Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2017/03/02

Probak egingo dituen biobus berri bat dabil Iruñerrian atzotik

Ibilgailua Solaris etxekoa da, eta aurtengo urtarril eta otsailean probak egiten aritu den beste baten ondoren etorri da

Atzotik, asteazkena, Arazuriko Hondakin Uren Araztegian lortutako biometanoaren bidez soilik bulkatutako biobus berri bat dabil Iruñerrian. Aurtengo urtarril eta otsailean probatan ibili den beste autobusaren ondoren etorri da ibilgailu berri hau. 

Autobus berri hau Solaris etxekoa da, eta Iruñerriko Mankomunitatea Hera Taldearekin, eta Gas Natural Fenosa eta Sodenarekin elkarlanean, garatzen ari den proiektu pilotu baten barnean dago. Hain zuzen ere, helburua da Arazuriko HUAn ura arazteko prozesuan lortzen den biogasa hobetzea. 

Biogasa hondakin uretatik kentzen diren lohi organikoen bidez lortzen da, eta gero egonkortu egiten dira araztegiko digestoreetan. Lortutako gasean, %60 metanoa da eta gainerakoa CO2. Proiektu honen bidez, zehazki, CO2 hori kendu eta biometano bihurtzen da, gas naturalaren ia-ia berdina den erregai bat, %95eko metano kantitatea baino handiagoa duena, baina jatorria bertakoa duena eta berriztagarria dena, ‘igorpenik eragiten ez duena’. Hartara, ekonomia zirkularreko proiektu bat da, Iruñerrian sortutako lohiak baliatzen baitira erregai bihurtzeko. Hortik dator, hain zuzen, proiekturako aukeratutako leloa: “Autobus hau zuk zeuk mugiarazten duzu”.

Asmoa da Solaris autobus hau martxoaren 26a bitartean ibiltzea, eta 8., 10. eta 19. lineetan egitea zerbitzua. Horrez gain, laster beste ibilgailu bat hasiko da probak egiten, Scania etxekoa. Proba horiek guztiek aukera emango dute ikusteko aldaketarik badagoen fabrikatzaile desberdinen ibilgailuekin lortutako emaitzetan.

Aurreko biobusak 5.300 kilometro egin zituen

Aurreko esperientzia hilabete batetik gorakoa izan zen, eta bertan, Mercedes etxeko autobusak 3., 5. eta 6. lineetan eman zuen zerbitzua eta, guztira, 5.300 kilometro egin zituen, egunean batez beste 180. Ibilgailua gauez hornitzen zen biometanoz, Arazuriko HUAn, eta gero normaltasunez ibiltzen zen, jardunaldi osoan, milaka bidaiari eramanez Iruñerrian. TCC enpresak adierazi duenez, autobusa ezustekorik gabe ibili da, gasolioa erabiltzen duen autobus batek dituen abiarazte eta abiadura ezaugarriekin, eta, gainera, oso isila izan da. 

Autobusak amaitu du proba eta batez beste 57 metro kubo kontsumitu ditu 100 kilometroko, aurreikusita zegoena baino %20 gutxiago. Konparazioa egiteko baliatu diren billabesek 51 litro gasolio kontsumitzen dituzte 100 kilometroko, edo 41 litro gasolio, autobus hibridoen kasuan. Batez besteko CO2 igorpenak, berriz, hauek dira: 133 kilogramo 100 kilometroko gasolioa erabiltzen duten autobusetan, 107 kilogramo autobus hibridoetan eta 0 kilogramo biometanoa erabiltzen duten autobusetan. Era berean, proiektuan aurreikusita dago Arazuriko HUAn biogasa arazteko erabilitako teknologia frogatzea biometano bihurtzeko, eta bai haren kostu ekonomikoak ere.

Xedea: IM neutroa izatea, karbono igorpenei dagokienez, 2030ean

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak erakundearen Plan Estrategikoa onartu zuen joan den urrian, 2017 eta 2030 urteen arterakoa. Plan horretan, hain zuzen, helburu moduan finkatuta dago Mankomunitatea neutroa izatea, karbono igorpenei dagokienez, 2030. urtean. Horretarako, urte horietan guztietan, ezinbestekoa izango da autobusen eta hondakinen kamioiek urtero kontsumitzen dituzten 6.000.000 litro gasolio horiek ordeztea –eta urtero 17.500 tona CO2 igorpen eragiten dituzte– eta igorpenik eragiten ez duen beste erregai bat baliatzea.

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua