Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2017/11/14

Hiri Mugikortasun Iraunkorreko plana lantzeko prozesu parte hartzailea hasi da

Helburua banaketa modala arrazionalizatzea da eskualdeko lekualdatzeetan mugikortasun jasangarriago bat lortzeko

Gaur goizean  Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (IHMIP) aurkeztu da. Iruñerriko Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuak eta 18 udalek sustatutako planak eskualdeko lekualdatzeetan banaketa modala arrazionalizatzea du helburu. Ingurumenaren ikuspuntutik, mugikortasuna garapen sozial orekatu, integratu eta iraunkor batera berbideratuz. 

Aritz Ayesa Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Jesus Velasco IMko Eskualde Hiri Garraio Alorreko zuzendariak eta Andoni Iso IHMIP prozesu parte hartzailearen koordinatzaileak ekitaldian parte hartu dute.

Aritz Ayesak hitza hartu duenean, adierazi du IHMIPren helburua eskualdea nolakoa izatea nahi dugun jakitea dela: “Ibilgailu pribatuaren aldeko apustua atzera itzuli, eta ingurumena, bizi kalitatea, osasuna eta tokiko ekonomia orekatuagoa kontuan izanen duen mugitzeko eredua sortu behar da”, azaldu du IMko lehendakariak. 

Era berean, Ayesak IHMIP elkargune batean bihurtu dela azpimarratu du eta “mugikortasun eta elkarbizitza eredu berri baterantz eraman beharko gaituena. Konpromisoarekin eta modu koordinatuan jarraitu beharreko bidea da”. 

Helburua: garraioaren erabilera modalak aldatzea

Joan den azaroaren 25ean administrazio eskudun guztiek planaren 'zero zirriborroa' onartu eta gero, prozesu parte hartzailea martxan jarri da, Iruñerriko herritar guztiengana iristeko eta planak dituen 19 ekintza estrategikoen inguruan haien ideiak proposatzeko helburuarekin.

Planaren helburu nagusia garraioaren erabilera modalak aldatzea da. IHMIP-k mugikortasun iraunkorraren alde egiten du irmoki, oinezkoei, autobus garraio publikoari eta txirrindulari lehentasuna emanez. Modu honetan, helburua  garraio ez motorizatuak (oinezkoak eta bizikletak) joan-etorri guztien %50a izatera iristea lortzea da, ibilgailu pribatuaren erabilera gaur egungo kuotatik %30era arte murriztea eta garraio kolektiboaren joan-etorriak haztea %20 izatera  iritsi arte. 

Planak, lanketan parte hartu duten administrazio desberdinen talde tekniko eta ordezkari publikoen arteko lankidetza ariketa handia suposatu du: Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Gobernua eta Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren barnean sartuta dauden 18 udalak. 

Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren barnean sartuta dauden 18 udalak hurrengoak dira: Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Esteribar, Ezkabarte, Galar, Uharte, Noain (Elortzibar), Orkoien, Iruña, Atarrabia, Zizur Nagusia eta Eguesibar. 

Parte hartze moduak

Iruñerriko mugikortasuna hobetzeko ideien ekarpena egiteko zenbait bide egokitu dira, aurrez aurrekoak zein online. Gainera, herritarren eta prozesuarekin zerikusia duten eragileen parte hartzea sustatzeko asmoz, zenbait jarduera eta topaketa egingo dira hark iraun bitartean. 

www.participartepmus.es webgunea diseinatu izan da interesdunek euren proposamenak argitara ditzaten parte hartze plataformaren bidez. Gainera, bertan argitaratuko da prozesuarekin zerikusia duen informazio oro, funtzionamenduari buruzkoa, bai eta jardueretan eta parte hartze guneetan bildutako dokumentazio guztia ere. Parte hartze plataforma heldu den abenduaren 11tik aurrera egonen da erabilgarri, lehen informazio lurralde saioarekin bat eginez. Bertan, IHMIPn planteatutako 19 estrategien inguruan herritarrek haien proposamenak egin ditzakete, bai eta proposamen berriak aurkeztu ere.

Parte hartzeko hiru modu daude: informazio eta kontsulta lurralde saioetara joanez; informatzeko eta herritarren ideiak jasotzeko kalean eginen diren aisialdi ekintza desberdinetan parte hartuz edota aurretik aipatutako parte hartze plataformaren bidez. 

Hasi berri den prozesu parte hartzaileak proposamen eta deliberazio ez lotesleko izaera du. Horrek esan nahi du, herritarren parte hartzea egonen dela planaren proposamenen balorazioan eta deliberazioan baina ez erabakiak hartzerako orduan. Erabakiak IHMIP-ren Jarraipen Batzordeak hartuko ditu. Nolanahi ere, aipatutako batzordeak deliberazio prozesura iristen diren proposamen guztiak entzun, ikertu, arrazoitu eta entzuteko konpromisoa hartu du.

Saioak abendutik ekainera arte

Informazio lurralde saioak abenduaren 11n hasiko dira eta 2018ko otsaileko azken astean amaituko dira. Aurreikusten diren 35 saioak Iruñeko auzo guztietan eta plana sustatzen duten udalerri guztietan eginen dira. Prozesu parte hartzailea azken informazio lurralde saioa eta astebete geroago amaituko da. Bestetik, saio deliberatiboak martxotik ekainera izanen dira. Eragile interesdunen eta herritarren ekarpenekin planaren onarpena eta azken idazketari ekinen diote administrazioek. 

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua