
Gobernuak, Mankomunitateak eta 18 udalek Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren hitzarmena sinatu dute
Gaur goizean izenpetu dute Nafarroako Gobernuaren, Iruñerriko Mankomunitatearen eta Eskualdeko Hiri Garraioaren lurralde esparruan sartuta dauden udalen arteko lankidetza hitzarmena Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana egiteko (IHMIP).
Hain zuzen ere, Iruñeko Civivox Condestable eraikinean sinatu dute dokumentua, eta bertan parte hartu dute Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, Manuel Ayerdik, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, eta Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuan sartuta dauden 18 udalerrietako alkateek.
Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren xedea da (IHMIP) plan integrala eta koordinatua lortzea, lekualdatzeko modu desberdinen eta Iruñerriko herritarren mugikortasunean eragiten duten elementu desberdinen gainean jarduteko, eta eskumenak dituzten eta jarduketa horiek gauzatuko dituzten administrazio desberdinen artean adostua. Hartara, IHMIPak bidea emango du herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, ingurumen eraginak murrizteko eta energia kontsumoa gutxitzeko.
Dokumentua sinatu eta gero, hitzarmena aurkeztu dute eta ekitaldian esku hartu dute Manuel Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Aritz Ayesa Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak.
Iruñeko alkateak, Joseba Asironek, adierazi du Iruñerriak aurrez aurre dituen erronka garrantzitsuenetako bat mugikortasun iraunkorrarena dela. Hiriko garraioa berotegi efektuko gasen igorle nagusietako bat da eta, horrenbestez, “ezinbestekoa da nahi dugun hiri eredua berriro pentsatzea eta mugikortasunerako eredu berriak ezartzea. Hori da, zehazki, gaur izenpetu dugun Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren helburua, eta Iruñerriko hiriek eta herriek ingurumenarekiko eta hiri eremuetan garapena egokitzearekiko duten konpromisoa erakusten du”. Iruñeko alkateak ohartarazi du gune publikoak birbanatzeari buruz hausnartzeko ordua dela, hiri erakargarriagoak eta bizitzeko egokiagoak eraikitzeko. Hartara, “Iruñerriak hiri handi baten antzera jokatu behar du mugikortasunaren eta iraunkortasunaren gaian. Iruñea, Iruñerriko hiri eta herriekin batera, Mankomunitatearen zerbitzura jarriko da, elkarrekin eta batera lan egiteko hiru ardatz nagusi hauetan: oinezkoentzako korridoreak, garraio publikoa eta bizikleta-sareak”, amaitu du Asironek eta, aldi berean, aipamena egin dio Iruñeko Udalak laster onartuko duen mugikortasun ordenantzari.
Hitza hartu duenean, Ayerdik eskertu egin du hitzarmena sinatu duten erakundeen konpromisoa, ikuspegi integratu batetik mugikortasun iraunkorra lortu eta handituz doan hiri mugikortasunaren ingurumen eragina murrizteko helburuarekin. Lehendakariordearen ustez, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan bat egin eta onartzea “sinatzaile guztien ordezkariek esku hartuko duten bide bat da, bai arlo teknikoan eta bai arlo politikoan ere. Bide bat adostasunean izango da giltza: guztien adostasuna izango da geure buruari jarriko diogun erronka eta bide orria”. Aurreikusita dauden laguntza teknikoak finantzatzearekin lotuta, Ayerdik zehaztu du Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko dituela de facto plana egitearen kostuen %65.
Halaber, Ayerdik gogora ekarri du garapen iraunkorra Nafarroarako duten ikuspegi estrategikoko lehentasunezko ardatzetako bat dela. Gobernuaren ‘Espezializazio Adimendunaren Estrategia’ makroplanak hala definitu, garatu eta zehazten du besteak beste, energia planaren bidez. “2030. urteari begira, funtsezkoa iruditzen zaigu gure mix energetikoa aldatzea, erabilera osoan energia berriztagarrien pisua handituta eta lehen mailako energiaren kontsumo osoa gutxituta. Bi kasuetan garraioa elementu giltzarria da (Nafarroan kontsumitzen den energiaren ia %40aren arduraduna) eta ia osorik erregai fosiletatik dator. Hori dela-eta, HMIP hau aukera bikaina izango da analisi osoagoa egin eta ikusteko nola egituratzen den egun mugikortasuna, bai alderik hiritarrenean, eta bai industria eta merkataritza eremuetarako fluxuetan ere”.
Amaitzeko, Aritz Ayesa Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak hitzarmenaren hiru alderdi hauek nabarmendu nahi izan ditu: erakundeen arteko elkarlana, adostasuna eta orain aurrera begira duten erronka. Hartara, gogora ekarri du joan den urtarrilean udalekin hasi zen lana, eta gero Nafarroako Gobernua gehitu zitzaiola, ideiak aurkeztu eta proiektuari zentzua emanez.
Adostasunari dagokionez, Ayesak nabarmendu du Mankomunitateak duen eginkizuna dinamizatzaile eta koordinatzaile moduan: egiteko hori gauzatzeko, eskualde mailako erakundeak aintzat hartuko du udalen eta gobernuaren autonomia. Esku-hartzea bukatzeko, gogorarazi du orain proiektu konplexua jarri dela martxan eta bertan interes asko bat etorraraztea lortu behar dela, beti osagarriak ez diren interesak. “Guk bizi nahi dugun ingurunea marrazteko eta abiarazteko asmoa duen proiektu batez ari gara, nolako hiriak eta herriak nahi ditugun zehazten ari gara, eta bai haiek gure bizi-kalitatea, iraunkortasuna, igorpenak murriztea eta, horrenbestez, klima aldaketaren eragina murriztea nola lagunduko duten zehazten ere”, adierazi du Mankomunitateko lehendakariak.
Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren helburuak
Gaur izenpetutako hitzarmenaren helburuetako bat da plan estrategiko moduan balioko duen dokumentu bat lortzea, jada badauden plangintza praktiketan oinarritutakoa eta integrazio, parte-hartze eta ebaluazio printzipioak kontuan hartuko dituena, pertsonen eta salgaien egungo eta etorkizuneko premiei erantzuteko, Iruñerrian bizi-kalitate handiagoa lortzeko helburuarekin. Era berean, IHMIPa idaztean parte hartzeko prozesu publiko bat egingo da, plana egin ahal izateko beharrezkoak diren azterlanak egingo dira eta hainbat neurri proposatuko dira, ondoren administrazio bakoitzak IHMIPa ezartzeko bere eskumenen arabera.
Nafarroako Gobernuak, Mankomunitateak eta parte hartuko duten udalek IHMIPa egiteko dituzten betebeharrak ere finkatzen ditu hitzarmenak. Hartara, Nafarroako Gobernuak eta udalerriek beren gain hartu dituzte zenbait betebehar, hala nola behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak eskaintzea lanen jarraipena egiteko, plana egiteko behar den eta daukaten informazioa ematea, eta parte hartzeko prozesuan laguntzea, herritarren iritziak, kezkak eta ekimenak biltzeko. Bere aldetik, Mankomunitateak parte hartzeko prozesua zuzentzeko eta IHMIPa idazteko egokiak diren azterlanak egiteko konpromisoa hartu du.
Iruñerriko Mankomunitateak bere gain hartuko ditu azterlanak eta IHMIPa idazteko lanak egiteko beharrezkoak diren gastuak, eta helburu horretarako behar diren kontratatzeak egingo ditu. 2015-2016rako Iruñerriko Hiri Garraioaren V. Planaren aldaketan aurreikusitako sailaren kontura finantzatuko ditu gastu horiek.
Lanak koordinatzeko eta haiei jarraipena egiteko jarraipen eta koordinazio batzorde bat egingo da, batetik, hitzarmenetik eratorritako betebeharrak betetzen direla zaintzeko eta, bestetik, IHMIPa egiteko oinarrizko arauak edo ildo nagusiak onartzeko. Batzorde hori, hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitateko alderdi politiko bakoitzeko ordezkari batek eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuko Herri Lanetako zuzendari nagusiak eratuko dute. Horrez gain, azpibatzorde tekniko bat finkatuko da, eta hark lanerako plana proposatuko du, IHMIPa egitea koordinatuko du eta gauzatu beharreko jarduketak finantzatzeko plan ekonomiko bat hartuko du barnean. Azpibatzorde hori, zehazki, Iruñeko Udalaren ordezkaritza batek, gainerako udalerrietako ordezkaritza batek, Mankomunitateko ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza batek osatuko dute.
Jarraipen batzordeak baliodundu eta gero, udaletako udalbatzek, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak eta Nafarroako Gobernuak hurrenez hurren onartu beharko dute IHMIPa. Kalkulatu da plana egiteko gutxi gorabehera bi urte behako direla eta, horrenbestez, badirudi 2018aren amaieran bukatuta egongo dela.
Hitzarmenaren testua lotura honetan kontsultatu ahal da.
Beste albiste batzuk
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du
- Jai bat egingo da ekainaren 3an, larunbata, Urkien basoan (Mariano Arigita pasealekua)