
Eskualdeko Hiri Garraioan %27 hazi zen bidaia-kopurua 2021ean
Eskualdeko Hiri Garraioak 29.675.380 bidaia erregistratu zituen joan den urtean, eta hori 2020an baino %27,25 gehiago izan zen. Edonola ere, pandemiaren aurreko egoera aintzat hartuta, %27ko jaitsiera izan zen, 2019an 40 milioi bidaia baino gehiago izan baitziren. Eskaera lehengoratzea oso pixkanaka ari da gertatzen, 2021eko eskaeraren kopuruak 2019ko kopuruen %73 baitira oraindik ere.
EHGko hilez hileko bidaien bilakaera hau izan zen 2019an, 2020an eta 2021ean:
Eguneko lineek garraiatutako pertsona-kopurua 29.371.230 izan zen (guztizkoaren %98,98), aurreko urtean baino %27,34 gehiago. Eguneko linea guztiek bidaiari-igoera nabarmena izan zuten, aurreko urtearen aldean, Sadar futbol-zelairako errefortzu-zerbitzu bereziak izan ezik.
2021ean, gehien erabili ziren lineak hauek izan ziren: 4. linea (Barañain - Atarrabia), 6.122.646 bidaiarekin, 7. linea (Atarrabia - Txantrea - Barañain), 3.018.995 bidaiarekin, eta 16. linea (Aitzoain - Noain – Beriain), 2.721.669 bidaiarekin. Gehikuntza erlatibo handiena izan zuten lineak 25. linea (Merindadeen plaza – Mutiloartea), %32,65eko gehikuntzarekin, 24. linea (Zirkularra: Donibane – Azoka), %44,19ko gehikuntzarekin, eta 22. linea izan ziren (Merindadeen plaza – Lezkairu), %38,71ko gehikuntzarekin.
L22 (Merindadeen plaza – Lezkairu) –%38,71ko gehikuntzarekin– eta L25 (Merindadeen plaza – Mutiloartea) –%32,65eko gehikuntzarekin– lineen hazkundea Lezkairu auzoaren hirigintza-garapenarekin bat dator. L24 (Zirkularra: Donibane – Azoka) linearen hazkundea, berriz, azoka berriro zabaltzearekin lotuta egon zen, 2020an 2021ean baino hilabete gehiagoan egon baitzen itxita pandemiaren ondorioz.
Gaueko lineetan, bidaiariak 304.150 izan ziren (guztizkoaren %1,02), hau da, aurreko urtean baino %18,84 gehiago. Gaueko linea guztietan izan zen bidaia-igoera nabarmena aurreko urtearekiko. Hain zuzen, gehien erabili ziren lineak hauek izan ziren: N7 (Sarasate pasealekua - Sanduzelai – Txantrea – Nafarroa beherea), 73.363 bidaiarekin, N5 (Nafarroako Gorteak – Uharte), 56.079 bidaiarekin, eta N2 (Sarasate pasealekua – Barañain), 45.614 bidaiarekin. Portzentajezko emendatze handiena R3 lineak (Errefortzua Navarra Arenara), %75,81ekin, N8 lineak (Labriteko aldapa – Mutiloa), %52,66rekin, eta N10 lineak (Nafarroako Gorteak – Sarriguren), %33,40rekin, izan zuten.
Hala eta guztiz ere, gogoan izan behar da pandemiak askoz ere kalte handiagoa egin ziola gaueko zerbitzuari egunekoari baino, zenbait kasutan guztiz edo zati batean bertan behera utzita egon baitzen (2021eko apirila arte N1, N2 eta N7 lineak baino ez ziren egon martxan), gaueko aisia eta ostalaritza zabaltzeko une bakoitzean aplikatzen zihoazen irekiera-ordutegiekin bat eginez.
Tarifengatiko diru-sarrerak %27,2 igo dira
2021ean erabiltzaileek ordaindutako tarifengatiko diru-sarrera garbien behin-behineko datuan (BEZik gabe), guztizkoa 13.017.250,41 euro izan zen, hau da, aurreko urtean baino %27,2 gehiago. Hala ere, 2019ko diru-sarrerekin alderatuta, %31,7ko jaitsiera dakar horrek.
Nabarmendu behar da 2021ean tarifak izoztu edo bere horretan utzi zirela zazpigarren urtez jarraian, eta, hortaz, bidaia bakoitzeko batez besteko diru-sarrerak beherantz egiten jarraitzen du: 2014-2021 aldian %18,6 gutxitu da diru-sarrera hori.
2015ean sortutako tarifen erabilera dela-eta, F gizarte-tarifak, gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonentzakoak, %14,8ko erabilera izan zuen, eta aldi baterako abonuek, 30 eguneko epean zerbitzua mugarik gabe erabiltzeko bidea ematen dutenek, %18,4ko erabilera izan zuten (%7,2, 30 Eguneko abonu orokorra; %8,9, 31 urtetik beherako gazteentzako 30 Eguneko abonua; eta %2,3, familia ugarientzako 30 Eguneko abonua).
EHGaren tarifekin eta pandemiaren krisiaren ondorioekin lotuta, 2021ean erabiltzen jarraitu ziren 2020an konpentsazio moduan eman ziren doako bidaiak. Hain zuzen, 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera deklaratzeak ukitu zituen Eskualdeko Hiri Garraioko aldi baterako abonuak konpentsatzeko eman ziren doako bidaia horiek. Hala, 2021ean, 24.531 doako bidaia erabili ziren guztira.
2021ean, tarifa erabilienak txanpon-txartel orokorra (%36,26) eta F tarifa berezia (%14,78) izan ziren, eta, aurreko urtearekin alderatuta, gehien hazi zirenak noizbehinkako erabilerako txartelak izan ziren: txartel arrunta (%26,34) eta Trinitarioetako sustapen-txartelak (%18,78). Txartel arrunten kasuan, gogoan izan behar da 2020an, pandemiaren hasierako hilabeteetan (martxoaren erdialdetik ekainera), ez zela egon aukerarik bidaia eskudirutan ordaintzeko autobusean. Era berean, familia ugarientzako 30 Eguneko abonuaren erabilera ere hazi zen (%8,66), gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonentzako F tarifa bereziarena (%5,91) eta gazteentzako 30 Eguneko abonuarena (%4,77). Beste alde batetik, nabarmen gutxitu ziren 65 urtetik gorako pertsonen bidaiak (B tarifa berezia: -%7,00) eta gaueko bidaiak (-%9,25), nagusiki, pandemiaren ondorioengatik eta hari lotutako murrizketengatik.
30 Eguneko abonuak
2021ean, Hiri Garraioko 30 Eguneko 89.622 abonu kargatu ziren, aurreko urtean baino %19,09 gehiago. 2021eko abonu guztietatik 28.809 abonu orokorrak izan ziren, 49.133 gazteentzako abonuak eta 11.680 familia ugarientzakoak. 30 Eguneko abonuen birkargen zenbatekoa 2.288.742 eurokoa izan zen, eta hori, aurreko urtearen aldean, %18,24 gehiago izan zen.
Abonu horiek baliatuta, guztira, 5.459.900 bidaia egin ziren: 2.127.167 bidaia 30 Eguneko abonu orokorraren kategorian, 2.642.168 bidaia gazteentzako 30 Eguneko abonuaren kategorian eta 690.565 bidaia familia ugarientzako 30 Eguneko abonuaren kategorian. Abonuen erabilera %27,27 emendatu zen 2020arekiko eta, lehen esan den moduan, urtean zehar egin ziren bidaien %18,4 ordaindu ziren abonu horien bidez.
2021ean zehar, 25.871 txartel pertsonalizatu jaulki ziren, eta haietatik 8.512 F gizarte-profileko txartelak izan ziren (%32,90).
Mugikorraren bidez garraio-txartelak kargatzea
“EHGko birkarga” mugikorrerako aplikazioaren bidez 2021ean egin ziren birkarga guztiak 208.619 izan ziren (185.336 birkarga txanpon-txartelerako eta 23.283 birkarga 30 Eguneko abonuetarako). Hartara, mugikorraren bidez birkargatutako zenbateko guztia 2.277.542 euro izan zen (1.703.060 euro txanpon-txartelean eta 574.482 euro 30 Eguneko abonuetan).
“EHGko birkarga” aplikazioaren erabilera %74,52 emendatu zen 2021ean 2020aren aldean, eta horrek erakusten du garraio-txartelak kargatzeko bitarteko modu gisa gailu mugikorrak erabiltzean pandemiak izan duen inpaktua. Zehazki, 2020an, birkarga guztien %12,71 mugikorraren bidez egiten ziren, eta 2021ean ehuneko hori %18,17ra igo zen.
Prebentzio- eta segurtasun-neurriak
2021ean zehar, zerbitzuan kutsatzeei aurrea hartzeko neurri desberdinak aplikatzen jarraitu zen: ibilgailuak egunero desinfektatzea, edukierak mugatzea autobusetan, osasun-arauen arabera, ahal ziren errefortzu-autobus guztiak erabilgarri eta prest edukitzea, eta ibilgailuak aireztatzea, leihoak irekita edukitzearen eta geraleku guztietan ateak nahitaez zabaltzearen bidez. Era berean, musukoa nahitaez erabiltzeari eutsi zaio, hidrogela banatzeko gailuak daude autobusetan bidaiarien higienerako eta hitzezko mezuak igortzen dira, hainbat neurri gogorarazteko.
Horrez gain, pandemian zehar EHGaren segurtasuna hobetzeko ekintzak ezartzen jarraitu zen. Hartara, maiatzetik aurrera, “Tu Villavesa” mugikorrerako aplikazioak barne hartu zituen autobus bakoitzaren okupazio-mailari buruzko aurreikuspenak. Egun horietan, gainera, abian jarri zen kanpaina bat autobusetan isilik bidaiatzea gomendatzeko eta QR kode bat ezarri zen, bidaiariek era eguneratuan ezagutu ahal izateko EHGan pandemian zehar egin diren ekintzak.
Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia
Uztailaren hasieran, 18 metroko luzerako 10 ibilgailu artikulatu sartu ziren flotan, hibridoak, diesela eta elektrizitatea baliatzen dituztenak. Autobus horiek, hain zuzen, EHGaren zerbitzuan sartuko diren gasolio bidezko azken autobusak izango dira.
2021ean oso aurrerabide nabarmenak egin dira EHGko flotaren estrategia energetikoari dagokionez. “Karbonoari dagokionez 2030ean IM neutroa izateko Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia” onartu eta EHGaren zerbitzuan aplikatu ondoren, progresiboki utziko zaio Eskualdeko Hiri Garraioren flotan gasolioa erabiltzeari eta gas natural konprimatua, jatorri berriztagarriaren bermea duena, erabiltzen duten autobusak sartuko dira flotan, flota osoaren bi herenak lortu arte. Era gehigarrian, eta modu esperimentalean, hidrogenoa baliatzen duen autobusen bat ere sartuko da.
Berehalako urrats moduan, 2022ari dagokion flota-berritzea onartu zen uztailean: gas natural konprimatuak bulkatutako motorrak dituzten 13 ibilgailu izango dira guztira. Horrez gain, Ezkabako garajeetan gasinera edo gas-hornitegia eraikitzea ere onartu zen, bere harguneekin eta instalazio osagarriekin.
Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak Hiri-garraioaren eraldaketa iraunkorrerako toki-erakundeetarako laguntzen programaren barnean egindako deialdia dela-eta, IMk aukera baliatu du flotan autobus elektrikoak sartzea bizkortzeko. Hori dela-eta, irailean, “Autobus elektrikoak sartzeko txoke-plana 2022-2024” onartu zen, zeinak 20 autobus elektriko barne hartzea proposatzen duen, 10 2023an eta beste 10ak 2024an. Gainera, barne hartzen da Ezkabako garajeetan ibilgailu horiek kargatu eta haien mantentze-lanak egiteko beharrezkoa den azpiegitura ezartzea. Jarduketaren aurrekontua 12 milioi euro baino zertxobait gehiago da.
Eskaera berreskuratzea Taxiaren zerbitzuan
2021ean, Taxiaren zerbitzuaren eskaera izugarri baldintzatu dute pandemiak eta aldi bakoitzean jarri diren mugek eta murrizketek. 2020an galdu ziren zerbitzuen ehuneko handi bat berreskuratu da 2021ean, baina une bakar batean ere ez da iritsi 2019ko datuetara. Teletaxi San Fermín elkartearen zerbitzu-hitzartzeen datuen arabera, 2020an galdu ziren zerbitzuen ia erdiak berreskuratu dira. Hala, 2020an %38,28 gutxitu ziren 2019arekiko, pandemiaren aurreko urtearekiko, eta 2021ean kopuru hori %20,31koa izateraino murriztu da.
Eskaeraren araberako taxi-zerbitzu erregularrei ere eragin zien pandemia-egoerak. Aireporturako zerbitzuak 3.047 pertsona garraiatu zituen 1.938 zerbitzutan, egunean 5,31 zerbitzu emanez eta egunean 8,35 erabiltzaile izanez batez beste. Urtearen bigarren seihilekoan oso nabarmena izan zen zerbitzuen lehengoratzea. Espetxerako zerbitzuari dagokionez, 2.895 pertsona garraiatu ziren 1.493 zerbitzutan, egunean 4,09 zerbitzu emanez eta egunean 7,93 erabiltzaile izanez batez beste. Aireporturako zerbitzuan ez bezala, espetxerako zerbitzuaren datuak askoz ere egonkorragoak izan ziren urte osoan zehar.
Prebentzio- eta segurtasun-neurriak direla-eta, 2020an kutsatzeen arriskuari aurrea hartzeko ezarri ziren neurrietako batzuei eutsi zitzaien 2021ean: musukoa nahitaez erabili behar izatea bidaiari guztiek eta ibilgailua desinfektatzea zerbitzu bakoitzaren ondoren, bai barnetik eta bai kanpotik ere.
Beste alde batetik, adierazi behar da 2021ean Adios eta Ukar udalerriak sartu zirela Iruñerrian taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremuaren barnean, eta, horrenbestez, lurralde-eremu hori egun 30 udalerrik eratzen dute guztira.
Beste albiste batzuk
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du
- Jai bat egingo da ekainaren 3an, larunbata, Urkien basoan (Mariano Arigita pasealekua)