Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

IMren Buletineko laburrak
Mankomunitatea
Osteguna, 2018, Abuztua 30

Iruñerriko udalek balorazio hobea eman diote Iruñerriko Mankomunitateari

2018ko iritzi-azterlanak 2010ean eta 2014an jasotakoak baino emaitza hobeak bildu ditu

Mankomunitatea eratzen duten udalen artean erakundeak aurten egin duen iritzi-azterlanak bilakaera positiboa erakusten du 2010ean eta 2014an egin ziren neurketekiko. Zehazki, iritzi-azterlanaren xede izan diren bost taldeetan egin da azterlan hori: alkateak, zinegotziak, kontzejuetako lehendakariak, idazkariak eta udaletako langile teknikariak. 

Mankomunitateak eta SCPSA bere sozietateak udalekin duten harremana aztertzeko, hamaika ezaugarri baloratu dituzte. Tratuan edo harremanean adeitasunez aritzea (8,3 puntu 10etik) eta langile teknikarien profesionaltasuna (8,3) alderdiek izan duten balorazio handia nabarmendu behar da. 7,9 puntu eskuratuta, beste alderdi hauek ere balorazio ona izan dute: arduradun teknikoengana iritsi ahal izatea eta informazioaren fidagarritasuna. Erantzunak azkar ematea (7,6), informazioa eskura izatea (7,5), koordinazioa udalarekin (7,4) eta konpromisoak betetzea (7,4) baloratu diren alderdietako beste batzuk dira. 

Oro har esan daiteke IM eta SCPSArekiko harremanaren ezaugarri guztien balorazioak hobetu direla eta batez bestekoak igo egin direla azterlanaren xede izan diren bost taldeetan. Hartara, alkateen eta idazkarien kategorietan, 2014an balorazioen batez bestekoa hurrenez hurren 7,5 eta 7,3 izatetik 2018an 7,9 izatera igo da. Langile teknikoena harremanaren ezaugarri gehienak hobekien baloratzen dituen taldea da eta batez bestekoa 7,8 izatetik (2014an) 8,2 izatera igaro da (2018an). 

IMren webgunea kontsultatzea

2018ko azterlanak adierazten duen moduan, beren lana egitean, alkateen %56k kontsultatu ohi dute Mankomunitatearen webgunea, zinegotzien %48k, idazkarien %47k eta langile teknikarien %41ek. Kontzejuetako lehendakariek, ordea, ia ez dute webgunea kontsultatzen. 

Webgunea dela-eta balorazio onena lortu duten alderdiak erakutsitako informazioaren erabilgarritasuna (7,4) eta edukiak eguneratzea (7,4) dira. Beste alde batetik, elkarrizketatutako pertsonen %32k ezagutzen dute Mankomunitateak hilero argitaratzen duen IMren buletina. 

Plan Estrategikoan jasotako balioekin identifikatzea

Azterlanaren atal batek aztertu du zein neurritan identifikatzen diren Mankomunitatea eta bere sozietatea 2017-2030 Plan Estrategikoan onartu dituzten ikuspegiarekin eta balioekin. Haietatik, erakundea gehien identifikatzen duten balioak hauek dira: profesionaltasuna eta konpromisoa, kalitatea zerbitzuak ematean, eraginkortasuna, iraunkortasuna eta inplikazioa ingurumenarekiko. Beste balio hauekin, ordea, neurri txikiagoan identifikatzen dira IM eta SCPSA: gardentasuna, koordinazioa, aurrea hartzea, malgutasuna, arintasuna eta berrikuntza.

Emandako zerbitzuen balorazioa

Amaitzeko, egun Mankomunitateak kudeatzen dituen zerbitzuen funtzionamenduari buruzko balorazioa jaso du azterlanak. Zerbitzu horietan balorazio onena jaso dutenak Uraren Ziklo Integrala eta Iruñerriko Ibai Parkea izan dira, batez beste 8,0 puntu lortuta. Hondakinen kudeaketak 7,6 puntu lortu ditu, Eskualdeko Hiri Garraioak 7,0 eta taxien zerbitzuak 6,8. Hartara, zerbitzu guztiek beren emaitzak hobetu dituzte 2010ean eta 2014an egin ziren azterlanekiko.

Otros contenidos