Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2016/10/26

Eskualdeko Hiri Garraioan autobus hibridoak erabiltzen egindako lehen urtearen balantze positiboa

Ibilgailuen flotan jada badauden sei autobus hibridoei hiru gehitu zaizkie gaur

Mankomunitateak eta TCC enpresak (Transports Ciutat Comtal) balantze positiboa egin dute autobus hibridoek zerbitzua eman duten lehen urteaz –lau ibilgailu sartu ziren flotan 2015eko uztailean, eta beste bi 2016ko uztailean–, kontsumoak murriztu direla egiaztatu eta gero. Hedabideen aurrean egin duten ekitaldian, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa, eta Moventia taldeko kontseilari delegatua, Josep María Martí, izan dira.  

Ondoren, gaurtik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuko flotan sartu diren hiru ibilgailu hibrido berriak aurkeztu dituzte. Hain zuzen, VECTIA etxekoak dira, VERIS.12 HYBRID modelokoak. Autobus zurrunak dira, 12 metroko luzerakoak, eta hiruren artean 279 plaza dituzte bidaiarientzat –horietatik 72, eserita joateko–, eta 6 plaza, mugikortasun murriztuko pertsonentzat. Ibilgailu berri bakoitzak motor elektriko bat du eta beste bat diesela, Euro VI. Beste ezaugarri batzuen artean, hauek nabarmendu behar dira: geldirik egonda abiatzea soil-soilik modu elektrikoan egiten dute, eta, horrenbestez, horrek esan nahi du igorpen kutsatzailerik ez dutela eragingo geldirik egon eta abiatzean; eta ibilgailuak %100 elektriko bihur daitezke beren bizitza baliagarrian. 

Esku hartu duenean, Aritz Ayesak gogora ekarri du azken urtean 19 ibilgailu berri hasi direla zerbitzua ematen Eskualdeko Hiri Garraioan, eta horrek ekarri duela autobusen flotaren %20 berritzea. Horrek guztiak eragin du ibilgailuen kopuruaren batez besteko adina zazpi urte eta zertxobait gehiagokoa izatea. Gogoan izango denez, lehen lau autobus hibridoak 2015eko uztailean sartu ziren flotan. Ibilgailu horiei aipamena eginez, Mankomunitateko lehendakariak hau adierazi du: “Esperientzia edo erabilerako lehen urte honek, gainera, bidea ematen digu ikuspegi nahikoa edukitzeko egiaztatu ahal izateko aurreneko urte honetan kontsumoak murrizteko asmoak bete ote diren”. Izan ere, autobus hauetan gasolioaren kontsumoa %26,5 murriztu da, eta portzentaje hori bera gutxitu da berotegi efektuko gasen igorpenean.

Aritz Ayesak, era berean, aipamena egin dio 2014an erakundeak jaso zuen karbono aztarnaren egiaztatzeari: “2014an karbono aztarna egiaztatu genuenetik, igorpenak gutxitzeko hainbat helburu jarri genizkion geure buruari, haien artean flotan progresiboki sartzen joatea ingurumenerako errespetuzkoagoak diren konponbide teknologikoak”. Testuinguru horretan sartu behar da hiru autobus hibrido hauek zerbitzua ematen hasi izana eta hurrengo urtean beste 12 hasteko konpromisoa, edo erakundeak biogasarekin egingo dituen beste esperientzia pilotu batzuk.

Amaitzeko, Mankomunitateko lehendakariak iragarri du atzo SCPSAko Administrazio Kontseiluak onetsi zuela energia elektrikoz hornitzeko kontratua urte batez berritzea. Ayesaren hitzetan, berrikuntza da “aste batzuen buruan energia hori jatorri berriztagarrikoa izango dela, hornitzaileak egiaztatzen duen moduan. Horrek esan nahi du erakunde honen kontsumo elektrikoa “0 igorpenekoa” izango dela. Bestela esanda, akordio horren bidez, Iruñerriko Mankomunitateak igorpenen %5 gutxituko ditu”.

Bere aldetik, Josep María Martík, Moventia taldeko kontseilari delegatuak, esku-hartzea hasteko, aurreratu du 2016 honetan Eskualdeko Hiri Garraioko bidaien emaitzak positiboak izaten ari direla, eta gehitu du litekeena dela 2016an, gutxi gorabehera, 2015ean baino milioi eta erdi bidaia gehiago egitea. “Albiste ona da, eta horrek esan nahi du Iruñerriko Mankomunitatea eta TCC Pamplona gauzak ongi egiten ari garela”, zehaztu du. 

Gaur aurkeztu diren hiru ibilgailu berriak direla-eta, Martík azaldu du VECTIA CAF etxearen (trenak eta tranbiak egiten espezialista da) eta CASTROSUA etxearen arteko batasuna dela (erreferentziazko etxea da hiriko autobusei karrozeria jartzen). VERIS.12 ibilgailuen ekoizpen planta Trenasa-Navarran dago, Castejónen.  

Horrez gain, argitu du hiru ibilgailu berri hauek zertxobait desberdinak direla, jada Iruñerrian ibiltzen diren beste seiekin alderatuta. Hain zuzen ere, autobus berriak soil-soilik motor elektriko batekin bulkatzen dira, eta, beste alde batetik, gasolio motorrak elektrizitatea sortzeko balio du. Gainera, balaztatzean sortutako energia “gaitasuna ematekoetan” (bateria antzekoak) pilatzen da, eta horiek motor elektrikoa ere elikatzen dute.

Beste albiste batzuk

  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23