Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2017/05/18

Ziritzan egin den biltegi berriak hornidura bermatuko du Iruñerriko hego-mendebaldean

Instalazioa hormigoi armatuzkoa da, bi baso bereizi ditu eta 1.000 m3-ko edukiera

Ziritza herrian, edateko ona den ura edukitzeko biltegi berria eraiki da, Iruñerriko hego-mendebaldeko herrien hornidura bermatze aldera. Azpiegitura hormigoi armatuzkoa da, 1.000 m3-ko edukiera du eta ura biltegiratzeko hornidura sendotzeko egin da, Etxauribarren eskaerak izan duen hazkundeari (Ziritza, Etxarri, Bidaurreta eta Beraskoain) eta Mankomunitatearen hornidura zerbitzuan Argiñaritz, Etxarren Girgillao eta Girgillao herriak sartu izanari erantzuteko.

Aurrekoa baino lau bider handiagoa den biltegia 

Etxauriko biltegitik iristen da ura eremu honetara, Arga ibaiaren eskuineko ertzean kokatutako ponpatze baten bidez, Ziritzatik hurbil. Orain arte, Ziritzan 250 m3-ko biltegi bat zuten, eta hartatik, era berean, Etxauribarko herri desberdinetako biltegiak, Beraskoain eta Girgillaoko ponpatzea hornitzen ziren.

Eremu horretako hornidura premiak handitzean, Ziritzako biltegi zaharra bere ahalbideen mugan zegoen, erregulatzeko ahalmenari zegokionez, eta horrek behartzen zuen egunean 12 orduan baino gehiagoan ponpatzera, ordu tarte desberdinetan. Hori dela-eta, biltegi berriak inguru horretako herrietara egin beharreko hornidura baldintza hobeetan egitea bermatuko du.

Biltegi berria hormigoi armatuzkoa da eta bi baso bereizi ditu. Sei hilabeteko epean eraiki dute, eta enkantean hartzeko eskaintzaren aurrekontua 434.956 eurokoa izan da (gehi BEZa). Zehazki, Nafarroako Gobernuaren 2017-2019 Hirurteko Planak finantzatu du inbertsio hau. 

Instalazioa aurrekoa baino 4,30 metroko kota garaiago batean kokatu da, eta horrek aukera emango du presioa hobetzeko Ziritzako herrigunearen alde garaian. Gainera, giltzen ganbera bat du –dagokien maila kontrolekin eta emari-neurgailuekin– eta horrek ahalbidetzen du bi basoak bere kasa jardutea. Horrez gain, aipatu behar da herria hornitzen duen hodi nagusia ere berritu dela. 

Aipatu den 2017-2019 Hirurteko Plan horren kontura, gainera, biltegi berria eraikitzen ari da Arren. Halaber, Zuluetan dagoen biltegia handitzeko eta Eusan biltegi berria eraikitzeko administrazio izapideak bideratzen ari dira.  

Beste albiste batzuk

  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara
  • Era berean, heldu den igandean neguko ordutegia hasiko da EHGan