Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2020/07/16

Robo ibaiaren saneamenduaren II. fasea aurkeztu da

Milioi bat euroko inbertsioa izan du proiektuak, Nafarroako Gobernuak finantzatu du, NILSA sozietatearen bidez, eta IMk zuzendu

Gaur goizean, Legardako Hondakin Uren Ponpatze Estazioan egindako ekitaldi batean, Iruñerriko Mankomunitateak Robo ibaiaren saneamenduaren II. faseko obren amaiera aurkeztu du. Ekitaldi horretan, hain zuzen, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, David Campión, eta Legardako alkatea egon dira, Silvestre Belzunegui.

Gogora ekarri behar da 2002an saneamendu-proiektuaren lehen fasea gauzatu zela. Zehazki, Robo ibairi paralelo dagoen kolektore bat egin zen, Adios, Añorbe, Eneritz, Tirapu eta Ukar herrietako hondakin-urak Gareseko hondakin-uren araztegiraino bideratzeko.

2019ko azaroa eta aurtengo maiatza artean II. faseko obrak egin dira. Legarda, Muruzabal eta Utergako hondakin-urak hartzen dituzte barne, eta horrek ekarri du herri horiei zerbitzua ematen zieten lau hobi septikoak baliogabetzea. Horretarako, 4.969 metroko kolektore bat egin da, hondakin-urak bideratzeko; eta, gainera, Legardaren kasuan, ponpatze-estazio bat egokitu da, bi ponpa dituena. Bien artean 5 kW-eko potentzia dute, urak biltzeko puntuaren eta kolektore nagusiaren artean dagoen 15 metroko desnibela gainditzeko.

Obra gauzatzeko ordaindutako aurrekontua 1.078.650 eurokoa izan da (BEZa kanpo), eta osorik finantzatu du Nafarroako Gobernuak, NILSA, Navarra de Infraestructuras Locales, S.A. sozietatearen bidez. Iruñerriko Mankomunitatea proiektua idazteaz, obra zuzentzeaz eta haiek gauzatzeaz arduratu da.

Hitza hartu duenean, Silvestre Belzuneguik nabarmendu du “Legardan, Muruzabalen eta Utergan oso pozik” daudela, “azkenean beren erreketatik ur garbia ibiltzen ikus dezaketelako”. Era berean, Belzuneguik eskerrak eman dizkie Aritz Ayesari, IMren aurreko lehendakariari, eta Alfonso Amorenari, SCPSAko egungo kudeatzaileari, proiektu hau sustatu dutelako.

Bere aldetik, David Campiónek gogora ekarri du Iruñerriko Mankomunitatearen egitekoa Iruñerrian bizi-kalitatea hobetzea dela, betiere ingurumen-alderdiak nabarmenduta. “Hori dela-eta, oso pozgarria da gure erakunderako jakitea egitasmo honekin herri hauetako saneamendu-azpiegitura hobetzen dugula”, adierazi du IMren lehendakariak.

Gainera, Campiónek oso ontzat jo du erakunde desberdinek proiektu hau gauzatzeko egin behar izan duten elkarlana: Nafarroako Gobernuak, NILSAk, Izarbeibarko Mankomunitateak, IMk eta proiektuari lotutako udalek.

Azkenik, Jesús María Rodríguezek adierazi du saneamendu-sistema honek aurrerakada ona eta esperotakoa ekarri duela. “Gaur aurkeztu den azpiegitura berri honen bidez behin betiko konponbidea eman zaio hiru herritako hondakin-uren arazketari, eta Robo ibaiaren ingurumen-kalitatea eta ekosistema hobetzea ahalbidetuko du”, zehaztu du Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak.

Rodríguezek gehitu du hondakin-uren arazketa giltzarria izango dela etorkizunean: “Klima-aldaketaren ondorioz kalte handiena pairatuko duen baliabidea izango da ura; horrenbestez, ezinbestekoa izango da ahalik eta gehiena aprobetxatzea. Beraz, azpiegitura hidrauliko guztiek ahalik eta eraginkorrenak izan beharko dute”.

Hondakin-uren tratamendua

Hondakin-uren arazketa urari isurketen karga kutsatzailea kentzeko bidea ematen duen prozesua da, erabileraren ondorioz garraiatzen dituen substantziak kenduta. Prozesu horri esker, ibaien ingurumen-kalitatea zaintzen da.

Iruñerriko Mankomunitateko arazketa-azpiegituretan bost araztegi daude, Arazurikoa (eskualde-mailakoa), Etxaurikoa, Iberokoa, Elokoa eta Zubirikoa, eta bai 120 iragazki biologiko eta hobi septiko ere, biztanle gutxiago duten eta eskualde-kolektoreen saretik urrunduta dauden entitateetarako. Horrez gain, zazpi ponpatze-estazio daude eta kolektoreen 1.678 kilometro.

Robo ibaiaren saneamendu-sistema amaituta, Erreniega mendiaren hegoaldeko magaleko herrietako hondakin-ur guztiak Gareseko araztegiraino bideratzen dira (Izarbeibarko Mankomunitatea).

Beste albiste batzuk