
Eskualdeko Hiri Garraioan %42,61 gutxitu zen bidaia-kopurua 2020an
Eskualdeko Hiri Garraioak 23.321.299 bidaia erregistratu zituen joan den urtean, eta hori aurreko urtean baino %42,61 gutxiago izan zen, 2019an maximo historikoa erregistratu baitzen, 40 milioi bidaiatik gora. Jaitsiera handi hori pandemiaren ondorioengatik eta garraio-zerbitzuan xedatutako edukiera-murrizketengatik izan zen.
Nabarmendu behar da 2020ko lehen hilabeteetan 2015etik genuen joera gero eta handiagoari eutsi zitzaiola. Martxotik aurrera, ordea, etxeko konfinamendua ezarri zenean, bidaiarien kopurua nabarmen gutxitzen hasi zen, eta apirilean jaitsiera %90etik gorakoa izatera heldu zen. Geroztik, kopurua leheneratzea oso pixkanakakoa izaten ari da, eta maximoa irailean lortu zuen. Izan ere, urritik aurrera, kutsatzeen bigarren uhinarekin eta alarma-egoera berriarekin, eskaera murriztu egin zen berriro, nahiz eta lehen konfinamenduko ondoriotik urrun egon zen.
Hartara, 2020an eguneko garraio-zerbitzuan bidaia-kopuruaren jaitsiera nabarmena izan zen (%42,06), baina are handiagoa izan zen gaueko garraio-zerbitzuan (%69,12), martxotik aurrera murrizketa handia izan baitzen eta apirilaren 3a eta ekainaren 22a bitartean ez baitzen eman ere egin zerbitzu hori.
Kopuruen jaitsiera orokortuaren barnean, gehien erabili ziren lineak berriro ere hauek izan ziren: 4. linea (Barañain - Atarrabia), 4.882.652 bidaiarekin, eta 7. linea (Atarrabia - Txantrea - Barañain), 2.388.820 bidaiarekin. 22. linea (Merindadeen plaza – Mutiloa) izan zen jaitsiera txikiena izan zuena aurreko urtearekiko, urtarriletik aurrera ibilbidea luzatu baitzen. 98.807 bidaia izan zituen, eta hori %0,39 gutxitzea izan zen. Halaber, jaitsiera txikiagoa erregistratu zuten 23. lineak (Cordovilla – Olloki), -%24,29rekin, eta 25. lineak (Vianako Printzearen plaza - Mutiloa), -%5,73rekin. Bidaiarien jaitsiera erlatibo handiena izan zuten lineak hauek izan ziren: 2. linea (San Ignazio etorbidea – Etxabakoitz), %55,51ko jaitsierarekin, eta 24. linea (Zirkularra, Landabengo azoka), %53,61eko jaitsierarekin.
Gaueko lineen artean, beste urte batez, gehien erabili zen linea N7 (Sarasate pasealekua - Sanduzelai – Txantrea – Nafarroa Beherea) izan zen, 66.007 bidaiarekin, eta, beraz, aurreko urtearen aldean izan zen jaitsiera erlatiboa %70,24koa izan zen. Portzentajezko jaitsiera txikiena, aldiz, N1 lineak (San Ignazio etorbidea – Zizur Nagusia) izan zuen, %63,72ko jaitsiera izanda.
Tarifengatiko diru-sarreren bilketa 8,8 milioi euro gutxitu zen
2020an erabiltzaileek ordaindutako tarifengatiko diru-sarrera garbien behin-behineko datuan (BEZik gabe), guztizkoa 10.239.860,45 euro izan zen, hau da, aurreko urtean baino %46,29 gutxiago. Horrenbestez, emaitza moduan, tarifengatiko diru-sarreretan 8,8 milioi euro galdu dira, 2019an bildu ziren 19,1 milioi euroen aldean, zerbitzua finantzatzeko horrek dakartzan arazoekin.
Diru-sarreren portzentajezko jaitsiera bidaiena baino pitin bat handiagoa da, seigarren urtez jarraian tarifak bere horretan utzi baitziren eta tarifa altuenetako batzuek erabileraren murrizketa handi bat izan baitzuten 2020an: txartel arrunta (%5,62 2019an eta %3,65 2020an), urtearen zati batean eskudirutan ordaintzeko debekuarengatik; sanferminetako txartel arrunta (%0,75 2019an eta %0 2020an), jaiak bertan behera utzi zirelako; eta gaueko tarifa (%1,24 2019an eta %0,50 2020an), urtearen zati handi batean gaueko zerbitzua etenda egon zelako. Era berean, arrazoia ere bada tarifa merkeenetako baten baten erabilera nabarmen handitu izana: F gizarte-tarifa, gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonentzakoa (%10,90 2019an eta %13,95 2020an), eta linea-aldaketa (%8,12 2019an eta %9,28 2020an).
EHGaren tarifekin eta COVID-19aren krisiaren ondorioekin lotuta, Mankomunitateak doako bidaien bidezko konpentsazio bat onartu zuen, martxoan lehen alarma-egoera deklaratzeak ukitutako Eskualdeko Hiri Garraioko aldi baterako abonuak zituzten pertsonentzat. Konpentsazio hori aplikatu zitzaien martxoaren 14a bitarte erosi ziren aldi baterako abonuei, egun hori barne –egun horretan deklaratu zen alarma-egoera–, eta egun horrez geroztik erabili ez zirenei. Abonuen erabiltzaileek erabili gabeko egunen konpentsazioa garraio-txartelaren txanpon-txartelean doako bidaiak automatikoki birkargatzearen bidez egin zen. Ukitutako aldi baterako abonuen 7.172 titularri ekarriko zien onura neurri honek eta haiei 188.107 doako bidaia baliokide emango zitzaizkien. Bidaien birkargatze automatikoa alarma-egoeraren amaieratik, ekainean, irailaren 30a arte egin zen. Azkenean, denbora-tarte horretan, 6.245 abonu konpentsatu ziren (abonu guztien %87,07), eta horrek 165.320 bidaia ekarri zituen eta haietatik 126.061 kontsumitu ziren 2020an (%76,25).
Edukiera mugatuak eta segurtasuna
Pandemian zehar Hiri Garraioko zerbitzuaren segurtasuna dela-eta, TCC Pmplonak, zerbitzuaren enpresa kontzesiodunak, Eskualdeko Hiri Garraioko instalazioak eta ibilgailuen flota higienizatzeko eta kontrolatzeko protokoloa aurkeztu zuen ekainean. Herrialdean eman ziren protokoloetan lehenbizikoetako bat izan zen, eta segurtasuna bermatzen du zerbitzua erabiltzeko orduan.
Halaber, nabarmendu behar da Iruñerriko kutsaduren eguneroko kopuruak handitu edo gutxitu egiten direla billabesen erabilera gorabehera, zeina egonkorra baiten duela hilabeteetatik. Gainera, billabesetako gidariek ez dute gorabehera aipagarririk izan COVID-19aren ondorioz.
Edukierak mugatzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak ezohiko neurriak ezarri zituen kutsadurak eteteko, foru-agindu baten bidez. Hartara, urriaren 22tik aurrera, billabesetan %50eko gehieneko edukiera dekretatu zen, baldin eta “flotaren gehieneko edukierak horretarako bidea ematen badu”. Alde horretatik, zehaztu behar da billabesek egunero egiten dituzten 3.000 bidaietatik soil-soilik 70 inguruk gainditzen dutela edukieraren erdia, hau da, %2,3k baino ez.
Ibilgailu berriak flotarako
Mankomunitateak hamasei ibilgailu sartu zituen zerbitzuan, teknologia hibridokoak, gasolioa eta elektrizitatea baliatzen dutenak: bederatzi autobus zurrun, 12 metroko luzerakoak, eta zazpi autobus artikulatu, 18 metrokoak. Era gehigarrian, aldi baterako flota emendatu zen, baja eman beharko ziren autobus zaharrenetatik batzuk erreserbatu baitziren COVID-19aren krisiaren ondorioz sor zitezkeen edukiera-mugak bete ahal izateko. Hartara, 148 ibilgailu izatetik –flota berritu aurretik zegoen kopurua– urte amaieran 157 ibilgailu izatera igaro zen. Hamasei autobus berri horiek aintzat hartuta, flotan 56 autobus daude teknologia hibridokoak, autobus guztien %36, eta 6 autobus elektriko, autobus guztien %3.
EHGko 30 Eguneko 75.256 abonu
2015eko ekainaz geroztik Eskualdeko Hiri Garraioak 30 Eguneko Abonua du. Abonu horrek, hain zuzen, prezio finko batean nahi adina bidaia egiteko aukera ematen du 30 egun naturaleko epean, nahi den egunetan eta nahi den orduetan. Aldi baterako abonu horiek hiru motatakoak dira: orokorra, 31 urtetik beherako erabiltzaileentzakoa (2018a arte 26 urtetik beherakoentzat izan zen) eta familia ugarientzakoa. 2020an, Hiri Garraioko 30 Eguneko 75.256 abonu kargatu ziren. Aurreko urtean 115.159 abonu izan ziren, eta, hortaz, %34,7 jaitsi zen kopurua. 2020ko abonu guztietatik 26.188 abonu orokorrak izan ziren, 39.892 gazteentzako abonuak eta 9.176 familia ugarientzakoak.
Abonu horiek baliatuta, guztira, 4.290.011 bidaia egin ziren: 1.809.522 bidaia 30 Eguneko Abonu orokorraren kategorian, 1.981.951 bidaia gazteentzako 30 Eguneko Abonuaren kategorian eta 498.538 bidaia familia ugarientzako 30 Eguneko Abonuaren kategorian. Hartara, urtean zehar egin ziren bidaien %18,4 ordaindu ziren abonu horien bidez.
2020an zehar, 21.468 txartel pertsonalizatu jaulki ziren, haietan abonuak kargatu ahal izateko, 2019an baino %36,53 gutxiago. Haietatik, 1.634 ‘heldu’ modalitatekoak izan ziren, 4.099 ‘gazte’ modalitatekoak, 3.551 familia ugarientzakoak eta 12.184 gainerako gizarte-profiletakoak.
Amaitzeko, aipatu behar da 2020an 7.534 txartel jaulki zirela F gizarte-tarifari dagokion profilarekin, hau da, gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan diren pertsonentzat, 2019an baino %24,85 gutxiago. Profil horren kontura 3.254.350 bidaia egin ziren; bidaia guztien %13,95, zehazki. Nahiz eta bidaia-kopurua aurreko urtekoa baino txikiagoa den (-%26,52), bidaiari-kopuru osoarekiko portzentajea handiagoa da (%13,95 2020an eta %10,90 2019an).
Txarteletarako makinak erdiko atean (E profila)
Urrian, erdiko atean kokatutako txarteletarako makinak aurkeztu zituen Iruñerriko Mankomunitateak, E profileko txartelak (%65eko desgaitasuna edo handiagoa, baliaezintasun absolutua edo baliaezintasun handia) erabiltzen dituzten eta gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileek eta beren lehen laguntzaileek bidaia ordaindu ahal izateko. Txarteletarako makina horiek Eskualdeko Hiri Garraioa eratzen duten ibilgailu guztietan kokatu ziren. CERMINek (Nafarroan Ahalmen Urritasuna duten Pertsonen Ordezkarien Batzordea) egindako eskaera bati erantzun zion neurri honek.
Garraio-txartelak sakelako telefonoaren bidez kargatzea
Gogora ekarri behar da 2019ko irailaz geroztik ‘EHGko birkarga’ aplikazio berria erabilgarri dagoela, Eskualdeko Hiri Garraioko txartelak sakelako telefonoaren bidez kontsultatu eta birkargatu ahal izateko. Aplikazioa proba pilotu moduan dago, eta Android sistema eragilea duten sakelako telefonoetan baino ez dago operatibo eta soil-soilik NFC teknologia duten mugikor-modelo batzuetan. Hartara, mugikor-mota horietako bat duten pertsonek edozein unetan eta eskudirurik behar izan gabe kargatu ahal dute Eskualdeko Hiri Garraioko txartela.
Urte amaiera bitartean, instalazio aktiboen kopurua 23.519koa zen. 2020an, 120.045 birkarga egin ziren, eta horren zenbateko osoa 1.305.023 eurokoa izan zen. Birkarga horietatik guztietatik 13.581 EHGko abonuenak izan ziren, eta haien zenbatekoa 337.185 eurokoa izan zen; eta 106.464 birkarga txanpon-txartelarenak izan ziren, eta haien zenbatekoa 967.838 eurokoa izan zen.
Beste udalerri bat gehiago, taxi-zerbitzua emateko eremuan
2020an, Biurrun-Olkotz udalerria sartu zen Iruñerrian taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremuan. Horrenbestez, taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremua hogeita zortzi udalerrik eratzen dute egun.
Beste alde batetik, 2020an, Iruñeko espetxerako eta aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzu erregularren lizitazioa onartu zen lau urteko eperako, 2019ko maiatzean eta abuztuan hasi ziren proba pilotuen jarraipen moduan. 2020an, espetxerako eskaerapeko taxi-zerbitzu erregularrak 1.526 zerbitzu egin zituen, eta haietan 2.919 pertsona garraiatu ziren. Horrenbestez, egindako zerbitzu bakoitzeko batezbestekoa 1,91 pertsonakoa izan zen. Aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzu erregularrak, aldiz, 1.533 zerbitzu egin zituen, eta haietan 2.657 pertsona garraiatu ziren. Horrenbestez, egindako zerbitzu bakoitzeko batezbestekoa 1,73 pertsonakoa izan zen.
Taxiaren zerbitzuaren eskaerari dagokionez, eta Eskualdeko Hiri Garraioan gertatu den moduan, pandemiak eragindako jaitsiera oso handia izan zen, aurreko urtearen aldean. Hala, Teletaxi San Fermín elkartearen datuen arabera, igorgailu bidez hitzartutako zerbitzuak 2020an aurreko urtean baino %38,28 gutxiago izan ziren.
Beste albiste batzuk
- Lurzatiak Agustindarren industrialdean daude, eta bien artean 44.340 metro koadro hartzen dituzte
- Margolan hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Margolan hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean