Kudeatutako zerbitzuak

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

Uraren ziklo integrala

Edateko uraren hornidura eta hondakin uren saneamendua dira Mankomunitatea sortu zenetik, hau da, 1982tik, ematen dituen bi zerbitzuak.

Hornidura

Egun, urez hornitzeko hiru iturri nagusi ditugu: Artetako iturburua, Eugiko urtegia eta Itoizko urtegia, Nafarroako Ubidearen bidez. Iturri horietako bakoitzetik heltzen den ura edateko uren araztegi batean tratatzen da, gizakiok edan ahal izateko:

  • Artetako iturburua - Egillorko Edateko Uren Araztegia
  • Eugiko urtegia - Urtasungo Edateko Uren Araztegia
  • Itoitz-Nafarroako ubidea - Tiebasko Edateko Uren Araztegia

Herritarrak urez hornitzeko sistema honek oinarri du hornitzeko sare bilbe konplexua: 1.465 kilometro hodi eta 140 biltegi ditu. Hartara, Iruñerriko herriek ziurtatuta dute ura izatea, bai kantitateari eta bai kalitateari dagokionez.

Saneamendua eta arazketa

Iruñerriko biztanleen %95ek sortzen dituzten hondakin urak Arazuriko Hondakin Uren Araztegira bideratzen dira (Iruñetik 3 kilometrora), 1.650 kilometro dituen hodi biltzaileen sare baten bidez.

Araztegi hori 1990ean jarri zuten martxan, eta 1999an handitu. Han, hondakin urak araztu egiten dituzte, tratamendu fisikoa eta biologikoa eginda. Era berean, arazte prozesuan sortzen diren lohiak tratatu egiten dira, gero nekazaritzan eta lorezaintzan erabili ahal izateko; eta lohi horien digestio prozesuan sortzen den biogasa energia termiko eta elektriko bihurtzen da.

Uraren ziklo integralari dagozkion jarduerak zuzenean egiten dituzte Mankomunitateko langileek

Hondakinen bilketa eta tratamendua

Birzikla daitekeen materia bizigabea ahalik eta gehiena balioztatzea eta berreskuratzea etxean modu eraginkorrean sailkatzearen mende dago. Horretarako, gertutasun, erosotasun eta eskuragarritasun errazaren printzipioei jarraituz jarri dira edukiontziak.

Kaleetan hondakinak biltzeko dauden puntu guztiek hiru edukiontzi mota hauek dituzte: ontziak biltzekoa, papera eta kartoia biltzekoa, eta materia organikoa eta gainerakoak biltzekoa. Gainera, biltzeko bi puntutatik batek beira botatzeko iglu erako edukiontzi espezifiko bat du.

Gai organikoak 5. edukiontziaren bidez biltzeko berariazko bilketa berria 2013aren amaieran jarri zen martxan, Barañainen, I. fasean. II. fasea, berriz, 2014ko urrian abiarazi zen, eta bilketa mota hori Iruñeko zenbait auzotara eta bi herritara eraman zuen: Iturrama, Mendebaldea eta Ermitagaña (urriaren 13tik aurrera), Donibane eta Etxabakoitz (azaroaren 3tik aurrera), eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia (azaroaren 24tik aurrera).

Hartara, 2014an 497 edukiontzi marroi kokatu ziren, eta Barañainen zeuden 78ei gehitu zitzaizkien, horrenbestez. Bilketa berri honen bidez 1.028 tona biohondakin berreskuratu ziren 2014an. Beraz, herri eta auzo horietan, biohondakinen %38 eta etxeko hondakin guztien %44 -barne hartuta papera, ontziak eta beira- berreskuratu ziren.

Etxean sortzen diren hondakin bereziak gaika biltzeko helburua duten instalazioak dira garbiguneak. Bi mota daude: finkoak (2 dira), hipermerkatuetako aparkalekuetan daudenak; eta mugikorrak, aurretik ezarrita dagoen maiztasunarekin eta etengabe hainbat herri eta auzotara joaten diren 2 ibilgailu.

Zerbitzu hau osatzeko, bestelako bilketak ere egiten dira: tamaina handikoak, pilak, inauste hondakinak... Bestalde, “atez ateko” zerbitzua dago Iruñeko Alde Zaharreko saltegietan kartoia eta beira biltzeko.

Bilketen plangintza, zerbitzuaren kontrola, ikuskatzea, ibilgailuak eta edukiontziak erostea, eta bilketa berezien diseinua Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko langileek berek egiten dute, eta gauzatzen duen enpresa Fomento de Construcciones y Contratas da, SCPSArekin sinatua duen kontratuaren arabera.

Tratamendua

Dagokion edukiontzian sartu eta gero, hondakinak Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentrora eramaten dira. 1992ko ekainean jarri zuten martxan zentro hori, eta hondakinak tratatzeko bi eremu ezberdin ditu: hautaketa planta eta zabortegi kontrolatua.

Hautaketa plantak birzikla daitezkeen produktuak hartzen ditu, eta gero multzoka sailkatzen dira. Hartara, gaika bereizita daudenean, Ecoembesek eta Ecovidriok izendatutako enpresetara bideratzen dira eta han produktu berriak sortzeko lehengai moduan aprobetxatzen dituzte.

Birziklatu ezin diren hondakinak zabortegira eramaten dira, edukiontzi berdeetan bota direnak. Han, aldian behin lurperatu egiten dira, materia organikoaren hartzidura anaerobioa errazteko. Ateratze eta bideratze sistema baten bidez, sortzen diren gasak energetikoki erabilgarriak izan daitezela lortzen dute.

Eskualdeko hiri garraioa

Hiri kontinuumeko udalerrien artean zeuden mugikortasun arazoak konpontzeko asmoarekin, Mankomunitateak eskualdeko hiri garraioa kudeatzeko ardura hartu zuen.

Zerbitzu berriaren funtsezko xedea izan da hiri eta hiriarteko lineetan zeuden gainjartzeak bateratzea. Horren ondorioz, Iruñerriko auzoen eta udalerrien arteko lotura hobetu ahal izan da, eguneko 23 lineen eta gaueko zerbitzuko 10 lineen bidez, eta tarifen sistema homogeneoa finkatu ahal izan da.

2014an, eskualdeko hiri garraiorako sareak 228,18 kilometro (eguneko zerbitzua) eta 133,91 kilometro (gaueko zerbitzua) zituen. Eta 518 geraleku zituen. Autobus flota 139 ibilgailuk osatzen zuten (horien %100 erraz sartzeko modukoak dira, “zoru baxukoak”). Autobus horiek, batez beste, 7,89 urte zituzten, eta 114 bidaiari hartzeko edukiera.

Zerbitzu hau emateko zeharkako kudeaketaren formula erabiltzen da. Mankomunitateak zerbitzuaren plangintza eta kontrola egiten ditu, eta ‘Transports Ciutat Contal’ enpresak zerbitzua ematen du, dagokion kontzesio kontratuan ezarrita dauden baldintzen arabera.

Taxi zerbitzua

Iruñean eta Iruñerrian taxi zerbitzua hobetzeko eta legedia testuinguru berrira egokitzeko asmoz, 2005ean, Nafarroako Parlamentuak taxiaren gaineko foru legea onartu zuen (9/2005 Foru Legea, uztailaren 6koa). Lege horren bidez, zerbitzua batera emateko eremu bat sortzea bultzatu zen (eremu horrek Iruñerriko 19 udalerri hartzen ditu), eta zerbitzua kudeatzeko ardura Iruñerriko Mankomunitateak hartu zuen. Legeak finkatzen zituen beste neurrietako bat taxi gidaria izateko baimen gehiago sortzea zen: 2006an Mankomunitateak deialdia egin zuen, eta horren bidez beste 90 baimen gehiago eman ziren eta lehendik zeuden 223ei gehitu zitzaizkien.

Eskualdeko ibai parkea

2000. urteko urtarrilean, Iruñerriko zenbait udalek, Nafarroako Gobernuarekin eta NILSA sozietate publikoarekin batera, Iruñerriko Ibai Parkearen Partzuergoa sortu zuten. Beren ibaien uberkak lehengoratzea eta, hartara, ibai inguruen natura balioa berreskuratzean aurrera egitea izan zen helburua. 2003ko udaberrian parkea inauguratu zuten eta Partzuergoak kudeatzea onartu zuen. Kudeatze horrek lan osagarriak egitea eta azpiegiturak konpontzea hartu zuen.

2006an, uraren ziklo integralarekin bat zetorren ikuspegia emateko asmoz, Partzuergoak ibai parkearen kudeaketa 2007tik aurrera Iruñerriko Mankomunitatera eskualdatzea erabaki zuen. Erabaki hori Partzuergoa desegitearekin batera etorri zen. Korridore berde bat da, naturari babesa ematen diona, hiriak ibai inguruari egiten dion presiotik babesten duena, Iruñerriaren paisaia pertzepzioa hobetzen duena, eta komunikatzeko bide garrantzitsua ematen duena, oinez edo bizikletaz erabiltzeko.