Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/02/10

IMko Batzorde Iraunkorrak 2020ko EHGaren Planaren proiektua onartu du aho batez

Berrikuntza nagusiak gaueko sare berria eta abiadura komertziala bultzatzeko azterlan bat dira

Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak gaur goizean egin duen saioan aho batez onartu du 2020. urterako Eskualdeko Hiri Garraioaren Planaren proiektua. Proiektu hori Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari bidaliko zaie, bere berri izan dezaten eta ekarpenak egin ditzaten hilabeteko epean. 

Hiri Garraioko planen helburu nagusiak hauek dira: zerbitzua efikazia eta eraginkortasun egoki batekin ematea, garraio publikoaren erabilera sustatzea, garraio hori hirigintza-plangintzako tresnetan sartzearen bidez, eta zerbitzuaren abiadura komertziala hobetzea, antzeko metropolialdeetan lortutako emaitza onenen parekoak diren balioak lortu arte. 

EHGaren VII. Planak, 2020rakoak, berrikuntza nagusi moduan gaueko sare berria eta aipatutako abiadura komertzial hori sustatzeko azterlan bat ditu.

Gaueko sare berria

EHGaren gaueko zerbitzuan eskaripeko tarteko geralekuak ezartzeko aukerari buruz azterlan bat egin eta gero, 2018ko urrian, Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak EHGaren egungo gaueko sarea berriro aztertzeko agindu zien Mankomunitateko zerbitzu teknikoei, estaldura- eta irisgarritasun-maila hobetzeko xedearekin, eta bai ezartzeko bideragarritasuna aztertzeko ere.

Agindu horri erantzute aldera, 2019an, elkarlanean aritzeko lantalde bat eratu zen, Mankomunitateko zerbitzu teknikoen eta enpresa kontzesiodunekoen artean, gaueko zerbitzuaren alternatiba desberdinak aztertzeko, estaldura-maila hobetuko zutenak eta aldi berean zerbitzu horren erabiltzaileei segurtasun handiagoa ematen lagunduko zutenak, bereziki, emakumeen kolektiboari, genero-ikuspegia sartuta analisi horretan. Proposamen alternatibo hori Eskualdeko Hiri Garraioaren eremuko udaletako berdintasun-teknikariekin eta TCCko Enpresa Batzordearekin ere egiaztatu zen. 

Horren guztiaren emaitza gaueko zerbitzu-sare berri baten proiektua izan da, orain dagoena baino asmo handiagokoa, eguneko zerbitzuko sareko ia geraleku guztietan arreta ematera igaroko baita, eta horretarako beharrezkoa izango baita ia gaueko lineen kopurua bikoiztea.

Azterlan horren emaitza diren gaueko zerbitzuaren hobekuntzak 2020ko bigarren erdian ezartzea aurreikusten da, eta horrek ekarriko du zerbitzu horretara bideratutako bitartekoak emendatzea eta gaueko lineen ibilbideak aldatzea. Halaber, zerbitzuaren ordutegi-estaldura handitzea aurreikusten da, eskaera latentera egokituta. 

Abiadura komertziala hobetzea

Xedea da garraio publikoko zerbitzua erakargarriagoa eta lehiakorragoa egitea bere abiadura komertziala hobetuta, erabiltzaileen bidaia-denboren gainean duen eraginarengatik, hori baita autobusa erabiltzeko edo ez erabiltzeko erabakian dagoen baldintzatzaile nagusietako bat. 

Planean bildutako jardute-proposamenak hauek dira: autobus-erreiak erreserbatzea, semaforoetan lehenesteko sistemak kokatzea eskaeraren arabera, geralekuak zirkulazio-erreian bertan egitea, hau da, baztergunerik gabe, eta, azkenik, abiadura murriztekoak ezartzea galtzadan, baina diseinuak garraio publikoaren abiadura normalari eragiten ez dionak.

Horretarako, aurreikusten da abiadura komertziala hobetzeko azterlanak egitea udalekin eta Nafarroako Gobernuarekin, haren eskumenekoak diren bideetan jarduketak ezartzeko, eta lankidetza-hitzarmenak ezartzea inplikatutako administrazioekin, zehaztutako eta erabakitako jarduketak gauzatzeko.

Bi proposamen berri

Akordioan erabateko adostasuna lortzeko helburuarekin, azkenean, bi proposamen berri sartu dira. Alde batetik, Iruñeko Udalak, udalbatzaren 2020ko otsailaren 7ko akordioaren bidez, eskatu duen moduan, eskaripeko geralekuen sistema modu esperimentalean jarriko da martxan EHGko gaueko zerbitzuko lineetako batean. Hartara, esperientzia hori ebaluatuko da, hurrengo Garraio Planean beste linea batzuetara zabaltzea aztertu ahal izateko moduan. Horretarako, teknikari hauek eratutako lan-mahai bat jarriko da abian: berdintasun-arlokoak, elkarte feministetakoak, enpresa kontzesiodunekoak eta bertako langileen artekoak, eta Mankomunitatekoak. 

Beste alde batetik, ‘3.4 Eskualdeko Hiri Garraioko sarearen azterlanak eta koordinazioa garraio publikoko beste zerbitzu batzuekin’ atalean puntu berri bat sartzea hitzartu da. Hitzez hitz hau jasotzen du: “Hirigunean garraio publikoaren kapilaritatea hobetzeko helburuarekin –egun, sareko geralekuak kanpoko guneetan daude–, Alde Zaharra zeharkatuko duten tamaina txikiko garraio publiko elektrikoko elementuak abian jartzea aztertuko da, dela etengabe dela eskaripean”.

Gogora ekarri behar da 8/1998 Foru Legeak, Iruñerriko bidaiari-garraio erregularrari buruzkoak, hainbat urtetarako periodikotasuna ezartzen duela Iruñerriko Hiri Garraioko Planerako. Zazpigarren plan honen denbora-esparrua zehaztu eta erabakitzeko, aintzat hartu da garraio publikoaren zerbitzuaren egungo kontzesio-kontratua luzatuta dagoela gutxienez 14 hilabeterako (2020ko abenduaren 31 arte) eta gehienez 24rako (2021eko urriaren 31 arte). 2020 honetan, aurreikusita dago kontzesio-kontratu berria lizitatu eta esleitzea, 2021ean har dezan indarra. Hori dela-eta, proposatu da garraio-plan honek urte bateko iraupena izatea, hartara, bere indarra planaren kostu nagusiaren kontratu-baldintzak egun ezagunak diren tokiraino iristen da.  

Beste albiste batzuk