Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/06/30

16 billabesa hibrido berri Eskualdeko Hiri Garraiorako

Billabesa hauek eskuratuta, flota 159 autobusek eratzen dute eta batez besteko adina 6,75 urtekoa da

Gaur goizean, Eskualdeko Hiri Garraioko garajeetan egin den ekitaldi batean, gaurtik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan sartuko diren 16 autobus hibrido berriak aurkeztu ditu Iruñerriko Mankomunitateak. Ekitaldi horretan, hain zuzen, Nafarroako Gobernuko Garraioko zuzendari nagusi Berta Miranda, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campión eta Moventia taldeko kontseilari delegatu Josep María Martí izan dira.

16 ibilgailu berri horietatik zazpi artikulatuak dira, 18 metroko luzerakoak, MAN markakoak eta ‘Lions’s City 18C Efficient Hybrid’ modelokoak. Haien motorra hibridoa da, 265 kW-eko potentziakoa. Ibilgailu bakoitzak 152 plaza ditu guztira (haietatik 37 eserita joateko), gehi bi aulki gurpildunetarako tokia.

Beste bederatzi ibilgailuak 12 metroko luzerakoak dira, MAN markakoak eta ‘Lions’s City 12C Efficient Hybrid’ modelokoak. Motorra hibridoa da, eta gehieneko potentzia 206 kW-ekoa. Ibilgailu bakoitzak 105 plaza ditu guztira (haietatik 23 eserita joateko), gehi bi aulki gurpildunetarako tokia.

Era berean, adierazi behar da ibilgailu guztiek EURO VI kutsadura-mugak betetzen dituztela, Europar Batasunak ezartzen dituenak. Eta, gainera, denek segurtasuneko manparak dituzte eta bai segurtasuneko bideokamerak ere, eta, horrenbestez, flota osoak, %100ak, sistema hori du.

Ibilgailu hauek erostea 2019an esleitu zen, eta aurreikusita dago uztaileko lehen hamabostaldian hastea lanean, koronabirusaren krisiaren ondorioz matrikulatzeko izapideen kudeaketa amaitzen denean, moteldu egin baita.

Hitza hartu duenean, David Campiónek aukera baliatu du pandemia honetan zerbitzua bermatzeko Mankomunitateko eta TCC enpresako langile guztiak egiten ari diren ahalegina nabarmentzeko. Halaber, adierazi du bidaiarien kopuruek denbora beharko dutela lehengo mailetara iristeko, eta horrek defizita ekarriko diola zerbitzuari. “Horrek behartuko ditu toki-erakundeak eta Nafarroako Gobernua ahalegin ekonomikoa egitera, zerbitzua, osasun-krisia izan bitartean, ezagutzen genituen baldintzetan ematea bermatzeko. Egoera honek finantzaketako konponbide egonkorragoak planteatzera eramaten gaitu, plangintza hobe baterako bidea emango dutenak”, zehaztu du IMko lehendakariak. “Edonola ere –gehitu du Campiónek–, Mankomunitateak jarraituko du Hiri Garraioa kudeatzen, zerbitzuan beti lehenetsi den segurtasunari eta kalitateari eutsita”.

Bere aldetik, Moventia taldeko kontseilari delegatu Josep María Martík adierazi du flota-berritze honekin aurre egingo zitzaiola hurrengo egunetan lortuko zen bidaia-errekorrari. Gehitu du, egungo krisiaren testuinguruan, espero duela “mugikortasuna berreskuratzea zuhurtziaz eta arduraz, mugikortasunarekin batera ekonomia ere mugitzen baita”. Martík herritarrak animatu ditu EHGa erabiltzera, eta alde horretatik Eskualdeko Hiri Garraioko instalazioen eta ibilgailuen flota higienizatzeko eta kontrolatzeko protokoloa nabarmendu du, TCCk jasoa eta herrialdean emandako aurrenekoetako bat. Zehazki, zerbitzua erabiltzeko orduan segurtasuna bermatzen du.

Azkenik, Berta Mirandak gogora ekarri du garraio publikoa funtsezkoa dela herritar guztiontzat eta hau gehitu du: “Eta botere publikook erantzun egokia eman behar diegu, prezio- eta kalitate-baldintza onekin, mugikortasunean dauden premia gero eta handiagoei. Gaur aurkeztu diren 16 ibilgailu berri hauek lagundu egiten dute hiri-garraioak ibilgailu pribatuaren erabileraren aldean dituen abantailak sendotzen: kutsadura txikiagoa, mugikortasun jasangarriagoa, auto-ilarak eta ibilgailuen zirkulazioa murriztea gure udalerrietan, eta dirua eta denbora aurreztea”.

159 ibilgailuko flota, batez besteko adina 6,75 urtekoa duena

16 ibilgailu berri hauek erosi eta bost zaharrenak kenduta, EHGko flotak 159 ibilgailu izango ditu, eta batez besteko adina 6,75 urtekoa izango da. Flota osoa kontuan hartuta, 57 autobus artikulatuak dira (18 metro), 100 autobus 12 metrokoak eta 2 ibilgailu 10 metrokoak. COVID-19aren ondorioz hurrengo hilabeteetan edukieren mugetan egon litezkeen beharrak aintzat hartuta, berriek ordezkatu beharko lituzketen 11 autobusak erreserban utziko dira aldi baterako eta aurrerago kenduko dira.

Nabarmendu behar da, ibilgailu berri hauek eskuratuta, Eskualdeko Hiri Garraioak 56 ibilgailu hibrido dituela eta sei elektriko. Horrek esan nahi du autobus guztien %39 eraginkorrak direla ingurumenari dagokionez.

Udako ordutegia larunbatetik aurrera, uztailak 4

Larunbatetik aurrera, uztailak 4, Eskualdeko Hiri Garraioan udako ordutegia egongo da, eta, beraz, maiztasunak murriztuko dira zenbait lineatan. Gogora ekarri behar da aurreko urteetan ordutegi hori uztailaren 15ean hasten zela aplikatzen, sanferminak amaitu eta gero.

Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela, herritar asko oporretan baitira, eta ikastetxeak eta unibertsitateak itxita baitaude.

Adierazi behar da egun ematen ari den zerbitzua hau dela: 99 autobus lanegunetan (%82, neguko zerbitzu arrunteko 120en gainean), 74 larunbatetan (%77, larunbatetako zerbitzuko 96en gainean) eta 44 igandeetan (%58, igandeetako zerbitzuko 71en gainean).

Uztailaren 4tik aurrera, berriz, udako ordutegia baliabide hauekin beteko da: 98 autobus lanegunetan (%97, 2019ko udako zerbitzuko 101en gainean), 79 larunbatetan (%88, 2019ko udako larunbatetako zerbitzuko 90en gainean) eta 53 igandeetan (%75, 2019ko udako igandeetako zerbitzuko 69en gainean).

Udako ordutegiari dagokion informazio zehatza sareko zutoin eta markesinetan jarriko da. Horrez gain, Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean ere kontsultatu ahal izango da: www.infotuc.es

Beste albiste batzuk

  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...
  • Kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia