Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2013/07/05

Taxi zerbitzuak tarifen egitura aldatuko du

Egitura berria indarrean egongo da uztailaren 6tik aurrera, argiagoa da eta orain arten zeuden zenbait desoreka ezabatuko ditu.

Bihartik aurrera, uztailak 6, indarrean sartuko da Iruñerrian zerbitzua batera emateko lurralde esparruko taxi zerbitzuaren tarifa egitura berria. Egitura hori ekainaren 25ean onartu zuen Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusiak eta gaurko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da. Hain zuzen ere, aldaketen xedea da orain arte zegoen egitura sinpletzea, fakturatzeko erari eutsita. Hartara, lortu nahi da argiagoa eta seguruagoa izatea, eta orain arte zeuden zenbait desoreka ezabatzea.

Egitura zaharrean zerbitzua emateko hiru zona zeuden: A zona (Iruñeko eta gertuko herrietako hiri kontinuuma), B zona (zerbitzua emateko esparruko gainerako tokiak) eta hiriarteko zona (zerbitzua emateko esparrutik kanpoko tokiak). Eta bi aldi zeuden: alde batetik, lanegunekoa egunekoa, eta beste alde batetik, lanegunekoa gauekoa, asteburuetakoa edo jaiegunetakoa. Hartara, aldaera horiek konbinatzean tarifak sei izan zitezkeen. Orain, tarifen egitura berria dela-eta, hiriko zona eta hiriartekoa parekatu egingo dira, eta, hortaz, tarifak lau izango dira. Nabarmendu behar da A eta B zonei dagozkien tarifak Iruñerriko Mankomunitateak ezartzen dituela, eta hiriarteko tarifa, berriz, Nafarroako Gobernuak. Egitura berrian hiriko eta hiriarteko tarifak bi administrazioek koordinatuko dituzte, eta kontzeptuak eta zenbatekoak bateratuko.

Beste alde batetik, gogorarazi behar da taxiaren ibilaldi baten prezioa hiru kontzeptu hauetan oinarrituta ezartzen dela: abiasaria, egindako kilometro bakoitzeko prezioa eta prezioa orduko. Egitura berriaren ondorioz, abiasaria ere automatikoki kontrolatuko du taximetroak. Beste bi kontzeptuak lehendik kontrolatzen ditu taximetroak; beraz, eragiketaren fidagarritasuna hobetuko da.

Gehigarriei dagokienez, lehen zazpi ziren eta aurrerantzean lau izango dira: tren geltokiko eta autobus geltokiko gehigarriak bateratu egin dira eta bakarra izango da; telefono bidezko hitzartzea automatikoa izango da eta mota bakarrekoa izatera igaroko; eta gaueko gehigarria (edo asteburuetakoa edo jaiegunetakoa) abiasariaren barnean sartuko da, eta, horrenbestez, automatizatuta egongo da. Hori guztia ibilgailu bakoitzeko taximetroan ordutegiak eta egutegiak programatzeari esker egingo da.

Tarifak berregituratzearen ondorioz, taximetroek automatikoki inprimatuko dituzte tiketak bidaiaren amaieran, eta, hortaz, bezeroak zerbitzuari dagokion informazio guztia izango du dokumentu horretan eta ez du espresuki eskatu behar izango. Taxiaren zenbakia, ibilbidea hasi eta amaitu den ordua, egindako kilometroak, gehigarriak eta abar agertuko zaizkio.

Zenbait desoreka saihesteko ere egokitu dira tarifak, esate baterako, “muga efektuak”. Gertuko herrietan hasitako zerbitzuetan kostu desberdintasun adierazgarriak eragiten zituzten, batzuk A zonaren barnean zeudelako eta beste batzuk B zonaren barnean. Hartara, aurrerantzean ez da abiasari desberdinik kobratuko zerbitzua hasten den zona zeinahi dela ere. 

Amaitzeko, adierazi behar da bidaia bakoitzeko kostu minimo bat egongo dela, 4,35 eurokoa eguneko zerbitzuetan eta 5,77 eurokoa gauekoetan, asteburuetakoetan edo jaiegunetakoetan. Azaldu diren hobekuntza guztiek dakarte batez beste %2,5 emendatzea 2013rako ezarritako tarifak. Tarifa guztiak lotura honetan kontsultatu ahal dira.

 

 

Beste albiste batzuk

  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23