Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2017/06/28

Hamabi billabesa hibrido berri, Eskualdeko Hiri Garraiorako

Ibilgailu berriak zerbitzua ematen hastean flotaren batez besteko adina 6,7 urtekoa izango da

Gaur goizean, Iruñeko Baluarteko plazan egin den ekitaldi batean, Iruñerriko Mankomunitateak hamabi autobus hibrido berri aurkeztu ditu, gaurtik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioko flotan sartuko direnak. Aurkezpen ekitaldian, zehazki, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa, eta Moventia taldeko lehendakaria, Miquel Martí, izan dira. 

Hamabi ibilgailu berri horietatik sei artikulatuak dira, 18 metroko luzerakoak eta IVECO etxekoak, HEULIEZ GX 437 HYB modelokoak. Motorra hibridoa da, eta 285 ZP-koa (diesel motorra) eta 200 kW-ekoa (motor elektrikoa). Ibilgailu bakoitzean 136 lagun joan daitezke (34, eserita) eta bi aulki gurpildun. Nabarmendu behar da sei ibilgailu hauek manparaerdiak dituztela gidatzeko tokian. 

Beste sei ibilgailuak 12,17 metroko luzerakoak dira, VOLVO etxekoak, 7900 modelokoak. Hauen motorra ere hibridoa da, 240 ZP-koa (diesel motorra) eta 150 kW-ekoa (motor elektrikoa). Ibilgailu hauetako bakoitzean 97 lagun joan daitezke guztira (26, eserita) eta bi aulki gurpildun.  

Gaineratu behar da hamabi ibilgailu horiek Europar Batasunak ezarritako EURO VI kutsadura mugak betetzen dituztela. 

Hitza hartu duenean, Aritz Ayesak nabarmendu du gaur aurkeztu diren sei ibilgailu artikulatuak Estatuan ibiliko diren ezaugarri horietako lehen ibilgailu hibridoak izango direla. Hamabi autobus hauek kontuan hartuta, flotan 21 ibilgailu daude teknologia horrekin, hau da, ibilgailu guztien %15. Hartara, horrek aukera ematen du Mankomunitatea, igorpenei dagokienez, 2030ean neutroa izateko konpromisoan aurrera egiten jarraitzeko. 

Ayesak, era berean, azken urtea aztertu nahi izan du eta nabarmendu du gidarien segurtasun pertsonalaren gaian egin den lana, TCC enpresarekin eta langileen batzordearekin batera gauzatu dena. Alde horretatik, zehaztu du sei ibilgailu artikulatuek segurtasuneko manparaerdiak dituztela eta proba pilotu moduan balioko dutela. Gehitu du hamabi ibilgailuek bideozaintzako kamerak dituztela eta aurreikusita dagoela abuztuaren erdi aldera 115 ibilgailu izatea mota horretako kamerak izango dituztenak. Hain zuzen, kontu horiek eta segurtasuneko beste alderdi batzuk onartu ziren hasiera batean atzo Eskualdeko Hiri Garraioko ordenantzan. Besteak beste, zehapenak aurreikusten dira gizalegearen kontrako jokaeretarako.  

Bere aldetik, Moventia taldeko lehendakari Miquel Martík nabarmendu nahi izan du Eskualdeko Hiri Garraioan berritzearen arloan egiten ari den ahalegina; izan ere, azken bi urteetan 40 autobus eskuratu baitira, hau da, flota osoaren %30.  

Martík adierazi du, aurreikuspenak betetzen badira, 37.000.000 bidaiako kopurua lortuko dela eta horrek zerbitzua kokatuko duela krisiaren aurretik izaten ziren mailen antzekoetan. Halaber, zerbitzuak azken gogobetetasun inkestan lortu duen nota ona azpimarratu du, 7,6, azken urteetako nota onena. Balorazio onena izan duten alderdiak hauek izan dira: puntualtasuna, autobusen garbitasuna, informazioa eta gidarien tratua.

Amaitzeko, Moventia taldeko lehendakariak Mankomunitatea garraio publikoaren alde egiten ari den apustua aipatu du, bi alderdi hauetan ikusten dena: irailetik aurrera hiriguneko zirkulazioa atsegin egiteko hartutako erabaki politikoak eta zerbitzua ematean segurtasuna hobetzeko hartutako neurriak.

Batez beste 6,7 urte dituzten 140 ibilgailuren flota

Hamabi ibilgailu berri hauek eskuratuta eta sanferminen ondoren hamabi zaharrenak kenduta, EHGaren flotak 140 ibilgailu izaten jarraituko du, baina ibilgailuen batez besteko adina 7,8 urtekoa izatetik 6,7 urtekoa izatera igaro da. 140 ibilgailu horietatik, 50 artikulatuak dira (18 metrokoak), 87 tamaina estandarrekoak (12 metrokoak) eta azken hirurak 9,7 metrokoak. 

Zerbitzu honetarako urteko eskakizun handieneko egunetan hasiko dira zerbitzua ematen billabesa berri hauek: San Fermin jaiak. Izan ere, egun hauetan, flotako ibilgailu guztiek, guztira, 260.000 kilometro egingo dituzte, ia 20.700 ordu egingo dituzte zerbitzuan eta 1.700.000 bidaiari baino gehiago eramango dituzte batetik bestera (urteko bidaiari guztien %5 gutxi gorabehera).

Beste albiste batzuk

  • Kanpaina, ikasturte berriaren hasiera eta Mugikortasunaren Europako Astearen ospakizuna batera gertatuko dira
  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara