Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2018/05/29

700.000 bidaiatik gorako emendatzea erregistratu da EHGan urteko lehen lauhilekoan

2017an, erabiltzaileen gogobetetasunaren mailak orain arte erregistratutako balio handiena lortu zuen

2018ko urtarrila eta apirila artean, Eskualdeko Hiri Garraioak 12.813.923 bidaia erregistratu ditu, aurreko urteko aldi berean izan zen kopuruarekin alderatuta (12.090.818), 723.105 bidaia gehiago (%5,98ko hazkundea izan da, hain zuzen).

2017an, era berean, Eskualdeko Hiri Garraioan hazkundea izan zen aurreko urtearekiko (%4,11 gehiago), 36.989.480 bidaiaren kopurua lortu baitzen. Gainera, nabarmendu behar da bidaien emendatzea areagotu egin zela irailaren 4an, “hirigunea atsegin egiteko plana” izenekoaren kariaz, EHGaren sarean abiarazi ziren aldaketetatik aurrera. Hartara, 2017ko lehen zortzi hilabeteetan hazkundea %3,71koa izan zen; irailetik abendua arte, aldiz, igoera %4,87koa izan zen.

Gauden hilabete honetako (maiatza) datuek ere –ixteko dauden datuak dira–  hazteko joera adierazten dutela kontuan hartuta, aurtengo lehen seihilekoan EHGaren Planaren 2018rako hazkunde helburua lortzea gerta daiteke: 910.000 bidaia baino zertxobait gehiago, planak ezarritako 37.900.000 bidaiako erreferentzia ekitaldiaren amaieran lortzeko bidea emango luketenak.  

18 urtean erregistratutako gogobetetasun maila handiena 

Erabiltzaileek Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuarekiko duten gogobetetasunaren mailak 7,8 puntu lortu zituen 10etik 2017an, aurreko urtean baino hamarren bat gehiago eta balio handiena 2000z geroztik (azterlan hau egin zen lehen urtea, zehazki). Gogobetetasun indize hori 24 ezaugarriren batez besteko haztatua eginda lortzen da, zerbitzuaren kalitatean ezaugarri bakoitzari ematen zaion garrantziaren arabera.  

Nabarmendu behar da EHGaren erabiltzaileen %77 emakumeak direla. Generoari dagokionez, gogobetetasun globalaren balioak ez du desberdintasun adierazgarririk: 7,8 puntu ematen dizkiote emakumeek eta 7,9 gizonek. 

Maila handienak eskuratu zituzten ezaugarriak autobusean sartzeko erraztasuna (adibidez, haur aulkiak igotzeko garaian), autobusen segurtasuna (liskarrik ez egotea, bandalismoa…) eta geralekuen irisgarritasuna (ongi kokatuta egotea eta kopuru nahikoa izatea) izan ziren. Maila apalagoa izan zuten garraioaren alderdiak, berriz, bidaiaren prezioa, puntako orduetan indartzeko autobusak jartzea, saturazioak saihesteko, eta kexen eta erreklamazioen sistema izan ziren.
 
Erabilera ohituretan, bidaiak erosketengatik, aisiarengatik, medikuarengana joateagatik, kudeaketak egiteagatik eta lagun edo senitartekoei bisitak egiteagatik egitea emendatu izana nabarmendu behar da: azken neurketetan bidaien %46 egiten ziren arrazoi horiengatik, eta 2017an %50 izan ziren. Lanera joateko autobusa erabiltzeak, ordea, pisua galdu du progresiboki: 2014an bidaien %41 lanera joateko egiten ziren eta 2017an %35. 

Azterlanak, bestalde, agerian uzten du 30 eguneko abonua sendotu egin dela; izan ere, Eskualdeko Hiri Garraioko erabiltzaileen %24k abonu horiek berritu dituzte edo berritzeko asmoa dute hilabete gehienetan. Abonuak erosteak onarpen berezia eduki du adin talde gazteenean: 16 eta 24 urte arteko erabiltzaileen ia erdiek abonua berritu dute edo berritzeko asmoa dute.

“Hirigunea atsegin egiteko plana” izenekoaren kariaz lineetan egindako aldaketei dagokienez, azterlanak adierazten du EHGaren erabiltzaileen %55i eragin dietela aldaketek: %43ri eskuarki erabiltzen duten linean eta %12ri aldian behin erabiltzen dituzten lineetan. Nabarmendu behar da erabiltzaileen %17k uste dutela aldaketa horiek hoberako izan direla beren kasuan, %21ek uste dutela berdin dela eta %16k uste dutela okerrerako izan direla beren kasuan. Erabiltzaileen %45i ez diete eragin.

Amaitzeko, 2017an zerbitzuak izan duen bilakaera dela-eta, azterlanean jasotzen denaren arabera, erabiltzaileen %64rentzat zerbait edo asko hobetu da, %27rentzat ez da aldatu eta %6rentzat zerbait edo asko okertu da. Gainerako %3rek ez dakite edo ez dute erantzun.

Beste albiste batzuk