2020ko kudeaketa txostena

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

1.- Sozietatearen egoeraren eta negozioen bilakaera 

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2017-2030 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2018ko ekitaldian.

Agindutako zerbitzuak 2020an ematearekin lotuta, COVID-19ak eragindako pandemiak eta krisi horren kudeaketarako ezarritako murrizketa-neurriek markatu zuen urtea izan arren, nabarmendu behar da zerbitzuak osorik eman zirela, etenik gabe eta erabiltzaileentzako eragin eta ondorio esanguratsurik gabe. Zehazkiago, gure jarduera nagusietako bakoitzaren garapena ezaugarritu duten bereizgarriak hauek izan dira: 

Uraren Ziklo Integrala

  • Hornidura

Urteko ur-ekoizpena 29.798.737 m3-koa izan da, 2019an baino %1,77 gutxiago eta azken bost urteetako batezbestekoa baino %1,06 gutxiago.

COVID-19aren krisiak eragin du ekoizpen-jaitsiera hori. Martxoaren 15ean, igandea, krisia hasi bitarteko ekoizpena 2019koa baino %1,2 handiagoa eta azken bost urteetako batezbestekoa baino %2,2 handiagoa zen. Egun horretatik aurrera alarma-egoera eta konfinamendua hasi zen, jarduera ekonomikoa eten zen eta ondorioz ur-kontsumoa jaitsi zen. Nabarmendu behar da lehen alarma-egoeraren 12 asteetan kontsumo-jaitsiera %3,9koa izan zela 2019arekiko eta %7,4koa aurreko bost urteetako batezbestekoarekiko.

Kontsumo-jaitsiera handiena apirilaren 1a eta 13a artean izan zen; izan ere, aldi horretan, konfinatuta egoteaz gain, funtsezkoak ez ziren jarduerak etenda egon baitziren. Hartara, guztizko ur-ekoizpena apirilean baxuena izan zen erregistroak daudenetik.

Beste alde batetik, konfinamendu-aldiak kontsumo-ereduetan aldaketak ere ekarri zituen. Asteko kontsumo-eredu normala lanegunetan kontsumo handiagokoa da, baina konfinamenduan zehar kontsumoak asko berdindu ziren asteko egun guztietan. Era berean, lanegunetan, kontsumo maximoa goizeko zortziak inguruan izaten da, baina aldi horretan hamaikak arte atzeratu zen.

Nabarmendu beharreko beste datu bat da, nahiz eta Aste Santua urteko kontsumo txikiena izaten duen aldia izan ohi den, 2020an ur-kontsumoa azken urteetako handiena izan zela jaiegun horietan konfinamenduaren ondorioz; hain zuzen, 2019koa baino %11,2 handiagoa izan zen.

Kontsumoak eremuka izandako bilakaera dela-eta, aldi horretan kontsumo-beheratze handienak industria-guneetan eta ostalaritza- eta merkataritza-jarduerako guneetan izan ziren, besteak beste, Iruñeko Alde Zaharrean eta Bigarren Zabalgunean.  Hala ere, kontsumo-emendatzeak ere izan ziren zenbait auzo eta udalerritan, adibidez, Txantrean, Sarrigurenen, Barañainen eta Zizur Nagusian, beren kontsumo-eredu normala nagusiki etxebizitzetakoa baita.

Konfinamendua arintzeak eta ondorengo normaltasun berriak kontsumoak lehengoratzea ekarri zuten, nahiz eta jarduera ekonomikoak baxua izaten jarraitzen duen eta ez diren lortu garaiko berezko kontsumo-balioak. Uztailean eta abuztuan nolabait lehengoratu ziren kontsumoak, eguraldi onari eta prezipitazio-ezari esker.

Uraren jatorria hau izan zen: 

  • Egillor  %51,4 (15.328.133 m3)
  • Urtasun %39,2 (11.684.768 m3)
  • Tiebas %9,4 (2.785.836 m3)

Urteko prezipitazioa Iruñean 810 mm-koa izan da, batezbesteko historikoa baino %5 handiagoa. Abenduko (182 mm), apirileko (113 mm) eta martxoko (106 mm) prezipitazio altuak nabarmendu behar dira, eta urtarrileko, otsaileko eta azaroko baxuak.

Tiebasko EUTEren funtzionamendua programatutakoaren arabera egin zen: ekainaren 23an hasi zen lanean, eta urriaren 15ean itxi zen, eta, hortaz, 114 egun eman zituen jardunean. Aldi horretako beharren %24ri erantzun zien. Tiebasko EUTEn ekoitzitako urteko bolumena 2006an lanean hasi zenetik izan duen batezbesteko historikoa baino %40 handiagoa izan zen.

Hornidura-sarearen ustiapen-emaitzak direla-eta eta kontsumoko kontagailuen irakurketa ixtea falta dela, erregistratu gabeko uraren behin-behineko adierazlea 2020an %11,68koa izan zen, 3.480.064 m3. 3.000.000 m3-tik behera 4 urte eman eta gero, joera amaitu du, nahiz eta datu absolutu ona izaten jarraitzen duen.

Daukagun azpiegitura ongi dago, nahiz eta epe ertain eta luzean inbertsio handiak egin beharko diren, kontsumoko uraren kalitatea eta zerbitzua bermatze aldera. Egun, sareak berritzean egindako inbertsioak gomendatutakoa baino txikiagoak dira, eta, hortaz, berritzeko plan iraunkor bat egitean lan egiten ari da, 2020ko uztailean lanean hasi zen eta inbertsioak optimizatu eta lehenesteko balioko duen sistema aditu bat erabiliz tresna gisa.

Sareak kudeatzean gauzatu diren ekintza nagusiak egiten jarraitu da, besteak beste: sektorizazio-politika, erregistratu gabeko ura sektore dinamikoen arabera lortzea, datuak aztertzeko tresna berriei esker, ur-ihesak bilatzeko teknologia berriak martxan jartzea, zerbitzuaren presioa murriztea, emari-neurgailuak berritzea haien fidagarritasuna hobetzeko eta ur-ihesak konpontzea. 2020an 841 ur-ihes konpondu dira, aurreko urtean bezalatsu.

Zerbitzuaren esparruari dagokionez, gertakari nabarmenena izan da Ultzanuetako Mankomunitateari Lanzko iturburuen kontzesioa eta dagokien eroanbideetatik (Ostitz eta zenbait) hornitutako bezeroak lagatzea. Hartara, hornidura guztiak iturri seguruetatik egiten dira (Egillor, Tiebas eta Urtasungo EUTEak). Halaber, zerbitzuan sartu dira Olaibar udalerriko Olabe, Olaitz eta Enderitz herriak, eta Ezkabarte udalerriko Eusa herria.

Uraren kalitateari dagokionez, urtea normaltasunez joan da, nahiz eta, batik bat lehen seihilekoan, COVID-19aren ondoriozko osasun-egoerak markatu duen eta, urtearen amaieran, Egillorko EUTEn egin diren birmoldaketa-lanek. Hala ere, lan horiek gorabehera, kontsumoko uraren kontrol zorrotza egin da. Ez da erregistratu gorabehera nabarmenik, sareko puntu jakin eta bakartu batzuetan kloro-ezeko kasuak izan ezik, eta bai kontaktuan dauden materialekin lortutako zenbait alderdi ere, kontsumitzailearen txorrotako laginetan. Sarean kloro-maila baxuak egotearekin lotuta Urtasungo EUTEn gorabeherak emendatu izana nabarmendu behar da, materia organiko konplexuaren kontzentrazioa handitzearen ondorioz, eta dagoen tratamenduaren ahalmen maximoa mota horretako materia organikoari aurre egiteko. 

Irailaren 8an, Eugiko urtegia urez hustu zen. Hain zuzen, 170.000 m3 hustu ziren, aurreko urteetan baino zertxobait gehiago, gune anoxikoa handitu baitzen –eta horrek burdina eta manganesoa disolbatzea laguntzen baitu– eta bai materia organiko disolbatua ere, urtegiaren hondoan. Urez hustearen emaitzek adierazten dute 133 kg manganeso, 28 kg burdina eta 179 kg materia organiko kendu zirela. Urez huste horri eta konposatu horiek kentzeari esker, EUTEn egiten den prozesuak ez du eskatzen berariazko tratamendurik sartzean parametro horien kontzentrazioa handitzean. Adierazi behar da urtegiaren hartzaileak, Arga ibaiak, ez duela aldaketa esanguratsurik izaten, ur-emaria handitzea eta tenperatura pitin bat hoztea (21 gradutik 19,9ra) izan ezik, Iruñerrian euria egiten duenean izaten den egoera antzeko bat. 

Uraren Osasun Plana hedatzen jarraitu da, 2013an egindako diagnostikoko arrisku adierazgarriak minimizatuta. Urte honetan egindako mugarri garrantzitsu hauek nabarmendu behar dira:


  • Olaibar eta Ezkabarte hornitzeko lanak amaitu dira, eta, hortaz, IMn sartu dira Olabe, Olaitz, Enderitz eta Eusa herriak.

  • Ponpaketa berria jarri da martxan Soraurendik Eusako ur-biltegira, eta konexioa Makirriainen dagoen sarera, Ezkaba mendiaren iparraldeko mazelan dauden herriak, Txulapaingoak, bi hornidura-iturri desberdinetatik hornitzeko bidea emanez. Halaber, urtearen amaieran linea horretatik Azotz hornitzeko obrak hasi dira.

  • Urtasungo EUTEko tratamenduak hobetzearen ildotik, birmoldaketako II. fasea gauzatu da: ur-lineako dekantazio-tangak berritu dira. Une honetan, hurrengo fasean ari gara lanean, sarrerako obra, tratamendu osagarriak, erreaktiboen gela eta lohien instalazioa berritzeko.

  • Ur-biltegietako segimendua egin da: bi kamera, beren konektibitatea hobetzeko, kloro-mailak mantentzeari eta berritze zuzenari dagokionez. Ur-biltegietako prebentzio-mantentzerako plana egiten jarraitzen da, bost urtean behin hustu eta garbituta.
  • Hornitutako uraren segimendua egin da amianto-zuntzei dagokienez, eta ez da anomaliarik erregistratu.

  • Lehorteetarako Plana eguneratzea onartu du Ebroko Ur Konfederazioak (abuztuaren 10ean) eta IMren Batzar Nagusiak (2020ko azaroan). 

  • Eugiko urtegian klorofiloen jarraipena egiten jarraitzen da, unean uneko laginketetatik eta analitiketatik eta perfiladorean islatutako joeretatik abiatuta. Ikusi da hazkunde adierazgarria izan dela edukietan, aurreko urteekin alderatuta (antzeko egoera detektatu da beste urtegi batzuetan, hala nola Mairagakoan). 

  • Urtearen bigarren seihilekoan, laginak hartzeko sei dorre berri kokatu dira, hartara, landa-eremuetako gune esanguratsuenak estaltzeko. Beharra detektatzen bada kasu jakin batzuetan, laginketetarako instalazio berriak hartuko dira barne.

Programatuta zeuden eta SCPSAko sailek eskatutakoen artean, egin diren kontrolen kopurua 70.940 parametrokoa izan da, 5.663 lagini zegozkionak. Aurreko urtean baino zertxobait gutxiago da, COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz. Edonola ere, hornitutako uraren kalitatea bermatzen jarraitu da. 

Hornidura-sarearen kontrol-informazioa Kontsumoko Uren Informazio Sistema Nazionalean inplementatu da.

Uraren Esparru Zuzentarau berria 2020ko abenduaren 16an kaleratu izana aipatu behar da, gizakiok kontsumitzeko uren kalitateari buruzkoa baita. 2021ean zehar, zehazki aztertuko da eta aplikatzeko beharrezkoak diren programak ezarriko dira, parametro analitiko berriak aztertzetik hasita azken erabiltzaileari eman behar zaion informazioraino.

  • Ibai Parkea

Itxialdi perimetralaren neurrien ondorioz, 2020aren ezaugarrietako bat izan da Ibai Parkean bisitari gehiago ibili dela ekainean, uztailean eta abuztuan, aurreko urteen alean. Era berean, 2020an, ez da eguraldiarekin lotutako gertaera esanguratsurik izan, parkearen funtzionamendu normalean eragin duenik. 

Ibai Parkeari lotutako azpikontratei dagokienez, gorabeherarik gabe egin dute jarduna, eta egokitze-jarduerak nabarmendu behar dira konfinamendu-fasean, COVID-19aren egoeraren ondorioz. 

Urtean zehar gauzatutako jarduketa aipagarrienak hauek izan dira: 

Areatzeko meandroa lehengoratzeko proiektua (Uharte). Amaitu dira inguru honetan egin beharreko jarduketak, eta Ibai Parkearen kudeaketaren barnean sartu da, herritarrek erabiltzeko. Hauek nabarmendu behar dira: “krainer” horma, gainezka-kanala gurutzatzen duen zurezko oinzubia, Areatzeko gunerako habitat moduan balio izateko putzuetan enborrak jartzea –ikusi da faunak erabiltzen dituela– eta bizikletetarako zirkuitu bat egitea, erdiko uhartearen goiko aldean. Urtearen amaieran zuhaitzak landatu ziren eremu osoan, eta asmoa da CO2 hustuleku gisa erregistratzea Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan. 

Irozko zubia zaharberritzeko proiektua. 2020an amaitu egin zen Irozko zubia zaharberritzen. Zubiari atxikitako kanalizazioa kendu zen, segurtasuna hobetzeko, eta zubiaren taularen barnean sartu zen. Era berean, errodatze-geruza berri bat jarri zen zirkulaziorako. Zeuden karelak ordeztu ziren, baranda bat jarrita, eta zubiaren gainezkabidearen begiaren gaineko horma berritu zen, inguruko landareak garbitu ziren eta argiteria publikoa kokatu zen.  

Parkea handitzea, Ororbia – Ibero zatia. Horrez gain, Ibai Parkea handitzeko obrak hasi ziren, Ororbia eta Ibero artean, bi zatitan. Guztira, 5 kilometro. 2020ko abenduan zati horietako oinzubiak kokatu ziren. Ororbiako oinzubia, 66,70 metroko luzera duena eta 3 metroko zabalera muturretan eta 2,2koa erdian. Eta Jaizbidea oinzubia, 38,74 metroko luzera duena eta 3 metroko zabalera muturretan eta 2,2koa erdian. Proiektuaren barnean, gainera, Isterriako zubia konpontzeko lanak egin ziren. 2021eko lehen hilabetean, azken lanak egingo dira, landareztatzea eta seinaleak kokatzea, inauguratzeko.  

Bicimugi proiektuan parte hartzea. Bicimugi proiektuaren barnean, SCPSAk bazkide moduan parte hartzen du Ibai Parkea Eguesibarren zatian handitzeko, 9,5 kilometroren bidez, Uharte Iratiren naturbidearekin lotzeko Ustarrotzen. Europa mailako proiektu bat da, Norvegiaren eta Santiago de Compostelaren arteko konektibitatea ematen duena. Aurreikusita dago 2021ean obrak hasi eta 2022an amaitzea. 

Fauna aztertzea. 2020an berriro ere egin da Ibai Parkean bizi den faunaren azterlana. 2015az geroztik egiten dira azterlanak, eta hala egiaztatu egiten da faunak Parkeari ematen dion erabilera Iruñerrian mugitzeko ardatz bertebral moduan, eta zenbait espezie hazi eta garatzeko habitat natural moduan, hala nola igaraba, kastorea eta hegazti-espezie ugari. 

Ibai Parkea handitzea (Elortz ibaia, Zizur eta Galar). Elortz ibaian handitzeko zatia lizitatzeko proiektua prestatzen amaitzen ari da. Zizur eta Galar udalerriak hartzen ditu zatiak. 2021-2022an gauzatzeko izapidetu nahi da.

Ezkabako UPSa. 2020an amaitu zen Ezkabako UPSa idazten, Lurraldearen Antolaketara bidali zena, parte hartzeko prozesu bat udalekin, kontzejuekin, Aitzoaingo destakamentu militarrarekin eta gizarte-erakundeekin natura-ingurune honen gainean, zenbait urteko iraupena izan duena. Une honetan, Nafarroako Gobernuak onartu zain dago. 


Hiri-hondakinak

2020an, etxebizitzetan eta merkataritzaren alorrean sortutako hondakinak 149.093 tona izan dira, 2019an baino pitin bat gutxiago (%1,10 gutxiago), hortaz. 

Gainerakoen frakzioa %2,5 gutxitu da aurreko urtearen aldean: 2019an 85.510 tona izan ziren eta 2020an 83.400 tona.

Gaikako bilketa bildutako hondakin guztien %42,7 izan da, 2019an baino pixka bat gehiago, nahiz eta aldaketa oso desberdina izan den bildutako frakzioen arabera.

Hartara, arroparen, inauste-hondakinen eta ontzien gaikako bilketak dira gehien emendatu direnak, %48,3, %11,5 eta %7,5, hurrenez hurren. Beste gaikako bilketa batzuek, pisuari dagokionez, beherakadak izan dituzte: %2,4 gai organikoen kasuan eta %6,3 beiraren kasuan.

Bizi dugun pandemiak eta martxoan agindutako alarma-egoerak ohiturak aldatzea ekarri dute berekin, eta hori berehala islatu da hondakinen kudeaketan. Ontzien eta arroparen gaikako bilketak martxoan hasi ziren emendatzen, alarma-egoera deklaratu zenean, eta mantendu egin dira, batik bat konfinamenduko hilabeteetan.

Alarma-egoerak eta hartu ziren babes-neurriek berekin ekarri zuten zenbait bilketa-zerbitzu etetea, esate baterako, etxez etxe tamaina handikoak biltzeko zerbitzua. Zerbitzu horrek neurri handian handitu zuen bere lana uztailetik aurrera, eta azkenean, aurreko urteetako bilketa-kopuru antzekoak izan ziren urte osoa aintzat hartuta. 

Merkataritzakoa den bilketari dagokionez, Iruñeko Alde Zaharrean kartoia eta ostalaritzako beira atez ate biltzekoak %24,6 eta %63,9 gutxitu dira hurrenez hurren, merkataritza-jarduera murriztu izanaren ondorioz.

Industrian ere gertatu da jarduera-jaitsiera, industrialdetako bilketetan ikusten den moduan, bai gainerakoen frakzioari eta bai zurari dagokionez.

  • Bio-hondakinak kudeatzea

Bio-hondakinak berreskuratzeari dagokionez, etxeko eta auzoko konpostajean, edukiontzietan gaika biltzean eta HUAko lohiak eta hondakin berdeak kudeatzean lan egiten jarraitzen da.

2020aren amaieran, etxeko konpostajerako programan izena emandakoak 3.421 familia ziren, hondakinak beren kasa kudeatzeko kategorian (konposta pilan egitea, oiloei edo beste animalia batzuei ematea janari-hondarrak) erregistratuta dauden 795 familiez gain. Kopuru horri auzoko konpostajerako guneak gehitu behar zaizkio: 700 familia dira beren hondakinak haiek birziklatzeko egokitutako gunera eramaten dituztenak. 

2020. urtea berezia eta ezohikoa izan da COVID-19ak eragindako osasun-alertarengatik. Horrek ekarri du aurreikusita zeuden jardueretako batzuk bertan behera utzi behar izatea, adibidez, konpost onenarendako sariketa egitea edo etxebizitzetarako bisitak konfinamendu-hilabeteetan. 2020an, eta betiere beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak beteta, 411 pertsonari eman zaie laguntza telefono bidez eta 307 bisita egin dira etxebizitzetara.

Aurretik aipatu diren parte-hartzaile horiek guztiak aintzat hartuta, kalkulatzen da 2020an 3.043 tona hondakin organiko birziklatu direla.

Auzoko konpostajerako hiru gune jarri dira martxan: bat Sarrigurengo errepidean eta bi Sanduzelai auzoan. 

2020ko maiatzetik aurrera, egoerak horretarako bidea eman duenean, 14 familiaren etxeko konpost-ontzietara botatako hondakinen kantitateak kontrolatu dira. Familia horiek borondatez ari dira parte hartzen, eta balantzak utzi zaizkie beren konpost-ontzietara botatzen dituzten hondakinak pisatzeko. Kontrol edo azterlan horien helburua da bide honetatik kudeatutako hondakinen kantitateen urteroko kalkuluak egiteko erabiltzen diren ratioak doitzea.

  • Gai organikoen gaikako bilketa

Gai organikoen gaikako bilketan, bosgarren edukiontziaren bidez 9.138 tona bildu dira, sortutako gai organiko guztien %18,7. Nabarmendu behar da sarbidea kontrolatzeko sistema duten edukiontziekin lan egin den eremuetan portzentaje hori –COVID-19aren egoeraren ondorioz egin ez diren hondakinen analisiak falta direla– %50etik gorakoa dela kalkulatzen dugula. 

Gai organikoak kudeatzeko bi sistemen bidez sortutako gai organiko guztien %20,2 berreskuratu dira, eta, beraz, Nafarroako Hondakinen Planean ezarrita dauden helburuetatik urrun gaude oraindik.

  • Edukiontzietarako sarbidea kontrolatzeko sistema

Sarbidea kontrolatzeko sistema duten edukiontziak hedatzeari dagokionez, azaroaren 24an Administrazio Kontseiluak egin zen saioan hitzartu zen “Iruñerrian edukiontzietarako sarbidea kontrolatzeko sistema batez hornitzea, hura kokatzea, integratzea, martxan jartzea, ustiatzea eta haren mantentzea egitea” kontratua ID&A enpresari esleitzea.

Behin ECAk esleituta, kontratua hasi da eta edukiontzietarako sarbidea kontrolatzeko sistema orokorki hedatzen hasiko da Iruñerriko eremu hiritar eta erdi-hiritar osoan 2021eko azken hiruhilekoan. 


  • Hondakinen kudeaketa Arazuriko HUAn (araztegiko lohiak eta hondakin berdeak)

Arazuriko HUAn sortutako eta jasotako hondakin organiko guztiak birziklatu dira (41.742 tona lohi eta 9.327 tona hondakin berde). Konpost bihurtu dira hondakin berde guziak eta Arazuriko araztegian sortutako lohien zati bat (kantitate osoaren %22), tuneletan konpostatzeko plantan. Gainerako lohiak nekazaritzaren bidez birziklatu dira, Nafarroako Erdialdean.

Nekazaritzan birziklatutako lohien kalitate handiari eutsi zaio, arrazoizko materia lehorrarekin (%18) eta gai organikoen eta ongarrien eduki handiekin. Ekoitzitako konpostari dagokionez, Arazuriko Konposta (B klasea) lohiarekin higienizatzearen eraginkortasuna nabarmendu behar da, eta bai medeagarri organiko ongarritu moduan duen kalitatea. Azkenik, hondakin berdeekin ekoitzitako Arazuriko Konpostari dagokionez (A klasea), lehortasun handia (%78) eta kalitate mikrobiologikoa nabarmendu behar da.

Aurten, nekazarien artean Arazuriko Konposta Nekazaritzarako – C klasea merkaturatzen hasi da. Hain zuzen, 2019aren amaieran lortu zen haren erregistroa MAPAMAn.

5.586 m3 konpost merkaturatu dira, eta haietatik 4.406,68 m3 beste batzuei egindako salmentak dira, eta ekoizpeneko bi lineak sendotu dira: A klasea, begetala, eta B klasea, begetala gehi lohiak. Konpost-motaren arabera, salmentak hauek izan dira: Arazuriko konposta – B klasea, 3.271 m3; Arazuriko konpost begetala – A klasea, 528 m3; eta Nekazaritzarako Arazuriko konposta – C klasea, 376 m3. Gainerakoa gure berdeguneetan birziklatu da, nagusiki, Ibai Parkean, Areatzeko meandroa lehengoratzeko lanetan. Horrez gain, nekazaritzako lursailetan baliatu dira, arautik kanpoko konpost moduan, 1.442 tona.

  • Berreskuratzea

2020an berreskuratutako hondakinen kantitatea 58.968 tona da, 2019koaren antzekoa (-%0,1).

2020ko berreskuratze portzentajea sortutako hondakinen %39,53koa da, 2019ko %39,12aren aldean. 

Ontzi arinak hautatzeko plantan ia 6.000 tona material berreskuratu dira, eta, hortaz, aurreko urteetako berreskuratze-errendimenduari eutsi zaio, pandemiak eskatu dituen segurtasun-arauak aplikatzeagatik ustiatzeak berekin ekarri dituen zailtasunak gorabehera. Emendatzea bat dator edukiontzi horian jasotako materialen kopurua emendatu izanarekin.

  • Isurtzea

HHTZko isurtegira botatako kantitatea 110.030 tona izan da, HHTZ 1992an martxan jarri zenetik isuri den kantitate txikiena. Aurreko urtearen aldean, %3,58 gutxiago bota da. Gutxitze hori etxebizitzetako eta merkataritzako hondakinetan gainerakoen frakzioa murriztu izanaren ondorioa da, eta bai industrietako hondakinak murriztu izanarena ere. Zuzenean HHTZn jasotako industria-hondakinak 6.233 tona izan ziren 2019an eta 4.741 tona 2020an, hau da, %23,9 gutxiago, funtsean apiril eta uztail artean izan zen jarduera txikiarengatik.

Hondakinak tratatzeko proiektu estrategikoak direla-eta, abenduan Iruñerriko Ingurumen Zentroaren aurreproiektua onartu zen, eta ingurumen- eta hirigintza-arloko izapidetzeak hasi dira. Aurreikusita dago proiektua eta obra gauzatzea 2021eko lehen seihilekoan lizitatzea.

Eskualdeko Hiri Garraioa

Eskualdeko Hiri Garraioari dagokionez, 2020an garraiatutako bidaiariak 23.321.299 izan ziren, hau da, aurreko urtean baino %42,61 gutxiago. 

Bidaiari-kopuruaren beherakada handi hori COVID-19 gaitzaren pandemiak eragindako osasun-krisiaren eta hura kudeatzeko dekretatutako alarma-egoeren eragina da. Krisi horren hasieran, etxeko konfinamendua ezarri zuen martxoko alarma-egoeran, 10 bidaiaritik 9 galdu ziren. Egoera lehengoratzeari dagokionez, oso-oso motela ari da izaten; izan ere, urtearen erdi aldera, aurreko urtean garai horretan zegoenaren erdia zen oraindik eskaera. Lehengoratze handiena irailean gertatu zen, aurretik zeuden 10 bidaiarietatik ia 7 ibiltzen baitziren berriro billabesaz. Gero, urritik aurrera, kutsatuen bigarren olatuan eta berriro ere alarma-egoera ezartzean, eskaera murriztu zen berriz, nahiz eta lehenbiziko konfinamenduan baino gutxiago izan.

Zerbitzuaren aldaketekin lotuta, urtarrilaren 20an zerbitzua berrantolatu zen Mutiloan, eta aldaketak 17., 22. eta 25. lineei eragin zien. 17. linean egindako aldaketek, gainera, Mutiloari eta Berriozarri ematen zaien zerbitzua hobetzea ekarri zuten.

Hala ere, aldaketa nagusiak COVID-19aren pandemiak ekarritako osasun-krisiaren eta martxoaren 14a eta ekainaren 20a artean lehen alarma-egoera deklaratzearen ondoriozkoak izan dira (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, eta ondorengo luzapenak) eta urriaren 25etik aurrera bigarren alarma-egoera deklaratzearen ondoriozkoak (926/2020 Errege Dekretua, urriaren 25ekoa, eta ondorengo luzapena):

  1. Hartara, lehen alarma-egoeran (martxoaren 14a eta ekainaren 20a artean) bidaiarien eta langileen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ziren: autobusetara ibilgailuen erdiko atetik sartzea; eskudirutan ordaintzea debekatzea eta gidariaren atzealdean kokatutako txarteletarako makinan ordaindu behar izatea nahitaez; edukierak mugatzea autobusetan; pantailak kokatzea gidariak babesteko; autobusak egunero desinfektatzea; maskarak erabiltzea nahitaezkoa izatea.

Beste alde batetik, eskaintzaren bolumena murriztu egin zen, bidaiari-kopuruak izan zuen beherakada handiarekin bat eginez:

  • Zerbitzuaren lehen murrizketa. Martxoaren 20tik aurrera, jaiegunetako zerbitzua aplikatu zen, salbuespen batzuekin, eta martxoaren 18tik aurrera gaueko zerbitzua murriztu egin zen asteaz egoten den zerbitzura.

  • Zerbitzuaren bigarren murrizketa. Apirilaren 6tik aurrera, lanegunetako eguneko zerbitzuan %58ko murrizketa egin zen, lanegunetako ohiko zerbitzuaren aldean. Asteburuetako eguneko zerbitzuan, apirilaren 4tik aurrera, %47ko murrizketa aplikatu zen, jaiegunetako ohiko zerbitzuaren aldean. Beste alde batetik, gaueko zerbitzua emateari utzi zitzaion apirilaren 3tik aurrera, ostirala.

  • Zerbitzuaren lehen emendatzea. Maiatzaren 11tik aurrera, astelehena, konfinamendua arintzeko aldian, lanegunetako ohiko zerbitzuaren gainean egindako murrizketa %44koa izatera igaro zen –nahiz eta modu desberdinean aplikatu zen linea desberdinen artean–, eta larunbat eta jaiegunetan %47ko murrizketari eutsi zitzaion, jaiegunetako ohiko zerbitzuaren aldean.

  • Zerbitzuaren bigarren emendatzea. Maiatzaren 25etik aurrera, astelehena, lanegunetako ohiko zerbitzuaren gainean egindako murrizketa %39koa izatera igaro zen, nahiz eta modu desberdinean aplikatu zen linea desberdinen artean. Larunbat eta jaiegunetako zerbitzuaren murrizketa %34koa izatera igaro zen, jaiegunetako ohiko zerbitzuaren aldean.

  • Zerbitzuaren hirugarren emendatzea. Ekainaren 8tik aurrera, astelehena, lanegunetako ohiko zerbitzuaren gainean egindako murrizketa %18koa izatera igaro zen, nahiz eta modu desberdinean aplikatu zen linea desberdinen artean. Beste alde batetik, aurretik eta ekainaren 6tik aurrera, larunbata, larunbatetako eskaintza eta jaiegunetakoa bereizi egin ziren berriro, aurreko faseetan batu egin baitziren. Hartara, larunbatak igandeak baino zerbitzu gehiago izatera igaro ziren. Hain zuzen, koronabirusaren krisiaren aurreko larunbatetako zerbitzuaren aldean %23ko murrizketa izan zen.
  1. Gero, ekainaren 20ko 24:00etan alarma-egoera amaitzearekin batera, ekainaren 21etik 22rako gauean (larunbatetik igandera) berriro heldu zitzaion gaueko zerbitzuari, eskaintza bereizia proposatuta: a) igandetik ostegunerako gauak, egun-mota horietarako ohikoak diren ordutegiak eta maiztasunak izanda; eta b) ostiraletako, larunbatetako eta jaiegunen bezperetako gauak, ohikoa den zerbitzua baino pitin bat murritzagoa eskainita, azken irteerak 02:00 inguruan eginez. Aldi berean, bidaiariak autobusetara aurreko atetik sartzea eta txartel arrunta eskudirutan ordaindu ahal izatea berrezarri ziren. Gainerako prebentzio-neurriak mantendu egin dira geroztik, adibidez, autobusak desinfektatzea eta maskarak erabiltzea nahitaezkoa izatea.

  2. Uztailaren 4tik aurrera, larunbata, udako zerbitzua jarri zen abian. Ohikoa baino egun batzuk lehenago egin zen (uztailaren 15ean hasi ohi da), sanferminak bertan behera utzi baitzituzten. Beste alde batetik, gidaria babesteko behin-behineko pantailak progresiboki ordeztu ziren, babesteko manpara zurrunak kokatuta. Eta horrez gain, gel hidroalkoholikoaren banagailuak kokatu ziren autobus guztietan: bat autobus zurrun bakoitzean eta bi ibilgailu artikulatu bakoitzean.

  3. Irailaren 1ean, asteartea, zerbitzu arrunta berreskuratu zen, pandemiaren aurretik zegoenaren oso antzekoa. Hala ere, eguneko zerbitzua larunbat eta jaiegunetan pandemiaren aurretik zegoena baino murritzagoa zen. Ekainaren 21ean ezarri zen moduan eutsi zitzaion gaueko zerbitzuari.

  4. Urriaren 22tik aurrera, osteguna, urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua kaleratzearen ondorioz, edukieraren %50era murriztu zen ibilgailuen okupazioa, floraren edukiera maximoak horretarako aukera ematen baldin bazuen. Baldintza hori betetzeko, erabilgarri zeuden ibilgailuekin posible zen errefortzu kopuru handiena izendatu zen, barne hartuta 2020ko flota-berritzean baja eman gabe gelditu ziren 9 autobusak. Okupazioaren baldintza hau betetzea etengabe egiaztatu da, EHGaren berritze teknologikoan autobusetan bidaiariak zenbatzeko ezarri den zenbaketaren bidez. Horrez guztiaz gain, leihoen erdiak irekita egoten ziren, aireztatzea bermatzeko, eta entzuteko mezuen bidez, bidaiariek eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea komenigarria izatea gogorarazten zen. Beste alde batetik, egun horretatik aurrera, ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetako gaueko zerbitzua 24:00etan amaitzera igaro zen, gainerako egunetan bezala.

  5. Bigarren alarma-egoera (urriaren 25tik aurrera) deklaratu eta gaueko etxeratzea agindu ondoren, gaueko zerbitzua are gehiago murriztu zen. Hartara, azaroaren 2tik aurrera, astelehena, gaueko zerbitzu hori 3 lineak ematera igaro zen (N1, N2 eta N7), dauden gaueko 10 lineek eman ordez. 

Inbertsioei dagokienez, abuztuan 16 ibilgailu hibrido diesel-elektriko sartu ziren zerbitzuan: 12 metroko luzera duten 9 autobus eta 18 metroko luzera duten 7 autobus artikulatu. Inbertsio osoa 4.028.500 eurokoa izan zen (BEZa kanpo). Beste alde batetik, 2021ari dagokion flota-berritzea ere onartu zen, eta, guztira, 18 metroko luzerako 10 ibilgailu artikulatu eta hibrido izango dira. Gehieneko inbertsioa 5.200.000 eurokoa izango da (BEZa kanpo).

2020aren amaieran, Mankomunitateak falta zen dirulaguntza bat kobratu zuen, 305.532,50 eurokoa. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuaren Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoetako S3 Zuzendaritza Nagusiarekin 2019an izenpetutako hitzarmenekoa zen diru hori, EHGaren 9. linea elektrifikatzeko 2. faserako. Zehazki, hitzarmen honetako dirulaguntza osoa 460.000 eurokoa zen, baina 2019an zuzendaritza nagusi horrek 154.467,50 euro ordaindu zituen eta gainerako zenbatekoa kobratzeko eskubidea galdutzat jo zuen. Mankomunitateak administrazioarekiko auzi-bidearen aurretiko errekerimendua aurkeztu zuen 2020ko martxoaren 2an, eta Nafarroako Gobernuaren 2020ko abuztuaren 1eko akordioaren bidez onartu zen.

Martxan dauden proiektu nagusiak direla-eta, EHGaren berritze teknologikoarekin lotuta, ekipoak martxan jartzea azkendu zen lehen seihilekoan eta berritze teknologikoaren 1. fasea jaso zen ekainaren hasieran. Bigarren seihilekoan, berritze teknologiko horren 2. fasea gauzatu zen, EHGa ordaintzeko eta birkargatzeko era berriak etorkizunean ezartzeko bidea emango duena.

Jarduketa berezi moduan, komunikazio-kanpaina bat egin zuen Mankomunitateak irailean, garraio publikoan bidaiatzearen segurtasunari buruzko informazioa emateko, COVID-19a kutsatzeko arriskuari aurrea hartzeko hartutako segurtasun- eta higiene-neurriak aintzat hartuta. Horrez gain, kanpainaren helburua izan zen erabiltzaileei kontzientzia harraraztea autobusez edo taxiz bidaiatzean arduraz jokatu behar izatearen gainean.

TCCri emandako egungo kontzesioa amaitzean EHGaren kudeaketa dela-eta, COVID-19aren krisiaren eta berekin ekartzen ari den ziurgabetasunaren ondorioz, udazkenera atzeratu zen zerbitzuaren lizitazioaren baldintza ekonomikoei dagokienez erabakiak hartzea, eta baloratzen aritu zen egungo kontratua 2021eko urriaren 31tik harago luzatzea ere. Bien bitartean, kontzesioan energia berriak (biometanoa) inplementatzearen azterlana egiten aritu zen, ikuspuntu juridiko, tekniko eta ekonomikotik, eta bai kontzesioaren baldintza teknologikoak ezartzea aztertzen ere, EHGaren berritze teknologikoaren proiektuaren emaitza kontuan hartuta. Azkenean, TCCk kontzesioaren oreka ekonomikoa berrezartzea eskatu zuen, pandemiaren ondorioak aintzat hartuta: alde batetik, izan dituen gainkostuengatik, eta haietarako kontratua luzatzea edo gainkostu horiek ordaintzea eskatu du; beste alde batetik, bidaiarien kopuruaren jaitsiera ikaragarriarengatik, eta horretarako eskatu du ez aplikatzeko bidaiariengatiko penalizazioa edo zigorra 2020ko martxoaren 14tik aurrera.

Beste alde batetik, lehen seihilekoan Iruñerriko Hiri Garraioaren VII. Plana 2020 izapidetu zen. Batzorde Iraunkorrak otsailaren 10ean egin zuen saioan onartu zuen Planaren proiektua. Dokumentu horren gainean hainbat aldaketa egin ziren, Nafarroako Gobernuak egindako ekarpenen ondorioz, eta bai COVID-19aren krisira egokitzearen ondorioz ere, eta Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak ekainaren 8an egin zuen saioan onartu zuen. Administrazio publikoen ekarpen ekonomikoak, guztira, 17.314.892,68 eurokoak izan ziren, aurreko Garraio Planaren luzapenaren aldean, %2,91 gutxiago.

Garraioaren plan horrek ahalbidetu du pandemiaren ondorioz 2020an zerbitzua finantzatzeko egon diren ohiz kanpoko beharrei aurre egitea. Ohiz kanpoko behar horiek nabarmen emendatuko dira 2021ean, eta horretarako ari da izapidetzen Iruñerriko Hiri Garraioaren VIII. Plana 2021. Batzorde Iraunkorrak abenduaren 29an egin zuen saioan onartu zuen plan horren proiektua, eta ekarpen publikoen emendatzea %34koa izan zen, 17,31 milioi eurotik 23,20 milioira igarotzean. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak alegazioak egin eta gero, Mankomunitatearen Batzar Nagusiak 2021eko otsailean onartuko du.

Zerbitzuari ekonomikoki eusten laguntzeko, Nafarroako Parlamentuak uztailaren 1eko 13/2020 Foru Legea onartu zuen, 25 milioi euroko aparteko kreditu bat laga, arautu eta banatzeko, Nafarroako Toki Ogasunen Partaidetza Funtsaren kontura, COVID-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiengatik neurri apartekoak eta urgentziazkoak hartzearen ondorioz toki-erakundeen beharrei erantzuteko. Legean hiru funts aurreikusten dira, haietako bat hiri-garraiora bideratuta dago eta milioi 1 eurokoa da. Foru-lege hori 14/2020 Foru Legeak, irailaren 1ekoak, aldarazi zuen. Mankomunitateak 989.246,70 euro jaso ditu funts horretatik, eta EHGa finantzatzen duten udaletara transferitu dira, Foru Legearen erabakietan jasota dagoenaren arabera.


Taxi-zerbitzua

Taxiaren zerbitzua dela-eta, 2020an taxiaren tarifak aldatu dira, eta igoera globala %2,65ekoa izan da. Eskaerari dagokionez, eta Eskualdeko Hiri Garraioan gertatu den moduan, jaitsiera oso handia izan da aurreko urtearen aldean eta arrazoia pandemia izan da. Izan ere, Teletaxi San Fermín elkarteak emandako datuen arabera, igorgailu bidez hitzartutako zerbitzuak 2020an %38,28 gutxitu ziren 2019aren aldean, 2019an 944.503 izatetik 2020an 582.962 izatera igarota.

Beste balde batetik, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak 2020ko ekainaren 8an egin zuen saioan, taxiaren zerbitzuari dagokionez, Biurrun-Olkotz udalerria Iruñerriko Mankomunitateari atxikitzeari aldeko irizpena emateko akordioa hartu zuen. Horrenbestez, hogeita zortzi dira Iruñerrian taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremuaren barnean dauden udalerriak.

COVID-19aren pandemiaren ondorioz kutsatzeko arriskua murrizte aldera, Iruñerriko Mankomunitateak hainbat neurri hartu zituen alarma-egoeran, une bakoitzeko osasun- eta zerbitzu-egoeraren arabera:

  • %50era mugatzea taxi-zerbitzuaren eskaintza Iruñerrian taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremuko lizentzietarako. Eskaintza-mugatze horretatik kanpo gelditu ziren ibilgailu atxikia eurotaxia (mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitua) zuten lizentziak).

  • Ibilgailuaren okupazioa murriztea.

  • Eskudirutan ordaintzea debekatzea; horrenbestez, ordaintzeko era bakarra txartel bidez egitea zen, eta tiket inprimatua nahitaez ematea salbuetsita gelditu zen.

  • Ibilgailua desinfektatzea zerbitzu bakoitzaren ondoren, bai barnetik eta bai kanpotik ere. 

  • Taxi-zerbitzuak ‘Pide Taxi’ mugikorretarako aplikazioaren bidez hitzartzea gomendatzea.

Era berean, sektorean osasun-krisiak eragindako ondorio ekonomikoak zati batean arintzeko, hainbat neurri hartu dira: 

  • Publizitate-kanpaina egin da, taxiaren segurtasuna eta zerbitzu publikoa nabarmentzeko. 

  • Ibilgailuen antzinatasun baimendu maximoa luzatzeko izapidetzea hastea. 

  • Taxiaren tasen zati handi bat aldi baterako eteteko izapidetzea hastea.

  • Igorgailua martxan edukitzeagatik Teletaxi San Fermín elkarteari dirulaguntza izendun bat emateko izapidetzea hastea.

  • 2020ko taxientzako dirulaguntzen deialdia aldatzea, COVID-19aren ondorioz sektorearen behar espezifikoagoetara egokitzeko.

Azken puntu horri dagokionez, 2020ari zegozkion taxietarako dirulaguntzen deialdian, berrikuntzaren eta segurtasun elementuen deialdiaren barnean, COVID-19aren aurrean babeserako kokatutako manpara guztien gainean jasotako eskaera guztien zenbatekoa lagundu zen diruz, hau da, 63 eskaera, eta zenbateko osoa 3.493,71 euro izan zen. Desgaitasuna duten pertsonentzako taxi-zerbitzua hobetzeko deialdiaren barnean, 30.005,70 euro eman zitzaizkien 23 eurotaxi lizentziari, gurpil-aulkian ibiltzen diren erabiltzaileei 10.417 zerbitzu emateagatik. Azkenik, ibilgailu ekologikoen deialdiaren barnean, bi lizentziari eman zitzaien laguntza “isurpenik gabeko” ibilgailuak erosteagatik, 2.500 euro bakoitzari, eta 27 lizentziari, “Eco” ibilgailuak erosteagatik (150 eta 300 euro artean bakoitzari). Ibilgailu ekologikoetarako dirulaguntza honen zenbateko osoa 10.000 euro izan zen.

Eskaerapeko taxi-zerbitzu erregularrak direla-eta, aireporturako taxi-zerbitzuaren proba pilotua maiatzaren 1etik aurrera luzatu ondoren, bigarren seihilekoaren hasieran espetxerako eta aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzuen lizitazioa onartu zen 4 urteko eperako, eta zenbatekoak 200.473,51 eurokoa eta 381.134,05 eurokoa dira hurrenez hurren. Kontratu berriaren peko zerbitzuak 2020ko urriaren 16an hasi ziren, zegozkien proba pilotuen jarraipen moduan, eta, hortaz, aldaketa horrek ez zuen inolako eraginik izan erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuan.

Azkenik, taxi-gidari profesionalaren baimena lortzeko probak bertan behera utzi ziren martxoan pandemiak eragindako egoerarengatik eta 2020ko irailaren 19rako egin zen deia. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezin ziren, beharrezkoak ziren osasun-neurri guztiak hartuta. Onartu ziren 79 izangaietatik 46 joan ziren probetara, eta haietatik 32k gainditu zituzten. Hartara, Mankomunitateak eskumena hartu zuenetik jaulki dituen gidari profesionalaren baimenak, guztira, 1.185 dira.


Emaitza ekonomikoak

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 1.011 m€-ko (mila euro) saldo negatiboa izan du 2020ko ekitaldian.

Emaitza horrek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 1.834 m€, negatiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatearena, 823 m€, positiboa. Bi erakundeen jarduera desberdinak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide-sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi erakundeei dagozkien emaitzen azterketak.


SCPSA

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, sozietatearen galeren eta irabazien kontuak 823 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2020an. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu-desbideratzeetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu-aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia-jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun-irizpideei jarraiki eginak— ekonomia kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:

  • Dirulaguntzen periodifikatzeen efektua kenduta, ustiatzetik etorritako diru-sarrerek, oro har, aurretik aurreikusita zegoena baino 3.934 m€ txikiagoa baino izan ez den errealizazioa izan dute, hau da, -%5,15. Salmenten eta zerbitzu-emateen atalean, hiri-hondakinak fakturatzetik lortutako diru-sarrera txikiagoak (1.415 m€), ura saltzetik (838 m€), energia sortzetik (1.094 m€) eta papera saltzetik (245 m€) lortutakoak nabarmendu behar dira, eta aurreikusitakoak baino handiagoak ECOEMBESi fakturatzean (681 m€). Ustiapeneko dirulaguntzen atalean, Nafarroako Ubidearen tarifagatik hasiera batean aurreikusitako diru-sarrerak nabarmendu behar dira, errealizatu gabeak (566 m€), NILSAren transferentzia txikiagoa (515 m€) eta isurketa-kanonaren itzulera txikiagoa (190 m€).
  • Ustiapen-gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita, 4.219 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %6,1, hasierako aurreikuspenen gainetik. Aurrezki horren erdia baino gehiago, 2.323 m€, “Kanpoko zerbitzuak” epigrafean sortu da, eta hartan nabarmendu behar dira konpontze- eta kontserbatze-gastuetan errealizazio txikiagoak (839 m€), publizitate eta komunikaziokoak (782 m€) eta zerbitzu profesional independenteak (373 m€). “Hornidurak” epigrafeak ere errealizazio txikiagoa izan du (1.317 m€), nagusiki, beste enpresa batzuek egindako gastuak txikiagoak izan direlako (566 m€) eta bai energia erostean ere (419 m€). “Langileen gastuak” epigrafeak, aldiz, 550 m€-ko aurrezki garbi batekin lagundu du, "Soldatak, lansariak eta antzekoak" atalean pilatuta. Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino txikiagoak izan dira, 378 m€ gutxiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta dirulaguntzen aldizkakotze kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.

  • Finantza-emaitzak aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira; zehazki, 169 m€-ko zenbatekoa izan da.

Ondorioz, zerbitzuen ikuspegitik, esan daiteke zerbitzuen ekonomia-egitura eta kudeaketa-irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun-printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak.

IM

Lehenago esan den moduan, Mankomunitatearen galeren eta irabazien kontuak 1.834 m€-ko saldo negatiboa izan du. Emaitza negatibo horren jatorria da enpresa kontzesiodunak (TCC) 2020ko ekitaldian bidaiarien garraio publikoko zerbitzuak emateagatik konpentsatzearen behin betiko likidazioaren aurreikuspena ekitaldiko gastu moduan erregistratu izana, oraindik egikaritzeko dagoena. Jarraitutako irizpidea aurreko ekitaldietan aplikatu den berbera da. Aurreko ekitaldietan, ordea, ez zuen izan eragin esanguratsurik ekitaldiaren emaitzan, aurrekoarekiko zena zelako ekitaldiaren aurreikuspenaren zenbatekoan arrazoizko jarraitutasun baten ondorioz, murriztu egiten zuena, baita baliogabetzeraino ere, emaitza horren gaineko efektu negatiboa. 2020 honetan, aldiz, aurreikuspen hori, nagusiki osasun-arloko larrialdi-egoeraren ondorioz, 2.757 m€-ra iritsi da, 2019ko aurreikuspena baliogabetzeagatik ekitaldi honetako gastuak txikiagotzen diren 306 m€-ak baino nabarmen handiagoa den kopuru batera.

Aurreko paragrafoan adierazi denari dagokionez, errepikatu behar da, eta enfasi berezia jarrita, gainera, Mankomunitatearen administrazio-izaerak, eta bai gauzatzen dituen jarduerek ere, berekin dakarrela aurrekontu-irizpideen lehentasuna, administrazio-adieran, ekonomikoen gainean, orekaren zehaztean eta analisian eta, ondorioz, finantzaketarako egokitutako mekanismoenean. Hori dela-eta, 2020ko ekitaldiko behin betiko likidazioa 2021eko aurrekontu-gastutzat hartuko da eta, gainera, ekitaldi honetako bertako aurrekontuko diru-sarreren bidez finantzatzea bermatuta dago arrazoizko eran. Iruñerriko Hiri Garraioko VIII. Planak (2021), Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak onetsiak 2021eko otsailaren 22an, ekitaldi horretan Nafarroako Gobernuak eta zerbitzuaren esparruaren barnean dauden udalek egin beharreko ekarpenen zenbatekoa zehazten du, eta kalkulu horretan, Planak berak jasotzen duen moduan, 2020ko ekitaldiko likidazioaren aurreikuspena sartu da, 2020ko galeren eta irabazien kontuan gastu moduan erregistratu den zenbateko berberarekin. Aurreko ekitaldietan aplikatu direnekiko kontabilitateko irizpideen funtsa ez aldatzeko xedearekin, 2020ko ekitaldiko galeren eta irabazien kontuak ez du inolako aurreikuspenik jasotzen arrazoizko eran benetakoak diren diru-sarrera horiengatik, nahiz eta aintzat hartu behar diren ekitaldiko ekonomia- eta ondare-emaitzaren interpretazio egokia egin ahal izateko.

Aurrekoa gorabehera, eta ekitaldiko emaitzetan eragina izan duten gertakarien artean, adierazi behar da Iruñerriko Mankomunitatea jabetzan partaide zen bi lurzatiren besterentzea, jabetza indibisoa desegiteko epailearen prozedura banaren ondorio moduan. Hain zuzen, liburuetan zuen balioaren gainean 216 m€-ko etekina ekarri du horrek. Era berean, nabarmendu behar da Mankomunitatearen egiturari eusteko eta hori finantzatzeko SCPSA kudeaketa-sozietateak egindako ekarpenen eta kontzeptu horrengatik benetan izandako gastuen arteko desbideratzeek 141 m€-ko saldo positiboa izan dutela Mankomunitatearen emaitzan. Bi inguruabar horiek izan ezik, eta garraio publikoko zerbitzuen likidazioaren aurreikuspenaren efektuaren esanguratsuena, emaitzaren gainerakoa oso-osorik egozpeneko denbora-desberdintasunei eta/edo oreka zehaztean tratamendu ekonomikoaren eta aurrekontukoaren arteko desberdintasunei egotzi ahal zaie.


2.- EKITALDIA ITXI ONDOREN GERTATUTAKO GERTAKARI GARRANTZITSUAK 

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena etengabe hobetzea. Hori dela-eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den sozietate honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izango dituela:

  • Hartutako kudeaketa-formulak indarrean egotea eta bai zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.

  • Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura-mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.

Tokiko maparekin lotuta, 25. zenbakiko NAOn, 2019ko otsailaren 6an, kaleratu da 4/2019 Foru Legea, otsailaren 4koa, Nafarroako Toki Administrazioa Eraberritzekoa.

Foru-lege horrek planteatzen du udalez gaindiko antolaketa, “eskualdearen” figuraren bidez. Hartara, aurrerantzean bera arduratuko da orain arte udalek, arloz arloko mankomunitateek eta antzeko beste erakunde batzuek, gure Foru Komunitatean azken urteetan eratutakoek, gauzatzen zituzten zenbait eginkizun egiteaz. 

Eskualdeak garatzeak foru lege berria exijituko du, eta lege horrek ezarriko ditu zerbitzuak ematea zein baldintzatan garatuko den.

Mankomunitateari eragiten dion neurrian, gerta liteke Taldea eraldatzea ematen dituen zerbitzuak aldatuko direlako eta/edo haiek emateko esparrua aldatuko delako. Eraldatze horrek ez lioke eragin behar funtzionamenduan dagoen enpresa-printzipioari.


3.- AURREIKUS DAITEKEEN BILAKAERA

2015eko urtarrilean, SCPSAko Zuzendaritza Batzordeak SCPSAko I. Berrikuntza Plana onartu zuen. Une horretatik aurrera berrikuntza-plan horretan aurreikusitako ekimen desberdinak jarri ziren abian edo sendotu ziren. COVID-19ak operatibitate arruntean izan duen eragin nabarmena gorabehera, jarduerei eta proposamenei eutsi zaie IDEATE programaren barnean. Era berean, SCPSAren parte-hartzea garatu da Europako HORIZON 2020 STARDUST proiektuan. Berrikuntzaren arloko gainerako jarduna motelduta gelditu da deskribatu den egoerarengatik.


4.- JARDUERAK BERRIKUNTZAREN GAIAN

Zerbitzuak gauzatzean, karbonoari dagokionez, 2030ean jarduerak neutroak izateko erabaki irmoa hartua du Taldeak. Horretarako, ekintza eta proiektu desberdinak ari dira garatzen, helburu hori lortze aldera. Zehazki, 2020an, jarduketa hauek gauzatu dira

  • Karbono-aztarna ebaluatu eta zertifikatzea, eta isurpen-eskubideak erostea. 2019ko karbono-aztarna kalkulatu, ebaluatu eta zertifikatu da (AENOR ISO 14064 ziurtagiria).

  • %100 elektrikoak diren zazpi ibilgailu arin sartu dira flotan. Agustindarren Sareen eta Instalazioen Mantentze Zentroan, lehen gasinera edo gas-hornitegia eraiki da.

  • Egillorko EUTEn, hidrotermia bidezko klimatizazio-sistema bat ezartzeko energia-proiektuak eta isurpenak murriztekoak gauzatu dira.

5.- ARRISKUAK ETA ZIURGABETASUNAK

2020an, osasun-larrialdi bihurtu zen COVID-19a mundu osoan. Osasunaren Mundu Erakundeak pandemiatzat jo zuen, eta, ondorioz, sortutako krisia kudeatzeko neurri zorrotzak hartu beha izatea ekarri zuen, besteak beste, osasun-arloko alarma-egoera deklaratu behar izatea 2020ko martxoaren 14an. 463/2020 Errege Dekretuak, Estatuko Aldizkari Ofizialean kaleratu zenak martxoaren 14an, merkataritzako establezimenduak irekitzeko eta Espainiako Estatuaren barnean herritarrak mugitzeko mugak hartu zituen barne bere xedapenetan. Neurri horiek galera handiak eragin zituzten, eta kalte egin zieten langileei eta sektore publikoko eta pribatuko erakundeei.

Bat-batean etorri zen egoeraz ohartuta, eta, iraupenari eta intentsitateari zegokionez, ziurgabetasuna nagusi bazen ere, Sozietatearen zuzendaritzak ohiz kanpoko neurriak hartu ditu krisia gainditzen laguntzeko, bere jarduketa-esparruan sartuta dauden taldeek, krisi horrek bereziki eragiten ari direnek.

Bai 2020an eta bai 2021ean, hondakinen tarifetan kuota murriztea onartu da COVID-19ak eragindako infekzioak kutsatzeari eusteko prebentzio-neurri moduan itxi behar izan duten edo edukierak mugatu behar izan dituzten jarduera guztietarako.

2020rako eta hurrengo urteetarako planifikatutako inbertsio-proiektu gehienak estrategikoak direla aintzat hartuta, eta nahiz eta inbertsioetakoren batean gauzatze-erritmoa moteldu den osasun-arloko alarma-egoerak ezarritako administrazio-epeak etetearen ondorioz, inbertsioak ez dira gelditu; are gehiago, haien bolumena 2019koa baino handiagoa izan da. Proiektu esanguratsuenetako bi salestarren garai bateko komentuarena eta Iruñerriko Ingurumen Zentroarena dira.

Salestarren garai bateko komentuan erakundearen egoitza berria jartzeko obra gauzatzen ari da, Iruñean. 2020an, obren %15 daude gauzatuta, eta une honetan induskatze arkeologikoko lanak egiten ari dira, eraikitze-lanak hasi aurretik. 15 m€-ko inbertsioa dago aurreikusita, eta kalkulatzen da 2024an hasiko dela zerbitzua ematen.

Une honetan idatzita dago Iruñerriko Ingurumen Zentroaren aurreproiektua. Zentroa Noain-Elorzko Garraioaren Hirian eraikiko da. 2021ean, lursailak erosi eta proiektua eta obra esleituko dira. Aurreikusita dago azpiegitura honetarako 60 m€-ko inbertsioa egitea eta 2024ko bigarren seihilekoan zehar jartzea abian.

Antolaketaren arloko neurriek eta lan-arriskuen prebentziorakoek ahalbidetu dute jarduera segurtasun- eta higiene-baldintza handienetan gauzatzea, bai bezeroentzat eta bai langileentzat ere.

Iruñerriko Hiri Garraioaren VIII. Planak (2021), Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak onetsia 2021eko otsailean, osasun-larrialdiaren egoerak itxura batean berekin ekarriko dituen ondorioak jasotzen ditu aurreikuspenetan eta ebaluazio ekonomikoan, bai 2020an gauzatutako zerbitzuen behin betiko likidazioan eta bai 2021eam zerbitzuen eskaeran eta bolumenean ere, finantzaketa-beharrak egungo egoerara doitzeko.

2020ko ekitaldian oreka ekonomikoa berrezartzeko eskaera bana aurkeztu zuten Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren kontzesiodunak eta hiri-altzarien mantentze-lanen eta publizitate ustiapenaren kontratuaren esleipendunak. Txosten hau idatzi denean ebatzi gabe daude eskaera horiek. Ez dago zehazterik ondorio ekonomikorik izango duten etorkizunean, ez eta, baldin badute, zenbatekoa ere.

Erakundeak ematen dituen zerbitzuen izaera eta erabilera soziala aintzat hartuta, nahitaez eman beharreko zerbitzu publikoak direnez, administratzaileek uste dute pandemiaren aurreko mailan jarraituko duela mantentzen Erakundeak bere jarduera, eta, beraz, aplikatzekoa da funtzionamenduan dagoen enpresaren printzipioa.

6.- FINANTZA-TRESNAK

Taldeak ez du kontratatuta finantza-tresnarik.

7.- FINANTZA-TRESNAK

2020ko ekitaldian, hornitzaileei ordaintzeko batez besteko aldia 37,12 egunekoa izan da.