Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/04/28

IMk babestu egin du Hiri Garraioan maskarak erabiltzea nahitaezkoa izatea

Garraio publikoaren arloko agintariek gutuna bidali diote Garraio eta Mugikortasun ministroari eskaera hori egiteko

Iruñerriko Mankomunitateak, garraio publikoaren arloko agintari eta operadore nazional nagusiekin batera, José Luis Ábalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroarentzako gutun bat sinatu du. Hain zuzen, gutun horretan Gobernuari eskatu zaio agin dezala garraio publikoko zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsona guztiek maskara nahitaez erabili behar izatea.

Gutuna izenpetu duten erakundeen artean beste hauek ere badaude: Consorcio Regional de Transportes y Metro de Madrid, EMT Madrid, Red de Consorcios de Transporte de Andalucía, Transports Metropolitans de Barcelona, Euskotren, Metropolitano de Tenerife, EMT Valencia eta Consorcio de Transportes del Área de Zaragoza.

Gutuna, zehazki, joan den astelehenean bidali zuten, eta bertan argudiatu dute garraio publikoan maskarak erabiltzea nahitaezkoa izatea erabat koherentea izango litzatekeela norbera babesteko Gobernuak emandako aginduekin, eta, gainera, alternatiba aplikatzen erraza eta herritarrek ulertzeko logikoa izango litzatekeela. Horrez gain, neurri horrek erraztu egingo luke herritarrek konfiantza berreskuratzea garraio publikoko beren sistemetan.

Halaber, argudiatu dute distantzia soziala 1 eta 1,5 metro artean ziurtatzea beharrezkoa bada garraioaren edukiera %25-%35ekoa baino ez litzatekeela izango eta horrek okupazio-eskaeraren zati bat bakarrik garraiatzeko bidea emango lukeela. Gainera, aintzat hartu behar da neurri hori puntako orduetan betetzea ziurtatzeko zailtasuna. Errealitatea da Eskualdeko Hiri Garraioan erabilgarri dauden baliabideek ez luketela ahalbidetuko eskaintza hirukoiztea ez epe laburrean ez eta ertainean, eta, horrenbestez, maskara erabiltzeak erraztu egingo luke bidaiatu behar duten eta mugitzeko beste aukerarik ez duten pertsonen kopuruari doitutako plazen eskaintza bat egitea.

Hori dela-eta, gutuna sinatu dutenek proposatu dute bidaia debekatzea maskararik ez daramanari eta Estatuko segurtasun-indar eta -gorputzek hura gabe bidaiatzen saiatzen den pertsonari isuna jartzeko aukera planteatzea.

Komunikazioa amaitzeko, adierazi dute garraio publikoan maskara nahitaez erabiltzea funtsezko baldintza dela konfinamendua arintzeko hurrengo egunetarako aurreikusita dagoen prozesuari ekin baino lehen. Gainerakoan, herritarren gehiengoa joan-etorrietarako benetako aukerarik gabe ere geldituko baita. Erabakigarria eta oinarrizkoa da, horrenbestez, horri dagozkion neurri operatiboak koordinatzea.

Beste albiste batzuk