea sortutako guztiaren %39,5 izan zen, 2019an lortu zen %39,1a baino pitin bat handiagoa den indizea. 

Gaikako bilketa guztien artean ontzien bilketa nabarmendu behar da. 9.886 tona bilduta, aurreko urtean baino %7,5 gehiago izan zen, eta frakzio horretarako 2004an edukiontzi horiak kokatu zirenez geroztik maila handiena lortu zuen. 

Beira berreskuratzea, 9.283 tonarekin, eta papera-kartoia, 17.579 tonarekin, gutxitu egin dira 2019an berreskuratutako kantitateen aldean (%6,34ko eta %2,53ko jaitsierak, hurrenez hurren). Bi kasuetan, ostalaritzako eta merkataritzako jarduera gutxitu izanaren ondorioa izan da. Hala ere, adierazi behar da bi material horien bilketa handitu egin dela etxebizitzen esparruan. 

Berreskuratutako kantitate handiena bio-hondakinei dagokie, 21.116 tonarekin (edukiontzi marroiko gai organikoak, lorezaintzako hondakinak, eta etxeko eta auzoko konpostajea). Nabarmendu behar da 2020an bosgarren edukiontziko gai organikoen 8.745 tona bildu zirela, 2019an baino 219 tona gutxiago, eta, hortaz, %2,44 gutxiago izan ziren. Edonola ere, sortutakoaren gaineko berreskuratze-portzentajea 2019ko %17,7tik 2020ko %18,2raino handitu zen.  Horrenbestez, oraindik ere urrun gaude Nafarroako Hondakinen Legeak markatzen dituen helburuetatik. 

Nolanahi ere, 2021ean, gai organikoen eta gainerakoen frakzioaren edukiontziak txartel bidez irekitzea metropoli-eremu osora zabalduko da eta horrek ahalbidetuko du 2018ko ekainaz geroztik Azpilagañan eta Artika Berrian gauzatzen ari den hondakinen gaikako bilketarako proba pilotuaren emaitza onak estrapolatzea. Gogoan izan behar da proba pilotu horretan edukiontzi marroiaren bidez bildutako hondakinen pisua %400 baino gehiago emendatu dela. Esperientzia horiek Iruñerriko gainerako tokietara estrapolatzeak 2018ko Nafarroako Hondakinen Legearen eskakizunak lortzeko bidea emango du. 

Etxeko konpostajeari dagokionez, aurreko kanpainetan izena emandako parte-hartzaileei egin zaien segimendua nabarmendu behar da, autokonpostajearen praktika sendotzen eta prozesuaren arazoak konpontzen. 2020an, urte berezia izan arren, 111 familiak eman dute izena, eta, horrenbestez, 3.421 etxebizitza dira programan parte hartzen ari direnak. Kalkulatzen da denen artean 2.483 tona hondakin organiko kudeatu dituztela (sukaldeko hondakinak, eta baratze eta/edo lorategietako hondakin berdeak).

Auzoko konpostajearen kasuan, 700 etxebizitzak parte hartu zuten, konpostajerako 43 gunetan, eta kalkulatzen da denen artean 229 tona hondakin kudeatu zituztela. Adierazi behar da 795 familiak hondakin organikoak autogestionatzea aukeratu zutela, beren baliabideen bidez, eta guztira 331 tona hondakin kudeatu zituztela. Sanduzelai auzoan auzoko konpostajerako abian jarritako bi gune berriak nabarmendu behar dira. Abenduan jarri ziren martxan, eta bertan dauden hirurei gehitu behar zaizkie.

Garbiguneen jarduerari dagokionez (garbigune finkoak eta mugikorrak), guztira, 213.372 bisita izan ziren, aurreko urtean baino %7,92 gutxiago. Botatze-kopuruari dagokionez, 417.807 izan ziren, hau da, aurreko urtean baino %10,13 gutxiago. Lehenago esan den moduan, jaitsiera horretan esanguratsua da garbigune horiek itxita egon zirela pandemiaren zenbait unetan.

Jakina denez, Emausko Trapuketariek, kontratuz, tamaina handikoen bilketak egiten dituzte etxebizitzetan, arropa edukiontzietan eta beira atez ate tabernetan. 2020an, guztira, 7.221 tona bildu ziren, eta haietatik 5.386 tona berrerabili eta berreskuratu ziren, tona guztien %74,59. Aurreko kasuan bezala, zerbitzu hau etenda egon zen alarma-egoeran, martxoaren 17a eta ekainaren 15a artean.  

Halaber, berariazko edukiontzietan arropa, oinetakoak eta ehun-materiala biltzeak izan zuen emendatzea nabarmendu behar da, 1.020 tona izan baitziren, aurreko urtean baino %48 gehiago, orduan 688 tona izan baitziren. Gogoan izan behar da 2020ko ekainean IMk 95 edukiontzi berri jarri zituela 14 herritan eta Iruñeko 17 auzotan, eta, beraz, 2017az geroztik zeuden 97ei gehitu zitzaizkien. 

Azkenik, gogorarazi behar da Garraioaren Hirian, Noain-Elortzibar udalerrian, Iruñerrirako hiri-hondakinak tratatzeko zentro berri bat ezartzeko pausoak ematen jarraitzen dela. Zentro hori abian jartzeak –2024rako aurreikusita dago–  hondakin gehiago berreskuratzeko aukera emango du, Nafarroako Hondakinen Legea betetzeko helburuarekin.

Beste albiste batzuk

  • Ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetako gauetako gaueko zerbitzuaren ordutegia luzatu da
  • Udazken honetan, sistema berria Mendillorrin, Sarrigurenen, Zabalguneetan, Beloson, Lezkairun, Erripagañan, Arrosadian eta Mutiloan...
  • Helburua da urtegiaren hondoan dauden manganesoa eta burdina kentzea, horrek uraren kalitatea hobetzeko bidea ematen baitu