Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2017/11/07

Tiebasko EUTEk joan den ostiralean amaitu zuen aurtengo hornidura kanpaina

Eugiko urtegiaren betetze maila %64,1ekoa da

Joan den ostiralean, azaroak 3, Tiebasko Edateko Uren Tratamendu Estazioak (EUTE) 2017ko hornidura kanpaina amaitu zuen, 138 egun martxan eman ondoren. 

Gogoan izan behar da udako hornidura Iruñerria hornitzeko dauden hiru iturrietatik egiten dela: Eugiko urtegitik (Urtasungo EUTE), Artetako iturburutik (Egillorko EUTE) eta Nafarroako Ubidetik (Tiebasko EUTE).

Udako hilabeteetan, Egillorko EUTEk ahalik eta ur gehiena ekoizten du (iturburuko emaria, ken Udarbe ibaiaren emari ekologikoari eusteko behar den kantitatea), Eugiko urtegia begiratzeko helburuarekin, eta, hartara, Tiebasko EUTEk estaltzen du horniduraren gainerakoa, eskaera osatu arte. 

Urte hasieran euri gutxi egiteak, ordea, Tiebasko EUTE martxan jartzea ekainaren 19ra aurreratzea ekarri zuen (aurreikusitakoa baino bost aste lehenago), une horretan Eugiko urtegian falta ziren 3 hektometro kuboak berdintzeko xedearekin. Zehazki, maiatz amaieran, urtegiratutako ur bolumena 2016ko epe berberekoa baino %9 txikiagoa zen (%12, azken 5 urteetako batez bestekoarekiko). Artetako iturburuaren ekarpena 2016ko maiatzekoa eta azken 5 urteetako batez bestekoa baino %66 txikiagoa zen.

Eugiko urtegiaren betetze maila, %64,1ekoa 

2017ko kanpainako 138 egun horietan, Tiebasko EUTEn 4.189.637 metro kubo ur ekoitzi dira (351,4 l/s-ko batez besteko emaria), eta epe horretan ekoitzitako bolumen osoaren %31,66 izan da hori (Urtasungo EUTE %35,79 eta Egillorko EUTE %32,55).

Estazioa 2006an martxan jarri zenetik, aurtengoa izan da ekoizten egun gehien eman dituen urtea (138 egun, eta 2012an 122 izan ziren) eta bai ur gehien ekoitzi duen urtea ere, 2011ko kantitateak gaindituta (2.967.331 m3 eta 281,5 l/s).

Urriaren 31n, urtegiaren egoera hobea zen beste urte batzuekin alderatuta: 2016an baino %12 ur gehiago zegoen, eta, azken 5 urteetako batez bestekoaren aldean, %9 gehiago. Datuek –betetze portzentajeetan emanda– adierazten dute egun horretan urtegia %60an zegoela, eta duela urtebete %53an zegoen eta azken 5 urteetako batez bestekoa %54koa da. Aurreko asteburuko euriaren ondorioz, urtegiaren betetze maila %64,1ekoa da jada.

Bere aldetik, Artetako iturburuko ur ekarpena duela urte batekoa baino txikiagoa izaten ari zen: 2017ko urriko batez besteko emaria 2016ko hilabete berekoa baino %2 txikiagoa izan zen eta azken 5 urteetako batez bestekoa baino %70 txikiagoa. Egin berri duen euriaren ondotik, iturburuaren emaria nabarmen handitu da; izan ere, larunbatean, azaroak 4, 443 l/s erregistratu ziren eta atzo, berriz, astelehena, 3.412 l/s.

Beste albiste batzuk

  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea