Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2021/07/02

Nafarroako Gobernuak malgutu egin ditu billabesetako okupazio-mugak

Eserita bidaiatzeko plaza guztiak erabili ahal izango dira, eta zutik bidaiatzean, metro koadro bakoitzeko bi pertsona joatea baimenduko da.

Nafarroako Gobernuaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduak, atzo kaleratuak, COVID-19aren aurkako ohiz kanpoko neurri berriak ezartzen ditu eta adierazten du gaurtik aurrera, uztailak 2, ostirala, billabesetan eserita bidaiatzeko plaza guztiak erabili ahal izango direla eta zutik bidaiatzeko egokitutako gunean pertsonek beren artean ahalik eta distantzia handiena izatea saiatuko dela, metro koadro bakoitzeko gehienez ere bi erabiltzaile joatea ezarrita. 

Gogoan izan behar da joan den urriaz geroztik billabesen gehieneko edukiera %50ekoa zela “betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera” ematen bazuen. Horrenbestez, neurri berri hauek ahalbidetzen dute gaurtik aurrera eskaintza handitzea gutxi gorabehera %53raino, gehieneko edukiera hauek finkatuta: 

  • 18 metroko luzerako autobus artikulatuak = 73 plaza (eserita eta zutik).
  • 12 metroko luzerako autobus zurrunak = 50 plaza (eserita eta zutik).
  • 10 metroko luzerako autobus zurrunak = 39 plaza (eserita eta zutik).
Leihoak eta geralekuetan ateak irekitzea 

Foru Aginduan, gainera, ezartzen da, ibilgailuaren barnean airea ibiltzea hobetzeko helburuarekin, geralekuetan ibilgailuaren ate guztiak zabaltzea gomendatzen dela, eta, ireki daitekeen leihorik badauka ibilgailuak, oro har, irekita egon beharko dutela denek, baldin eta horrek ez badu eragozten ibilgailuaren klimatizazio-sistemek ongi funtzionatzea.

Beste segurtasun-neurri batzuk

EHGaren zerbitzuak duela hilabete batzuetatik hartutako beste neurri batzuei gehitu behar zaizkie neurri berri hauek, hala nola maskara nahitaez erabili behar izateari eta ibilgailu guztietan gel hidroalkoholikoaren banagailuak kokatzeari (bat autobus zurrunetan eta bi artikulatuetan).

Horrez gain, gogoan izan behar da TCC Pamplonak duela urte bat aurkeztu zuela Eskualdeko Hiri Garraioko instalazioak eta ibilgailuen flota higienizatzeko eta kontrolatzeko protokoloa. Herrialdean eman zen aurreneko protokoloetako bat izan zen, eta zerbitzua erabiltzean segurtasuna bermatzen du.

Beste alde batetik, joan den maiatzaz geroztik, “Tu Villavesa” aplikazioak –Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren datuei buruzko informazioa ematen du denbora errealean– billabesen okupazioaren iragarpena jasotzen du, COVID edukiera-mugekiko. Iragarpen horrekin –egunero kalkulatzen da berriro, zerbitzuaren datuen historikotik abiatuta–, beren ordutegi-aukeren barnean, hutsago doazen autobusak hautatu ahal dituzte erabiltzaileek.

Azkenik, EHGaren erabiltzaileek webgune bat kontsulta dezakete, billabesen leihoetan kokatuta dagoen QR kode baten bidez, pandemian zehar Eskualdeko Hiri Garraioak gauzatu dituen ekintza guztien berri izateko. 

Beste albiste batzuk

  • Horiek egiten ari diren pertsonek etxera joateko hitzordua eskatzen dute objektu bat entregatzeko, bi euro ordaindu ondoren
  • Eskaintzak 1.500 erreserba baino gehiago ditu dagoeneko, 32.000 parte-hartzailerentzat
  • European Week for Waste Reduction ekimenaren webgune ofizialean eman du izena Mankomunitateak, ekintzen garatzaile moduan