
‘Recarga TUC’ app-ak 7.600 deskarga baino gehiago izan ditu jardunean daraman lehen astean
‘Recarga TUC’ aplikazioa, Eskualdeko Hiri Garraioko txartelak online kargatzeko bidea ematen duena, 7.661 aldiz deskargatu da jardunean daraman lehen astean, joan den martxoaren 1ean abian jarri zenetik. Deskarga horietatik, % 40 Android sistema duten mugikorretan egin ziren, eta gainerako % 60a IOS sistema (iPhone) duten mugikorretan.
Osotara, aurreneko astean, 2.672 online birkarga egin dira, eta haietatik 2.315 birkarga txartelen diru-zorroari egokitu zaizkie eta 357 birkarga EHGko aldi baterako abonuei.
‘Recarga TUC’ app-ak eta webgunea
Gogoan izan behar da 2019ko irailean online kargatzeko esperientzia pilotu bat jarri zela abian, Android telefono mugikorretarako aplikazio baten bidez (soil-soilik egin zitekeen NFC teknologia zuten modelo batzuetan). Joan den asteaz geroztik, ‘Recarga TUC’ izenarekin, Androiderako erabilgarri zegoen app-a berritu egin da, IOS telefonorako (iPhone) bertsio bat gehitu da eta webgune bat sortu da, EHGko txartelen birkargarako bidea emango duena. Hartara, sistema horiei esker, errazagoa da Eskualdeko Hiri Garraioko txartela kargatzea –hala diru-zorroa, nola aldi baterako abonuak–, eta edozein unetan eta eskudirurik behar izan gabe egin ahal da.
Aplikazioan edo webgunean erregistratzen den pertsonak funtzionaltasun gehiago edukiko ditu eskura, bere garraio-txartelen birkargak kudeatzeko: ohiko txartelak erregistratzea birkargak egiteko, txartel horien egoera kontsultatzea (diru-zorroaren saldoak, kargatuta dauden aldi baterako abonuak, txartelen iraungipena, eta abar), egindako birkargen erregistro bat edukitzea, euskarri teknikoari kontsultak egitea, jakinarazpen pertsonalizatuak jasotzea eta birkarga automatikoak programatzea ohiko txarteletan.
‘Recarga TUC’ aplikazioa dohainik deskargatu ahal da Google Play (Android) aplikazioen dendatik eta App Store de Apple (IOS) dendatik.
Behin garraio-txartela lotu denean, pantailan erabiltzailearen datuen informazioa erakutsiko da, txartelaren saldoa, iraungipen-data, zer motatako titulua den eta datu historikoak (egin diren azken hiru birkargak). Sortutako kontu bakoitzari txartel bat edo gehiago lotu ahal izango zaizkio, eta bi aukera eskaintzen dira: diru-zorroa kargatzea eta aldi baterako abonua berritzea edo erostea.
Online kargatzea edo berehalako birkarga
Telefono-motaren arabera, txartela kargatzeko bi aukera ematen ditu aplikazioak:
-online birkarga, Android eta IOS mugikor-mota guztietarako erabilgarri dagoena. Ez da beharrezkoa txartel fisikoa edukitzea birkarga egiteko. Diru-zorroa eta aldi baterako abonuak kargatu ahal dira (azken horiek, txartel pertsonalizatuetarako, eta baldin eta aurreneko birkarga gune fisiko batean egiten bada). Androideko birkargak unean bertan gauzatuko dira, txartela telefono mugikorrera gerturatzen bada. Erabiltzaileak ez badu txartela eskura, edo IOS sistema duten telefonoen kasuan, birkargak gutxi gorabehera kargatu eta handik ordu batera geldituko dira erregistratuta, eta txartela eguneratuko da Eskualdeko Hiri Garraioko edozein autobusetan erabiltzen denean.
-berehalako birkarga (NFC), soil-soilik telefono bateragarrietarako dago erabilgarri (Android NFCrekin eta bateragarriak NXPrekin). Birkargaren zenbatekoa unean bertan gauzatuko da, txartela mugikorraren atzealdera gerturatuta. Horrenbestez, txartel fisikoa eduki beharko da une horretan.
Birkarga automatikoak programatzea
Autobirkargaren funtzionaltasunak ahalbidetzen du aplikazioa programatzea, aurretik finkatutako balio bat baino txikiagoa denean saldoa, txartel baten gaineko birkarga-ekintza bat abiarazteko automatikoki. Erabiltzaileak konfiguratu ahal izango ditu bai gutxieneko saldo hori eta bai birkargaren zenbatekoa ere.
‘Recarga TUC’ webgunea
Joan den astean aurkeztu zen beste berrikuntza bat Recarga TUC webgunea da. Hain zuzen, bertan, birkarga bi modutara egin daiteke: modu anonimo edo izengabean, helbide elektroniko bat idatzita txartel baten diru-zorroa kargatzeko; edo webgunean saioa hasita (aurretik erregistratu egin behar da). Azken modu horrek ahalbidetzen du diru-zorroa eta aldi baterako abonuak kargatzea, autobirkargaren funtzionaltasuna erabiltzea eta mugimenduak kontsultatzea.
‘Recarga TUC’ mugikorrerako app-an gertatzen den moduan, webgunearen kasuan, kargatu eta handik ordu batera gutxi gorabehera gauzatuko dira birkargak txarteletan. Horretarako, nahikoa izango da txartela Eskualdeko Hiri Garraioko edozein autobusetan erabiltzea.
EHGrako aktibatutako hondakin-txartelak kargatzea
Jakina denez, hondakin-txartela Eskualdeko Hiri Garraioko (EHG) txartel izengabe moduan erabil daiteke. Horretarako, txartelak aktibatuta egon behar du garraio-zerbitzurako. Arreta ematen den birkarga-sareko establezimendu batean diru-zorroa lehenbiziko aldiz kargatuta egiten da hori. Gero, gainerako birkargak aplikazioaren eta webgunearen bidez egin ahal izango dira.
Zalantza edukiz gero, ‘Recarga TUC’ aplikazioaren eta webgunearen erabilera-eskuliburuak kontsultatu ahal dira. Zehazki, biak ala biak Mankomunitatearen www.mcp.es webgunearen atal honetan daude eskuragarri.
Beste albiste batzuk
- Lurzatiak Agustindarren industrialdean daude, eta bien artean 44.340 metro koadro hartzen dituzte
- Margolan hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Margolan hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean