Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/05/08

Aldaketak EHGaren zerbitzuan, maiatzaren 11tik aurrera, astelehena

Astelehenetik aurrera, gainera, autobusetako okupazio maximoak jarriko dira martxan, gutxi gorabehera %50ekoak izango direnak

Hurrengo astelehenetik aurrera, maiatzak 11, konfinamendua arintzeko plana dela-eta, Eskualdeko Hiri Garraioak eguneko zerbitzuaren eskaintza handituko du, eskari-emendatzera egokitzen joateko.

Gogoan izango denez, apirilaren 6tik aurrera, astelehena, lanegunetako eguneko zerbitzua %58 murriztu zen osasun-krisiaren aurreko lanegun bateko eguneko zerbitzuaren aldean. Bi egun lehenago, asteburuetako eguneko zerbitzua %47 gutxitu zen jaiegun bateko ohiko zerbitzuaren aldean.

Maiatzaren 11tik aurrera, astelehena, eguneko ohiko zerbitzuaren gaineko murrizketa %44koa izatera igaroko da, nahiz eta era desberdinean aplikatuko den linea desberdinen artean. Larunbat eta jaiegunetan %47ko murrizketa mantenduko da, jaiegun bateko ohiko zerbitzuaren aldean.

Aldaketa berri honekin, astelehenetik aurrera, hilak 11, lanegunetan, linea guztiek orain bezala jarraituko dute, hauek izan ezik: 4. linea (Barañain – Atarrabia), 7.a (Atarrabia – Txantrea – Barañain), 16.a (Aitzoain – Noain- Beriain) eta 18.a (Zizur Nagusiko urbanizazioa – Sarriguren), larunbateko zerbitzu-moduan arituko baitira. Bidaia batzuen hasierak eta amaierak doituko dira, oraingo estaldura bera emateko.

Beste alde batetik, 9. lineak (Renfe – Nafarroako Unibertsitate Publikoa) sanferminetako ibilbidea egingo du Renfetik Askatasun plazaraino, NUP itxita baitago (orain arte ‘Renfe – Vianako Printzearen plaza’ ibilbidea egiten zen). Bi autobusekin emango da zerbitzua, eta maiztasuna 25 minutukoa izango da, azken aste hauetan izan duen 40 minutukoaren ordez.

Larunbat eta jaiegunetan egungo zerbitzuari eutsiko zaio linea guztietarako. Lehenago aipatu den 9. linearen kasuan, ‘Renfe – Vianako Printzearen plaza’ ibilbidea egiten jarraituko da asteburuan.

Gaueko zerbitzuak bertan behera egoten jarraituko du berriro abisua eman arte.

Autobusetako okupazio maximoak ezarri dira

Maiatzaren 11tik aurrera, gainera, autobusetako okupazio maximo berriak jarriko dira martxan, IMko lehendakariaren ebazpen batean finkatuak:

•    18 metroko luzerako autobus artikulatuak = 54 plaza guztira (eserita eta zutik).

•    12 metroko luzerako autobus zurrunak = 37 plaza guztira (eserita eta zutik).

•    10 metroko luzerako autobus zurrunak = 29 plaza guztira (eserita eta zutik).

Era berean, baliogabetuta egoten jarraituko dute gidariaren postutik hurbil, atzean, dauden bi plazek.

Okupazio maximoei dagozkien neurri hauek maiatzaren 3ko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren agindua betetzeko hartu dira, agindu horretan jasota baitago ibilgailu bakoitzean erabilgarri dauden plaza eserien erdiak okupatuko direla eta zutik bidaiatzeko egokitutako gunean bi pertsona joango direla metro koadro bakoitzeko. Okupazio-neurri hauek eraginkorrak izan daitezen, erabilezin gelditu den plaza eseri bakoitzean seinale edo adierazgarri fisiko bat egongo da ibilgailuetan.

Gogora ekarri behar da martxoaren 18az geroztik erabilgarri dauden eserlekuen herenaren okupazio maximoa izaten ari zela autobusetan, ministerio horren beraren agindu batean jaso zenez.

Maskarak nahitaez erabiltzea

Jakina denez, joan den astelehenaz geroztik, maiatzak 4, nahitaez erabili behar dituzte maskarak garraio publikoko zerbitzuen erabiltzaile guztiek. Beste alde batetik, Eskualdeko Hiri Garraioan martxan daude oraindik joan den martxoan hartutako neurrietako batzuk:

1- Edukiera handiko autobusak (artikulatuak) erabiltzen dira okupazio handieneko lineetan. Gainerako lineetan, autobus artikulatuak erabiltzen dira beharrezkoa den eta operatiboki ahal den neurrian.

2- Beharrezkoak diren lineak indartzen dira puntako uneetan, bidaiariak pilatzea saihesteko, eta errefortzu-ibilgailuak edukitzen dira, zain, zerbitzuren bat ustekabean sendotu behar bada.

Autobusak hobeki erabiltzea bultzatzeko, gomendatzen da bidaiak –alarma-egoera izendatzean baimendutako arrazoiengatik egin behar diren bidaiak– ahal den heinean haraneko orduetan edo ordu lasaietan egitea (09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik aurrera).

3- Segimendurako neurri moduan, TCCk (EHGaren zerbitzuaren enpresa kontzesioduna) egunero aztertzen du linea desberdinetako okupazio maximoa goizeko puntako orduan 09:00ak arte.

Indarrean dauden ordutegi eta maiztasunen informazio zehatza Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean kontsultatu ahal da (www.infotuc.es), “Tu Villavesa” aplikazioan eta IMk herritarrei arreta emateko duen telefono-zenbaki honetan: 948 423242.

Beste albiste batzuk

  • 2017az geroztik dauden 97ei batuko zaizkie, eta, beraz, 192 edukiontzi egongo dira 72 herri eta auzotan
  • Bihartik aurrera larunbatetako eskaintza handituko da, eta astelehenetik aurrera, lanegunetakoa
  • Konfinamendua arintzeko plana dela-eta, estanko batzuetako ordutegietan aldaketak egin dira