Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2016/11/18

Paper-zapi bustiak komunera botatzea saihesteko kanpaina

Kanpaina Iruñerriko Mankomunitateak eta NILSAk garatu dute, eta paper-zapi bustiak gure arazketa eta saneamendu sistemarako mehatxuak direla ohartarazten du

Iruñerriko Mankomunitateak komunikazio kanpaina berri bat aurkeztu du gaur goizean, NILSArekin elkarlanean egin duena eta arreta jartzen duena paper-zapi busti higienikoen erabilera egokian. 

Hondakin batzuen ondorioz, saneamendu sareak ezin du ongi lan egin. Hain zuzen ere, komunera botatzen diren paper-zapi bustiak ez dira guztiz desegiten eta buxadurak eta arazoak eragiten dituzte; ekonomiarako eta ingurumenerako ondorio larriak dituzten buxadurak eta arazoak, zehazki. Hartara, gaur aurkeztu den kanpainak saneamendu eta arazketa sistemetarako mehatxu horretan jartzen du arreta. 

Aurkezpen ekitaldian, hain zuzen, Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilaria, Iñaki Urrizalki, NILSAko kudeatzailea (Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A.) eta Aritz Ayesa izan dira, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria.

Hitza hartu duenean, Isabel Elizaldek adierazi du gure etxebizitzetan edo lantokietan eskuarki erabiltzen ditugun produktu asko ez zirela existitzen duela 25-30 urte. “Artikulu horiek bidea eman dute gure bizi-kalitatea hobetzeko, baina, beste alde batetik, duela gutxi arte ezezagunak ziren ondorioak ekartzen dituzte”, zehaztu du kontseilariak, erreferentzia eginez produktu kimikoei, paper-zapi bustiei, pixoihalei edo baita hartzen ditugun sendagaiei ere, funtsezko aldaketak eragiten baitituzte ibaietako floran eta faunan.  

Batzuetan arazo handiek itxura txikia dute. Hori da, hain zuzen, paper-zapi bustien kasua, “beren bizitza luzeak faktura handia ekartzen baitu, matxura eta buxadura moduan”. Elizaldek ondokoa nabarmendu du: “Araztegiek ezagunak zaizkigun hondakinak tratatzen dituzte, gero eta modu eraginkorragoan, gainera, baina ez daude prestatuta pozoiak, sendagaiak edo paper-zapi bustien osagaiak tratatzeko. Gehiago ikertu behar da, konponbide aski ona eta egokia lortu ahal izateko”. 

Kontseilariaren iritziz, nahiz eta Nafarroan aurrerapen handia izan den horniduraren, saneamenduaren eta arazketaren kudeaketan, oraindik bide luzea dago egiteko. Alde horretatik, uraren kudeaketa iraunkor eta integrala “kezka da eta lehentasunezko lan helburua, mankomunitateekin, jarduera sektore desberdinekin, taldeekin eta herritarrekin zuzenean elkarlanean arituta gauzatuko den zeregina”.

Bere aldetik, Iñaki Urrizalkik urgaineratutako kutsatzaileak aipatu ditu: “Konposatu asko dira, beharbada ehunka, haietako asko gure etxebizitzetan erabiltzen ditugu eta haien eragin negatiboak oraindik ezezagunak dira edo haien susmoa dugu”. Hartara, substantzien multzo askotarikoa aipatu du (pestizidak, botikak eta sendagaiak, besteak beste) eta bai elementu fisikoak ere, eta haien artean paper-zapi bustiak daude, konpresak eta pixoihalak. Urrizalkik, gainera, plastikozko mikrozuntzen arazoaz ohartarazi du, mikrozuntz horiek isurtzeak ekar baitezake 2050 inguruan ozeanoetako arrainen biomasa plastikoen masa baino txikiagoa izatea. “Zoritxarrez –gehitu du NILSAko kudeatzaileak–, egun ditugun araztegi biologikoak ez dira gauza substantzia horietako asko guztiz tratatzeko, eta, horrenbestez, etorkizunean substantzia horiek kentzeko bidea emango duten teknikak jarri beharko ditugu martxan”. 

Esku-hartza amaitzeko, Urrizalkik iragarri du Nafarroako Gobernuak, NILSArekin eta tokiko erakundeekin lankidetzan (erakunde horien artean dago Iruñerriko Mankomunitatea), lantalde bat eratu duela. Hartara, lantalde hori arduratuko da teknologietan eta zientziaren arloko aurrerapenetan egunean egoteaz, jarduketa zehatzak egitea proposatuko du, I+G+Bko proiektuak koordinatuko ditu, eta sentsibilizazio eta komunikazio jarduketak koordinatzeko tokia izango da.

Amaitzeko, Aritz Ayesak azaldu du Arazuriko araztegiko eta instalazioetako mantentze-lanetako langileak ikusten ari zirela berezkoak ez ziren materialak, inpropioak, progresiboki emendatzen ari zirela eta material horiek sareen eta ponpatze sistemen funtzionamendua zailtzen zutela. “Ez dugu ahaztu behar Iruñerriko saneamendu sareak ia 1.700 kilometro dituela sareetan eta 74.000 ur hargune. Horrek esan nahi du sare konplexua dela, eta, horrenbestez, komunetik botatzen denak neurri handi batean baldintzatzen duela haren mantentzea eta hark ongi funtzionatzea”, zehaztu du Mankomunitateko lehendakariak. 

Kanpainan sartutako jarduerak banaka aipatu baino lehen, Ayesak gogorarazi du hondakin uren saneamendua ez dela albistea izaten, ongi funtzionatzen duelako, baina, hala ere, hau adierazi du: “Une egokia da nabarmentzeko, saneamendu on batean, ibaira ura baldintza onetan itzultzeko berme onena etxebizitzetan hasten dela. Beste behin ere, azken emaitza erakundeen eta herritarren arteko konpromiso konpartituaren mende egongo da”.

ZER EGIN BEHAR DA PAPER-ZAPI BUSTIEKIN?

Kanpainak ohartarazten du paper-zapi bustiak komunera botatzeak era adierazgarrian ekartzen duela saneamendu sarean eta arazteko prozesuetan buxadurak sortzea. Hartara, gero buxadura horiek kalteak eragiten dizkiote ekonomiari eta ingurumenari.

Kanpaina aurkeztu bitartean, erakustaldi txiki eta erraz bat egin da, paper-zapi bustiak uretan ez direla desegiten ikusteko, uretan denbora dezente igaro badute ere. Hartara, paper-zapi bustiak, barnean hartuta biodegradagarriak, ez dira desegiten araztegira egiten duten bidaiak irauten duen denboran. Ondorioz, paper-zapi bustiek buxadurak sortzen dituzte saneamendu sarean, beren zuntzak, uretan daudenean, bereizi eta hedatu egiten direlako. Gero, buxadura horiek ekar dezakete tratatu gabeko ur fekalek gainezka egitea eta, hortaz, arriskua osasunerako eta ingurumenerako. Beste alde batetik, paper-zapi bustiek zuntz sintetikoak dituzte, uretako ekosistemak kutsatzen dituztenak. Horren guztiaren eraginez, saneamendu sareen eta arazketa sistemen mantentze-lanen gainkostua 500 milioi eurotik gorakoa da urtean Europan. 

Kanpainan proposatzen da aukera onena bainugelan paperontzi bat jartzea dela eta hartara botatzea paper-zapi bustiak eta beste hondakinak. Gero, paperontzi horretan bildutakoa gainerakoen edo errefusaren edukiontzira bota behar da. Paperontzia erabiltzeak buxadurak eta arazoak ekidingo ditu hondakin uren tratamenduan eta diru asko aurreztea ekarriko du. Konponbide honi heltzen dioten pertsonek hondakinak hobeki kudeatzen lagunduko dute eta natura baliabideak baliatzea erraztuko dute.

Kanpainak barnean hartzen du posta pertsonalizatua: gutuna eta informazioa emateko eskupapera bidaliko dira etxebizitza guztietara. Horrez gain, Mankomunitateak bisita egingo die paper-zapi bustien erabiltzaile handiei, 350 erabiltzaileri (produktu hau gehien erabiltzen duten tokiak, adibidez, egoitzak, haurtzaindegiak…), paper-zapi bustiak komunera botatzeak dituen alde txarrak bertatik bertara azaltzeko. Dibulgaziozko bideo bat ikusi ahal izango da, informazioa emateko beste eduki batzuekin batera lotura honetan, eta kartelak, eskupaperak eta eranskailuak banatuko dira. Hasiera batean kanpaina Iruñerrirako egin bada ere, baliteke NILSAk Nafarroako gainerako tokietara zabaltzea laster. Nabarmendu behar da ekimen hau AEAS elkarteak adierazitako kezka baten ildotik doala (Ur Horniduren eta Saneamenduen Espainiako Elkartea). Izan ere, elkarte horrek joan den irailaren 21ean “Sektorearen kokapen-adierazpena, komunera botatzeko egokiak ez diren produktuen eta egoki moduan etiketatuta daudenen gainean” banatu zuen. Hain zuzen, adierazpen horrek arreta jartzen du gaur aurkeztu den kanpainaren mezu berberetan. 

Beste albiste batzuk