Kudeaketa txostena

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

1.- Negozioen bilakaera eta Sozietatearen egoera

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2013-2016 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2014ko ekitaldian.
2014an eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusien garapenak izan dituen ezaugarriak:

Uraren ziklo integrala

2014an ur ekoizpena 937 l/s-koa izan zen, 2013ko ekitaldiarekin alderatuta, %2,03 txikiagoa (2013ko hori izan zen azken 20 urteotako baxuena). Hortaz, 2005az geroztik kontsumoa gutxitzeko dugun joera berretsi zen.


Erregistratu gabeko uraren koefizientea %12,50ekoa izan zen (behin-behineko datua da, fakturatutako kontsumoaren behin betiko kalkuluen zain baikaude). Aurreko ekitaldiko portzentajearen antz-antzekoa da (2013koa %12,47koa izan zen). Adierazi behar da emaitza sektoreko onenen artean dagoela Espainian, ia-ia egungo muga teknikoan.


Emandako uraren kalitateari dagokionez, urtea normaltasunez joan da eta ez da erregistratu nabarmentzeko moduko gertakaririk. Adierazle guztiek (kloro kontzentrazioa, uhertasuna eta bakteriologia kalitatea) berresten dute emandako urak kalitate maila handia duela.


Saneamenduari eta arazteari dagokionez, berriz, adierazleen bilakaerak (uretan esekita dauden solidoak kanporatzea eta oxigeno eskari biokimikoa kentzea) erakusten digu arazte mailak handia izaten jarraitzen duela eta arro hidrografikoko erakundeak ezarritako mugak betetzen direla. Nabarmendu behar dira Arazuriko HUAra iristen den kargan, eragina duen kargan, gertatzen ari diren aldaketak, krisiaren aurreko egoerarekin alderatuta, %25 murriztu dela erakusten baitute. Murrizte horrek eragin esanguratsua dauka HUAko operatiban, arazteko prozesuari eta lohiak sortzekoari dagokionez.


Hiri hondakinak

Hondakinak kudeatzeari dagokion kapituluan, 2014an, bildutako hondakin tonak zertxobait emendatu dira, %0,70, hainbat urtean gutxitzeko joera izan den arren. Paper eta kartoi bilketari dagokio, hain zuzen, emendatze hori (%5,7), paperaren prezioa merkatu denez, edukiontzietan izaten ziren lapurretetan zuzenean eragin baitu.


Gongorako HHTZn isuritako edo botatako hondakin tonak, aurreko urtearekin alderatuta, %6,25 gutxitu dira. Zehazki, HHTZ ireki zenetik erregistratu den kantitate txikiena izan da.


5. edukiontziaren bidez gai organikoak jasotzeko bilketa berria 2013aren amaieran hasi zen, I. fasean, Barañainen.
II. fasea 2014ko urrian hasi zen, eta herri eta auzo hauetara zabaldu zuen bilketa hori:
• Iturrama, Mendebaldea eta Ermitagaña, urriaren 13tik aurrera.
• Donibane, Ipar eta Hego Etxabakoitz, azaroaren 3tik aurrera.
• Zizur Nagusia eta Zizur Txikia, azaroaren 24tik aurrera.


Ezarri den auzoetan eta herrietan harrera ona egin diote bilketa honi. Izan ere, esparru horretan (I. eta II. faseek hartzen dutena) dauden 42.767 etxebizitzetatik 19.118 etxebizitzak eman baitute izena, etxebizitza guztien %44,7k. Emaitza nagusi moduan, bilketa berri honek ekarri du 2014an 1.028 tona biohondakin berreskuratzea, hau da, biohondakinen %38 inguru eta etxeko hondakin guztien %44 berreskuratzea, papera, ontziak eta beira barne.


Biohondakin guztien %50 berreskuratzeko helburuaren ildotik doaz datu horiek. Egun, frakzio horri ematen zaion tratamendua biogasa sortzea da, Caparroson dagoen biometanizazio plantan, eta digeritua laborantzako lursailetan erabiltzea.


Handitze hori ikusi da bildutako tona kopuruaren emendatzean, bereizitako gai organikoetan eta gainerakoen frakzioan bildutakoak, urrian hasitakoan eta azaroan eta abenduan eragin handia izan zuenean.
Arazurin jasotako hondakin organiko guztiak birziklatu dira (31.539 t lohi eta 9.808 t hondakin berde). Nabarmendu behar da lohiak sortzean izan den gutxitzea, aurreko urtearekin alderatuta, %17 gutxiago sortu baitira, jarduera ekonomikoa txikiagoa izan baita, eta hondakin berdeetan material desegokiak egotearen maila txikia, %1 inguru.
Arazuriko Konpostaje Plantak ezin hobeto funtzionatu du: 10.777 t konpost egin dira eta ez du inolako eraginik izan ingurumenerako.


Beste alde batetik, 9.155 m3 konpost merkaturatu dira, aurreko urtean baino %72 gehiago. Dena den, esan behar da salmenta horien %31 enpresa bakari bati egin zaizkiola, ingurumeneko premia jakin batzuk zituelako. Kantitate berezi hori kentzen bada, salmentak modu adierazgarrian murriztu dira 2011tik, %40 inguru, hain zuzen.
Etxean konposta egiteko programari dagokionez, 2014an, 158 familia batu zaizkio. Horrenbestez, 1.985 familia dira une honetan birziklatzeko programa honetan parte hartzen dutenak. Kalkulatzen denez, bide honetatik 1.432 tona birziklatu dira.


2014an, auzoko konpostajerako programari 6 gune berri gehitu zitzaizkion (Iruñea-Mendebaldea, Iruñea-Sanduzelai-2, Antsoain eta Sarriguren-2). Beraz, kalkulatzen denez, 852 familia inguru dira parte hartzen ari direnak eta 267 tona birziklatzen direnak. Jarduketa horiek lotuta daude programa horiek etxebizitza bertikalak dituzten udalerrietako guneetara zabaltzearekin.


HHTZko ustiapenarei dagokionez, 2014an, isuritako karga kutsatzaileek Ingurumen Baimen Integratuak ezarritako isurtze mugak bete dituzte, eta parametro kritikoak (DQO y DBO5) baimendutako mugaren %46koa eta %64koa izan dira. Prezipitazio jarrairik ez izateak, gai organikoak murrizteak eta isurtzeko gelaxkaren beraren ustiatzeak ekarri du, aurreko urtearekin alderatuta, isuritako karga kutsatzaileak murriztu izana.

Iruñerriko Ibai Parkea

2014an, parkea garbitzeko ezarrita dagoen irizpideari eutsi zaio, eta, horrenbestez, jardun berezia egin da ekain, uztail eta abuztuko igandeetan. Hain zuzen ere, lan horien artean sartzen dira asteburuetan irekita egoten diren zerbitzuak garbitzea.

Basartea enpresaren segurtasun txostenean egindako oharren arabera eta bai mantentze-lanetako taldeak egindakoen arabera, segurtasunari eusteko, zuhaitzak ipurditik moztu ziren Zizur Nagusian eta Arren.

Zoladurari eusteko eta hori zaintzeko bi lan egin dira: bata Arletako Jaurerriaren inguruan eta bestea Uharteko Foro Europeo eraikinaren inguruan. Funtsean, hondatuta zeuden zatiak kendu ziren eta osorik ordezkatu.

Era berean, Arreko sifoira iristeko bidean –Txindelapeko bidexkarekin lotzen dena– ere hormigoia bota da, oso hondatuta baitzegoen. Horren antzeko lanak egin dira Berroara Itaroatik iristeko bidean.

Nabarmendu behar da, oro har, ibai parkeko jolas eremuetako zerbitzuak hobetzen joan garela: erretegi gehiago kokatu dira, piknika egiteko mahaiak, zakarrontziak... denborarekin ikusi ditugun premien arabera.

Horren adibide da Orikaingo haur jokoen eremu berria sortu izana. Altzariak handitu dira eta hornidura ezarri da, bost iturri gehiago jarrita, Eusako eremuaren eta Orikaingo hondartzaren artean. Hartara,inguru horretara joan ohi diren herritarrek harrera bikaina egin diete lan horiei. Horrez gain, atseden hartzeko eremu berria sortu da Orikaingo baratzeen inguruan dagoen makaldian.

Zenbait konponketa lan txiki egin ondotik, azkenean, Uharteko tirolinaren egitura nagusia berritu zen. Udaberrian, jolasteko elementu guztiak zaharberritu ziren: lehenbizi lizatu egin ziren eta ondoren margotu.

Parkeko argiei dagokienez, argiteria handitu da bi zatitan: Intxaurditik Belosoko zubiraino doan zatian, eta Eultzako eremutik oinzubi berrirainoko loturaraino doanean.

Ibai parkeko erabilerak arautzen dituen ordenantza 2013an onartu ondoren -parkea eratzen duten udalerriekin elkarlanean egindakoa-, 2014an, berariazko seinaleak kokatu ziren txirrindularientzat. Helburua izan zen bizikleta gainean ibiltzen diren erabiltzaileek kontzientzia hartzea abiadura moteltzeko eta kontuan izateko lehentasuna oinezkoek dutela.

2013an bi uraldi izan ziren: bata urtarrilaren 16an eta bestea, askoz ere handiagoa, ekainaren 9an. Azken horrek kalte handiak eta ugari eragin zituen parkean, eta urtean zehar konpondu ziren, nagusiki, hesiak, barandak eta altzariak jarrita eta garbiketa nagusiak eginda. Lan garrantzitsuenak (ibai ertzeko ezpondak) 2013an aztertu ziren eta aurrekontuetan sartu, eta, hartara, 2014ko udazkenean egin ziren, egokiak ziren baimenak eskuratu ondoren. Lan horiek izan dira bioingeniaritzako teknikak aplikatzea Ugarrandiako eta Dorraburuko presako ezpondak (Uharte) eta Soto Txikikoak (Sorauren) berrezartzeko.

Aipatu beharreko beste esku-hartze batzuk izan dira ibai parkea handitu den zati berrian landatu diren zuhaitzak (lau kilometro) eta bai landatze txikiak eta adarrak berrezartzea Burlatako ur biltegiaren ondoan.

Beste alde batetik, gogora ekarri behar da 2013aren amaieran ibai parkea handitzeko lanak hasi zirela, Arga Beherea izeneko zatian, eta 2014aren amaieran bukatu zirela. Handitzeko lanen ondorioz, lau kilometro gehiago ditu parkeak. Eultzako eremuan, Barañainen, oinzubi bat kokatu da, Arga ibaiaren eskuineko ertzetik Arazuriraino iristeko, Zubi Aundi izenekoraino. Handitzeko lan hauetan erakunde hauek parte hartu dute: Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioa, Arazuri-Oltzako kontzejua, Volkswagen Navarra, VAESA, ADIF eta Iruñerriko Mankomunitatea.


Eskualdeko Hiri Garraioa

2014an garraiatutako bidaiarien behin-behineko kopurua 32.711.018 izan zen, hau da, aurreko urtearekin alderatuta, %1,5 gutxiago. Murrizte horren zati bat enpresa kontzesiodunak egin zuen greba mugagabearen ondoriozkoa izan zen: 2013ko abenduaren 16an hasi eta 2014ko urtarrilaren 8an amaitu zuen. Hartara, uste da 2014ko lehen zortzi egun horietan gutxi gorabehera 338.000 bidaiari galdu zirela. Beste alde batetik, grebaren aurreko hilabeteetan eskaera egonkortzen ari zen, baina grebaren ondorioz joera hori aldatu egin zen. Eta grebaren ondoren, eta 2004an enpresa kontzesiodunak greba egin zuenean gertatu zen moduan, bidaiari kopurua galdu da.


Zerbitzuarekiko gogobetetzea dela-eta, urtero egiten den azterlanak adierazten du gogobetetze globala 7,6koa dela, aurreko urtekoaren antzekoa.

Nabarmendu behar da lehen seihilekoan EHGaren 8/1998 Legea aldatzea bideratu zela eta uztailaren hasieran hartu zuela indarra. Berrikuntza handiak ekarri zituen Garraio Plana onartzeko prozedurari dagokionez, zerbitzua finantzatzeko irizpideak ezartzeari dagokionez, eta garraio publikoa eta hirigintza integratzeari dagokionez. Araudi berri horretan oinarrituta, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Orokorrak abenduaren 30ean egin zuen saioan EHGaren 2015-2016rako Plana onetsi zuen. Hartara, aurreko plana bi urtez luzatu ondotik, bermatzen du finantzaketa nahikoa izango dela heldu diren urteetarako.


Inbertsioen arloan, flota berritzeko erabakia (2010ean eta 2013an egin gabe utzi ondotik) abuztu arte atzeratu zen, behin argitu ondoren zerbitzuaren finantzaketaren gaia. Hortaz, autobus berriak ez dira iritsiko 2015eko ekaina arte. Nabarmendu behar da flota berritze horretan 9 autobus sartzen direla eta haietatik 4 hibridoak direla. Horretarako, Gutxiago kutsatzen duten energiak sartzeko plan bat onartu zen. Beste alde batetik, eta diru arrazoiengatik Eskualdeko Hiri Garraiorako kotxetegi berriak egitea albo batera utzi denez, 2014 honetan Ezkabako tunelen ondoan dauden instalazioak eraberritzeko lanak atxiki zaizkio zerbitzuari, eta, horrenbestez, flota osoa bateratu da garaje horietan.


Bestalde, eta hainbat hilabetean negoziatu ondoren, azaroan lan hitzarmen kolektibo berria sinatu dute TCC enpresa kontzesiodunean 2014-2016 aldirako.


Bidean diren proiektu nagusiei dagokienez, ordainbideei eta tarifen marko berriari dagokienez, Ordainbidearen Sistema Nagusia sendotu da. Gainera, urtearen erdi aldera, baldintza berriak sartu behar izan dira, kargatzeko sarea enkantean hartzeko eskaintzearen ondorioz. Tarifak direla-eta, EFGaren Foru Legea aldatzearen ondoriozko testu berriak arautzen du bonu sozial berri bat ezartzea, Gizarteratzeko Errentaren baremoetan oinarritutakoa. Hori dela-eta, bonu sozial berri horretarako proposamen bat egin da, eta bai zerbitzua gehien erabiltzen duten erabiltzaileei hobaria emango dien tarifen marko berrirako ere. Tarifak aldatzeko proposamen hori Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak onartu zuen abenduaren 30ean egin zuen saioan eta 2015eko lehen seihilekoan ezarriko da, faseka. Proiektu horietako lanak direla-eta, kargatzeko era berriak aztertzea 2015era atzeratu da.


EHGaren zerbitzua berrantolatzeko azterlanaren bigarren faseari dagokionez, 2013an egindako landa lanaren emaitzak ustiatu ondoren, mugikortasun analisi bat eta garraio publikoko diagnostiko bat egin da, eta Mankomunitateko alderdi politikoek ekarpenak egiteko aurkeztu. Behin EHGaren sarearen eredua egin eta gero, berrantolatzeko proposamenak egiten ari gara eta 2015aren hasieran aurkeztuko dira.

Amaitzeko, geralekuetako hiri altzarien kontratua duen enpresa kontzesiodunak (IMPURSA) urtarrilean eskatu zuen kontzesioaren oreka ekonomikoa berrezartzeko kontratua aldatzeko. Eskaera aztertu ondotik, kontratu horren aldaketa bat proposatu zen eta Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak onetsi zuen ekainaren 19an egindako saioan.


Taxi zerbitzua, Iruñerrikoa

Taxi zerbitzuari dagokionez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliorik gabe utzi zuen Etxauriko Udalak eta Mankomunitateak euren esparruetan taxi zerbitzua koordinatzeko izenpetu zuten hitzarmena. Mankomunitateak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen hori kontestatu du eta, gainera, haren eragina bertan behera utzi da erresalbuzko neurri gisa.


Beste alde batetik, lehen seihilekoan tarifak eguneratzeko irizpide bat zehaztean lan egin zen, berrikuspen arina eta epean egitekoa ahalbidetuko zuena. Adostutako proposamen bat bazegoen ere, taxiaren arloan zalantzak sortu ziren eta azkenean ez zuten onartu, adierazle lotuen bilakaera aurreikusita.


Taxi zerbitzuaren diagnostiko bat egiteko proiektuarekin lotuta, bigarren seihilekoan abian jarri da Mankomunitatearen eta sektorearen artean Taxiaren Batzordea, hura adosteko helburuarekin.
Azkenik, aipatu behar da apirilean taxi gidari profesionalaren baimena eskuratzeko probak egin zirela (9. aldia zen). Hain zuzen ere, 57 eskaera onartu ziren, eta, azkenean, 40 eskatzailek lortu zuten baimena.
Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 4.928 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2014an.


Emaitza horrek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 707 m€, positiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatearena, 4.221 m€, positiboa. Bi erakundeen jarduerak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi entitateei dagozkien emaitzen azterketak.


Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, sozietatearen galeren eta irabazien kontuak 4.221 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2014an. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu desbideratzeetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun irizpideei jarraiki eginak— ekonomia kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:


- Diru sarreren eta diru-laguntzen aldizkakotzeen efektua kenduta –atal espezifikoa dute horiek txosten honetan–, ustiatzetik etorritako diru sarrerek izan dute, oro har, 1.003 m€-tik beherako errealizazio bat, hasieran aurreikusi zena baino %1,5 gutxiago. Desbideratze negatibo horretan eragina izan du NILSAren transferentziak, aurreikusitakoa baino 888 m€ txikiagoa izan baita. "Zerbitzuak emateagatiko" diru sarrerak ere aurreikusitakoa baino 447 m€ txikiagoak izan dira, eta isurtze tasaren fakturazioa gutxitu da (aurreikusitakoa baino 349 m€ txikiagoa).


- Ustiapen gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita, 4.865 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %8, hasierako aurreikuspenen gainetik. Positiboak izan diren desbideratzeen artean, nabarmentzekoak dira honako atal hauenak: “Kanpoko zerbitzuak” (2.363 m€) eta "Soldatak, lansariak eta antzekoak" (1.204 m€).


- Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino zertxobait txikiagoak izan dira, 104 m€ gutxiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta diru laguntzen aldizkakotze kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.


- Finantza emaitzak aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira; zehazki, 273 m€-ko zenbatekoa izan da, diru sarreren zatiak erregistratuta.


Ondorioz, esaten ahal da zerbitzuen ekonomia egitura eta kudeaketa irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak. Horri gehitzen badiogu finantza kargarik ez duela erakundeak egun, jokatzeko marjina nabarmena da etorkizuneko proiektuen eta inbertsioen finantzaketan.


Iruñerriko Mankomunitatea

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 707 m€-ko saldo positiboa izan du.
Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu irizpideen nagusitasuna -zentzu administratiboan- ekartzen duela ondorioz irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokienez, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela fluxuei egozten zaien denboran. Izan ere, esan behar da ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak –diru sarrerak zein gastuak– hasieran onartutako aurrekontuetako aurreikuspenekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuetan 564 m€-ko saldo positiboa izango zuela. Hau ezin da interpretatu beren jardueren irabazi gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza-egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda). Aitzitik, ekonomia irizpideak ezartzerakoan diru sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotz litzaieke. Horregatik, adierazitako 707 m€-ko saldo negatiboa, egiatan, 143 m€-ko desbideratze positiboa da hasieran aurreikusitakoarekin alderatuta.


Ustiatzetik datozen diru sarrerek hasieran aurreikusita zegoena baino txikiagoa izan den gauzatzea izan dute, 631 m€, nagusiki eragin txikiagoa izan dutelako egiturazko gastuek SCPSA sozietatean, 423 m€ -desbideratze hori zuzenean berdindu du gastu horiek izan duten gauzatze txikiagoak- eta bai diru sarrerak ere txikiagoak izan direlako, 118 m€, Eskualdeko Hiri Garraioko altzarietako publizitate ustiatzearen kanonaren kontzeptuan erregistratutakoak. Hori horrela izan da, 2014ko urtarrilaren 1eko eraginarekin, kanon horren zenbatekoaren %100aren hobariarengatik, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak 2014ko uztailaren 10ean egindako saioan onartutako hobaria, enpresa kontzesiodunak berrezartze ekonomikorako egindako eskaerari erantzunez. Nafarroako Gobernuak eta udalek Eskualdeko Hiri Garraioa finantzatzeko egindako ekarpenak ere hasieran aurreikusitakoak baino txikiagoak izan dira, 94 m€, nagusiki azkenean KPIak 2013an izandako emendatze txikiagoarengatik eta hori hartu baitzen oinarritzat ekarpen horiek eguneratzeko. Diru sarreren gainerako kontu sailek desbideratze txikiagoak izan dituzte eta euren artean berdindu dira.


Diru sarrera txikiago horiek berdindu eta baita gainditu ere egin ditu ustiatze gastuen gauzatze global txikiago batek, 732 m€. Aurrezten horren zati handi bat, 417 m€, “Kanpoko zerbitzuak” epigrafeari dagokio. Hor, nabarmendu behar da Eskualdeko Hiri Garraiorako azterlanak (mugikortasuna, kudeaketa…) egiteko gastua txikiagoa izana (209 m€) eta bai zerbitzu horretako komunikazio programan erregistratutakoa ere (75 m€) . “Kudeaketa arrunteko beste gastu batzuk” epigrafean, era berean, 218 m€ aurreztu dira, epigrafe horretako hasierako aurreikuspenen %1,8 besterik ez, eta bertan ageri dira kontzeptu nagusi moduan Eskualdeko Hiri Garraioko operadoreari egin beharreko transferentziak, zerbitzuaren kontzesio kontratua aplikatzeko. Langileen gastuak multzoan erregistratutako kopuruek, gauzatzea txikiagoa izan da, 81 m€, ustiatze gastu txikiago horiek osatzen dituzte.

Amaitzeko, finantza emaitzak hobetu egin dira, 43 m€, hasieran aurreikusita zeudenekin alderatuta. Nagusiki, Mankomunitateak eragiketak egiten dituen banku kontuetatik datozen interesen gauzatzea handiagoa izan delako gertatu da hori.


Nolanahi ere, ezinbestekoa da nabarmentzea, Eskualdeko Hiri Garraioa kudeatzea finantzatzeko ezarrita dauden mekanismoen ondorioz –funtsean Foru Komunitatearen eta inplikatuta dauden udalen ekarpenak dira, Garraio Planean finkatuta daudenak–,  Mankomunitateak eginkizun huts hau duela: helburu jakin bati atxikita dauden funts batzuen administratzaile izatea. Hartara, Mankomunitateak eskuratutako emaitzak ez du irudikatzen berez bere jardueren soberakin garbia eta ez da interpretatu behar hertsiki bere zerbitzuen finantzaketa egituraren desoreka gisa, positiboa edo negatiboa. Baizik eta behin-behineko emaitzak nahitaez berdindu beharko lituzkete aipatutako erakundeen etorkizuneko ekarpen handiagoek edo txikiagoek.


Labur esanda, berriz esan behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea.


2.- EKTIALDIA ITXI ONDOREN GERTATUTAKO GERTAKARI GARRANTZITSUAK


Jarritako helegiteengatik eta erreklamazioengatik izan ezik (txostenaren 21. oharrean deskribatu direnak), 2014ko ekitaldia itxi zen egunetik ez da gertatu 2014ko ekitaldiko Urteko Kontu Bateratuei nabarmen eragiten dien beste gertakaririk, zerbitzuak emateari edo gizarte helburua betetzeari, ez eta 2014ko abenduaren 31ko ondasunen eta eskubideen, zorren eta betebeharren egoerari edo balioari ere.


3.- AURREIKUSTEKO MODUKO BILAKAERA

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena etengabe hobetzea, eta zerbitzu publiko berrien kudeaketa hartzeko gaitasuna.  Hori dela-eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den Talde honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izango dituela:
- Erabilitako kudeaketa formulen egokitasuna, baita zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
- Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.
- Zerbitzu berriak kudeatzeko eta emateko gaitasuna, ondokoetarako maila altua eskainiz: gaur egun dagoen egitura aprobetxatzeko eta integratzeko, eta zehazki behar den egitura garatzeko.
- Geografia esparru handiagoa hartzea, datozen ekitaldietan gertatzen ahal den joera baita. Zabaltze honen gaineko ikerketak egiten dira etengabe beharrak zehazteko, eta eskumena duten erakundeekin kontaktuak eta elkarrizketak izaten dira horretarako.
Labur esanda, Taldearen bilakaera, aurreikusten ahal dena, gaur egungo kudeaketa formulak eta emandako zerbitzuak mantentzera eta garatzera bideratuta dago.


4.- IKERKETAREN ETA GARAPENAREN ARLOKO JARDUERAK

Gure oinarrizko zerbitzuak ematean hobetzen jarraitzeko helburuarekin, 2014an, besteak beste, jarduera hauek egin dira berrikuntzaren arloan:
Berrikuntzako eta Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza
2012ko azaroaz geroztik, SCPSAk Berrikuntzako eta Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza du, eta haren egitekoa da Erakundearen berrikuntza lanak sistematizatzea, bultzatzea eta koordinatzea epe luzera, zerbitzuak ematea eta Erakundearen beraren eraginkortasuna hobetzeko bektorea izan dadin berrikuntza sistematikoa. 2014an MCP/SCPSAren I. Berrikuntza Plana egin da.
2014an, alternatiba teknikoei eta ekonomikoei buruzko analisia egin da, biogasa EHGko autobusen flotan eta hiri hondakinak biltzeko kamioietan erregai moduan erabiltzeko.
Abian jarri da Gongorako HHTZko zabortegiko biogasa araztea analizatzeko proiektu pilotua, gasaren sarera bideratu daitekeen edo ibilgailuetarako erregai gisa erabil daitekeen gas moduan duen ahalmena aztertzeko.
Iruñerriko Mankomunitatea/SCPSAk, erakunde moduan, duen karbono aztarna kalkulatzea martxan jarri da, hori egiaztatu eta erregistro nazionalean izena emateko helburuarekin.


Beste proiektu batzuk

Garrioen Arloak, laguntzaile moduan, LIFE+RESPIRE izeneko proiektuan parte hartzen du. Nafarroako Unibertsitatea da proiektuaren burua, eta asmoa da zirkulazioaren kutsadurak txirrindulariengan duen eragina aztertzea.

BRIDGE H2020 proiektua

Mankomunitatea partzuergo bateko kide izan zen. Partzuergo hori Iruñea, Nuremberg eta Dublin hiriek eratu zuten, eta CENER izan zuen buru. Helburua izan zen H2020 Smart Citiesen 2014ko deialdian parte hartzea. Proiektuak lehen fasea gainditu zuen, baina ez zuten hautatu. 2015ean berriro parte hartuko du, Iruñea, Tampere eta Rotterdam hiriekin.


Saioa araztegiko lohiekin Arazuriko araztegiko lursail esperimentalean.

MCP-INTIA hitzarmena (… 21 urtetik gora esperimentuak egiten eta aurrera jarraitzen dugu…)
Helburuak:
-Erakustea lohiak nekazaritzarako erabiltzea segurua dela, ikuspuntu agronomikotik eta ingurumenekotik, epe ertainean eta luzean.
-Lohiak emandako nitrogenoaren eraginkortasuna balioestea, emankortzaile gisa.


Saioa araztegiko lohiekin Nafarroako Ubideko sail ureztatu berrietan (Erriberri).

MCP-INTIA hitzarmena 2011-2014
Helburua:
-Lohiak emandako nitrogenoaren eraginkortasuna balioestea, ongarri gisa, ohiko mea ongarriaren aldean, artoa lantzean.


Saioa Arazuriko konpostarekin Nafarroaren Erdialdeko mahastietan (Beire)

MCP-NUP-Bodegas OCHOA hitzarmena
Helburua:
-Arazuriko konposta mahastietan aplikatzearen ebaluazioa. Mahastietan errendimenduan eta kalitatean duen eragina aztertzea, kalitate enologiko handiko mahatsa ekoiztera bideratuta.


5.- ARRISKUAK ETA ZIURTASUN EZAK

Taldeak bere negozioen garapenari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurgabetasunak zein diren badakienez, detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.


6.- FINANTZA TRESNAK

Taldeak ez du kontratatuta finantza tresnarik.