Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2014/02/14

Heldu den igandean indarrean sartuko da Iruñerriko hiri garraioko ordenantza berria

Interes orokorreko arauak biltzen ditu, zerbitzuaren erabilera ona lortzeko eta kalitateko garraio publikoa bermatzeko.

Heldu den igandean, otsailak 16, indarrean sartuko da hiri garraioaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza berria. Mankomunitateko Batzar Nagusiak onartu zuen 2013ko urriaren 29an, eta joan den urtarrilaren 29an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Interes orokorreko arauak bildu dira ordenantza berrian, zerbitzuaren erabilera ona lortzeko eta kalitateko garraio publikoa bermatzeko.

Billabesetara bizikletak eta animaliak sartzea

Billabesen barnean erabiltzaileak sartzea eta eroso joatea errazteko, ordenantza berriak mugak jartzen ditu autobusetan fardelak eta ondasunak garraiatzeko. Hain zuzen, fardel edo ondasun horiek ezin izango dituzte gainditu 100 x 60 x 25 cm-ko neurriak eta pertsona bakoitzak bat baino ezin izango du eraman.

Bidaiariak autobusen barnean ibiltzea ez eragozteko, bizikletak tolestuta baino ezin izango dira eraman eta zorro batek babestuta. Zorro hori sendotasun egokikoa izango da gainerako bidaiariei kalterik ez egiteko. Gainera, zorroaren barnean dagoen bizikleta tolestuaren tamainak ezin izango ditu gainditu gorago aipatu diren neurriak.

Etxeko animalia txikiak garraiatu ahal izango dira, helburu horretarako egoki prestatutako ontzi edo kutxetan eramaten badira eta, hartara, ez badute zikintzen eta ez badiete eragozten gainerako erabiltzaileei. Animalia horien pisua ez da izango 8 kilogramotik gorakoa eta bidaiari bakoitzeko animalia bakarra onartuko da. Garraiorako elementu horren neurriak, gehienez ere, hauek izango dira: 55 x 36 x 35 cm.

Gurpildun aulkiak eta haur aulkiak

Ordenantza berriko zenbait artikulutan ageri dira gurpildun aulkiekin eta mugitzeko beste gailu batzuekin sartzeko arauak, hala nola haur aulkiekin. Haietarako egokitutako tokian joan beharko dute. Era berean, ordenantzak agintzen du gurpildun aulkiak eta antzekoak lotu egin behar direla nahitaez, haietarako gordetako tokietan dauden segurtasun uhalak baliatuta.

Nabarmendu behar da gurpildun aulkien eta mugitzeko beste gailuen gehieneko neurriak hauek izango direla: 120 x 70 x 109 cm edo, erabiltzailea barne hartuta, 300 kilogramoko pisua, bereiz daitezkeen moduluak eta gordetako tokietan kokatzeko desmunta daitezkeenak badira izan ezik.

Autobusean sartu ahal izango den tolestu gabeko haurren aulki kopurua helburu horretarako gordetako tokian sartzen dena izango da. Edonola ere, gurpildun aulki bat sartzen denean leku gordeak beteta badaude, haur aulkiak daramatzatenek tolestu egin beharko dituzte eta toki gordea utzi. Ez dago haur aulki tolestuak sartzeko mugarik.

Araudi berrian zehazten da, gurpildun aulkiak igotzeko eta jaisteko arrapala ez badabil, taxi bati deituko zaiola erabiltzailearen bila joateko, baldin eta hurrengo autobusak taxiak baino denbora gehiago behar badu erabiltzailearengana iristeko.

Mugikortasun murriztuko pertsonentzako eserlekuak

Araudiak zehazpen batzuk adierazten ditu mugikortasun murriztuko pertsonentzako eserlekuak eta tokiak gordetzeari dagokionez. Zehazki,  mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasunez erabiltzeko, gutxienez, bi toki gordeko dira gurpildun aulkiak edo mugitzeko beste gailu batzuk jartzeko eta lau eserleku autobus guztietan. Mugikortasun murriztuko pertsonek (bai eta haurdunek eta haurrak besoetan daramatzatenek ere) lehentasuna izango dute helburu horretarako egokituta dauden lekuak hartzeko. Hala ere, beste bidaiari batzuk eseri ahal izango dira toki horietan, baina beharrezkoa bada gidariak eskatuko die libre uzteko.

Txartelak

Ordenantzaren azken berrikuntzek txartelei egiten diete erreferentzia. Hartara, erabiltzaileak behartuta daude bidaiaren titulu balioduna gordetzera, hondatu gabe eta kontrolatzeko moduko baldintzetan, ibilgailuan dauden bitartean. Gainera, zehazten da pertsona batek baino gehiagok erabiltzen badu garraio txartel bat, autobusetik jaisten den azken pertsonak eduki beharko duela bere esku txartel erabilia.

Azkenik, arau-hausteen kapituluan adierazten da garraio txartel baliodunik ez duten erabiltzaileak 60 €-ko isuna jarrita zigortuko direla. Puntu horretan gogorarazten da eragin horietarako ez dela balioduntzat hartuko profil soziala duen garraio txartel bat erabiltzea haren titularra ez den edozein pertsonak. Zehazten da, gainera, onartuko dela zehapena berehala eta borondatez ordaintzea, arau-haustea detektatu den unean, garraio ikuskariari edo enpresa kontzesioduneko langileari emanda, eta kasu horretan 30 €-koa izango dela isuna. Era berean, 30 €-koa izango da isuna, hurrengo zortzi egun baliodunen barnean ordaintzen bada Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Bulegoan (Navas de Tolosa kalea, 29, behealdea. Iruñea).

Lehen aipatu den moduan, otsailaren 16an, igandea, sartuko da indarrean araudia. Egun horretan, informazio panel batzuk jarriko dira autobusetan eta haietan nabarmenduko dira ordenantza berriaren puntu nagusiak. Gainera, egun horretatik aurrera informazioa emateko eskupaperak egongo dira autobusetan bidaiariek hartzeko eta dokumentu osoa kontsultatu ahal izango da Mankomunitatearen webgunean garraio araudien atalean

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago, eta, ohitura den bezala, Baluarteko plazan kokatua dago
  • 2021eko uztailetik 2022ko uztaila arte bildutako datuek adierazten dute pisua %51 murriztu dela batez beste  
  • Planak barne hartzen du eurotaxien 20 lizentzia gehiago ematea