Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Nora joaten dira hondakin urak?

Hodi biltzaileen sare baten bidez, hondakin urak edo ur zikinak eta euritik datozenak Arazuriko Hondakin Uren Araztegira bideratzen dira. Han prozesu baten bidez araztu eta gero, baldintza hobeetan itzultzen dira Arga ibaira. Saneamendu sareak 1.671 kilometro hodi biltzaile ditu.

Saneamendu sarearen planoa (IDENA).

HISTORIA PIXKA BAT

Bere inguruko herri eta hirien artean, 1772an, Iruñea izan zen ur fekalen estolderia martxan jarri zuen lehenengoetako bat, hirian zeuden higiene eta osasun egoerako arazoak konpondu nahian. Zehazki, Arga ibaira isurtzen ziren ur horiek.

Urteek aurrera egin ahala, ordea, biztanle kopurua eta industria jarduera handitzeak eragin zuzena izan zuen mota horretako urak gehitzean. Arga ibaiko eta horren adarretako arrainak hiltzen joan ziren, uraren kalitatea degradatu egin zen, eta aisialdirako toki izateari utzi zioten.

1983an, Iruñerriko Mankomunitateak abian jarri zuen Eskualderako Saneamendu Plan Integrala izenekoa, ur kontsumoa gure ibaien kutsadura eragile bihurtzea saihesteko helburuarekin.

ARAZURIKO HONDAKIN UREN ARAZTEGIA

Iruñerrian sortutako hondakin urak arazteko estazioa Arazuriko udal barrutian dago. 40 hektareako eremu bat da, eta Arga ibaiaren meandro baten gainean dago.

Urari isurietako karga kutsatzailea kentzeko prozesua da araztea, eta, horrenbestez, ura erabiltzearen ondorioz hartzen dituen substantziak kendu egiten zaizkio. Prozesu horri esker, ibaien ingurumen kalitateari eusten zaio. Arazuriko Hondakin Uren Araztegian, prozesu hauen bidez tratatzen da ura: solidoak kentzea, hondarra eta koipea kentzea, lehen mailako dekantazioa, aireztapen upelak eta bigarren mailako dekantazioa.

Horrez gain, arazteko prozesuaren ondorioz, biogasa –araztegiaren beraren funtzionamendurako erabiltzen den energia berriztagarria da– eta biosolidoak sortzen dira, eta medeapen organiko gisa erabiltzen dira nekazaritzan eta lorezaintzan.

Arazuriko Hondakin Uren Araztegia 1990ean inauguratu zuten, lehen mailako tratamendua martxan zuela (aurretratamendua eta dekantazioa). Gero, 1999an, tratamendu biologikoa, eta nitrifikazio eta desnitrifikazio prozesua jarri zituzten martxan.

Arazuriko Hondakin Uren Araztegiari buruzko informazio gehiago izateko, kontsultatu ezazu liburuxka hau: Arazuriko Hondakin Uren Araztegia (PDF)