Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/04/02

Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzua gehiago murriztuko da apirilaren 4tik aurrera, larunbata

Eguneko zerbitzua lanegunetan eta asteburuetan murriztuko da. Gaueko zerbitzua emateari utziko zaio

Joan den martxoaren 30eko Errege Lege Dekretuak indarra hartu ondotik –funtsezkoak ez diren jarduerak bertan behera uztea ekarri du– eta azken egunetan Eskualdeko Hiri Garraioan egin diren bidaiak aztertu eta gero, larunbatetik aurrera EHGaren zerbitzua gehiago murriztuko du Mankomunitateak eskaera berriari egokitzeko, nahiz eta bermatzen jarraituko zaien erabiltzaileei osasun-agintariek gomendatutako distantzia mantendu ahal izatea, COVID-19 gaitza kutsatzeko arriskua saihesteko.

Hartara, eguneko zerbitzua lanegunetan %58 murriztuko da, osasun-krisiaren aurreko lanegun bateko eguneko zerbitzuaren aldean. Neurri honek apirilaren 6an hartuko du indarra, astelehenean.

Asteburuetako eguneko zerbitzua %47 murriztuko da, ohiko jaiegun bateko zerbitzuaren aldean. Murrizketa honek apirilaren 4an hartuko du indarra, larunbatean.

Azkenik, gaueko zerbitzua emateari utziko zaio, alarma-egoeran gaudenetik ia ez baitago eskaerarik. Apirilaren 3ko gauetik aurrera, ostirala, utziko zaio gaueko zerbitzua emateari.

Gogora ekarri behar da zerbitzuaren bigarren murrizketa hau joan den martxoaren 20an, ostirala, ezarri zenaren ondoren datorrela. Aurreneko horretan, zehazki, lanegunetan jaiegunetako zerbitzua ezarri zen, eta horrek ekarri zuen ohiko lanegun baten aldean, zerbitzua %42 murriztea.

Ohiz kanpoko zerbitzu hau alarma-egoera amaitu arte edo beste aldaketa bat egitea justifikatzen duten inguruabarrak egon arte aplikatuko da.

Apirilaren 4tik aurrera, larunbata, indarrean egongo diren ordutegi eta maiztasun berrien informazio zehatza Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean kontsultatu ahal da (www.infotuc.es), “Tu Villavesa” aplikazioan, eta billabesa guztien barnealdean ere kokatuko da. Ordutegien taula lotura honetan ere ikusgai dago.

Erabiltzaileen kopurua murriztea

COVID-19aren pandemiaren ondoriozko Eskualdeko Hiri Garraioaren ohiz kanpoko zerbitzuaren azken egunetan ikusi da bidaiarien kopuruak behera egin duela azkar. Era berean, ikusi da asteburuetako eskaera lanegun batekoaren erdia dela gutxi gorabehera. Ondorioz, egun dagoen eskaera aurreko urteko egun berberetan zegoenaren %10 izatera ez da iristen ia, egunean 10.000 bidaia baino zertxobait gehiago. Gainera, bidaiarien kopurua gutxitze hori areagotu egin du funtsezko jarduerak bertan behera uztea ekarri duen joan den martxoaren 30eko Errege Lege Dekretuak indarra hartzeak.

Nabarmendu behar da udaltzaingo desberdinak aldian behingo kontrolak egiten ari direla billabesetan, bidaiak arrazoi justifikatuengatik egiten direla bermatzeko. Beste garraiobide batzuetan ez bezala, adibidez ibilgailu pribatuan, Eskualdeko Hiri Garraioan ia ez da gorabeherarik erregistratzen ari kontu horrengatik.  

Mantentzen ari diren beste neurri batzuk

Halaber, joan den martxoaren 20an hartu ziren neurri batzuei eusten jarraituko da:

1- Edukiera handiko autobusak (artikulatuak) erabiliko dira okupazio handieneko lineetan. Gainerako lineetan, autobus artikulatuak erabiliko dira beharrezkoa den eta operatiboki ahal den neurrian.

2- Beharrezkoak diren lineak indartuko dira puntako uneetan, bidaiariak pilatzea saihesteko, eta errefortzu-ibilgailuak edukiko dira, zain, zerbitzuren bat ustekabean sendotu behar bada.

Autobusak hobeki erabiltzea bultzatzeko, gomendatzen da bidaiak –alarma-egoera izendatzean baimendutako arrazoiengatik egin behar diren bidaiak– ahal den heinean haraneko orduetan edo ordu lasaietan egitea (09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik aurrera).

3- Segimendurako neurri moduan, TCCk (EHGaren zerbitzuaren enpresa kontzesioduna) egunero aztertuko du linea desberdinetako okupazio maximoa goizeko puntako orduan 09:00ak arte.

Beste albiste batzuk