Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/02/05

2019an, Mankomunitateak 58.968 t hondakin berreskuratu zituen, aurreko urtean baino %2,3 gehiago

Bosgarren edukiontziaren bidez gai organikoak berreskuratzea 8.964 tonetara iritsi zen, eta, beraz, emendatzea %6,5ekoa izan zen

Iruñerriko Mankomunitateak 150.751 tona hondakin jaso zituen 2019an, eta, beraz, aurreko urtean bildu ziren 151.570 tonekin alderatuta, %0,54 gutxiago izan zen. Jaitsiera txiki hau joera-aldaketa da, 2014az geroztik ondoz ondo izan diren emendatzeen ondoren. Jaitsieren artean, gainerakoen frakzioarena nabarmendu behar da, %2,25ekoa izan baita. 

Hondakinak berreskuratzeari dagokionez, emendatzea %2,30ekoa izan da, 58.968 tona berreskuratzean, sortutako hondakin guztien %39,1, goranzko ildoan historikoaren gainean. Berreskuratutako kantitate handiena bio-hondakinei dagokie, 20.537 tonekin (edukiontzi marroiko gai organikoak, lorezaintzako hondakinak, eta etxeko eta auzoko konpostajea).

Hondakin horietatik, bosgarren edukiontziko gai organikoak nabarmendu behar dira, emendatzea %6,52koa izan baita: 2018an 8.415 tona berreskuratu ziren, eta 2019an, berriz, 8.964 tona. Kantitate handiak badira ere, Nafarroako Hondakinen Legeak jasotzen dituen helburuetatik urrun gaude, eta horregatik dute garrantzia 2018ko ekainaz geroztik Azpilagañan eta Artika Berrian hondakinen gaikako bilketan egiten ari den proba pilotuaren emaitzek. Izan ere, bi eremu horietan, edukiontzi marroiaren bidez jasotako hondakinen pisua %400 baino gehiago handitu da. Esperientzia horiek Iruñerriko gainerako eremuetara estrapolatzeak 2018ko Nafarroako Hondakinen Legearen eskakizunak lortzeko bidea emango luke. 

Paper-kartoiari dagokionez, 18.036 tona berreskuratu dira, sortutakoaren %70,6, eta ratio pertsonalak oso altuak izan dira (48,3 kilogramo pertsonako eta urteko). Kantitate hori aurreko urtekoa baino %2,62 handiagoa izan da.

Beste alde batetik, 9.940 tona beira berreskuratu dira, sortutakoaren %73,2, eta ratio pertsonala 26,6 kilogramo pertsonako eta urteko izan da.  

Plastikozko ontziak eta tetrabrikak direla-eta, 4.220 tona berreskuratu dira, sortutakoaren %31, eta horrek 11,4 kilogramo pertsonako eta urteko batezbestekoa dakar. 

Era berean, 1.038 tona metal berreskuratu dira, 2,8 kilogramo pertsonako eta urteko. 

Etxeko konpostajeari dagokionez, aurreko kanpainetan izena emandako parte-hartzaileei egin zaien segimendua nabarmendu behar da, autokonpostajearen praktika sendotzen eta prozesuaren arazoak konpontzen. 2019an, 112 familiak eman dute izena, eta, horrenbestez, 3.389 etxebizitza dira programan parte hartzen ari direnak. Denen artean 2.427 tona hondakin organiko kudeatu dituzte (sukaldeko hondakinak, eta baratze eta/edo lorategietako hondakin berdeak). 

Auzoko konpostajearen kasuan, 851 etxebizitzak parte hartu dute, konpostajerako 40 gunetan, eta denen artean 268 tona hondakin kudeatu dituzte. Azkenik, adierazi behar da 770 familiak hondakin organikoak autogestionatzea aukeratu dutela, beren baliabideen bidez, eta guztira 338 tona hondakin kudeatu dituzte.  

Garbiguneen jarduerari dagokionez, gogora ekarri behar da 2019ko urtarrilaren amaieran Burlatako garbigune finkoa jarri zela martxan, eta, hartara, Eroski eta Leclerc aparkalekuetan zeudenei gehitu zitzaiela. Garbigune guztietan (finkoak eta mugikorrak) 231.730 bisita izan ziren, aurreko urteko kopuruekin alderatuta, %5,63 gehiago. Botatze-kopuruari dagokionez, 464.912 izan ziren, hau da, %12,79 gehiago. 

Jakina denez, Emausko Trapuketariek, kontratuz, tamaina handikoen bilketak egiten dituzte etxebizitzetan, arropa edukiontzietan eta beira atez ate tabernetan. 2019an, guztira, 7.799 tona bildu ziren, eta haietatik 6.377 tona berrerabili eta berreskuratu ziren (%81,83), 2018an lortu zen %80,86a baino kantitate handiagoa, hortaz. 

Azkenik, gogorarazi behar da Garraioaren Hirian, Noain-Elortzibar udalerrian, Iruñerrirako hiri-hondakinak tratatzeko zentro berri bat ezartzeko proiektua izapidetu eta garatzean lan egiten ari dela. Zentro hori abian jartzeak hondakin gehiago berreskuratzeko aukera emango du, Nafarroako Hondakinen Legea betetzeko helburuarekin. 

Beste albiste batzuk