Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2020/02/04

Olaitz, Olabe eta Enderitz (Olaibar) eta Eusako (Ezkabarte) hornidura aurkeztu dute

Nafarroako Gobernuak, Olaibar eta Ezkabarteko udalek, eta Iruñerriko Mankomunitateak sustatu dute proiektua.

Gaur goizean, Olaitz, Olabe eta Enderitz (Olaibar) eta Eusako (Ezkabarte) hornidura aurkeztu dute, Bernado Ciriza, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Mª del Carmen Lizoáin, Olaibarko alkatea, Pedro Mari Lezáun, Ezkabarteko alkatea, eta David Campión, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, buru izan dituen ekitaldi batean.

Egin diren obrek barne hartu dute Soraurengo ur edangarria ponpatzeko estazioa (gaurko aurkezpen-ekitaldia bertan egin da) egitea, Olaizko eta Eusako ur-biltegiak, eta 13.308 metro hodi: 9.364 metro Olaibar hornitzeko, 3.800 metro Ezkabarte hornitzeko Makirriaineraino eta 144 metro xurgatzeko. 

Nabarmendu behar da, hoditeria horiek kokatu ahal izateko, hodi horiek sei alditan zeharkatzen dutela Ultzama ibaia eta bi esku-hartze egin direla “hinka” esaten zaion teknikaren bidez: zulaketa horizontal bat, hodia sartzeko zangak egitea eskatzen ez duena. Gainera, bi igarobide egin dira zubien gainean (Olaitz eta Enderitz). 

Hornidura-lan hau joan den azaroan amaitu zen, eta orain arte Lanzko iturburutik hornitzen ziren herriak (Olaitz, Olabe eta Enderitz) eta Eusako iturburutik (Ezkabarteko herriaren kasuan) hornitzen zena urez hornitzea ekarri du.

Hitza hartu duenean, Bernardo Ciriza kontseilariak hau nabarmendu du: “Hornidura- eta saneamendu-zerbitzu egoki bat eskuragarri izatea oinarrizko eskubidea eta eskubide unibertsala da, sistema publiko baten bidez gauzatu behar dena. Gainera, era profesionalean eman behar dugu, elkartasunez, era eraginkorrean, arduraz eta lurralde-orekaren, gardentasunaren, zuzentasunaren eta erantzukidetasunaren printzipioak errespetatzen”.

Bere aldetik, Olaibarko alkateak, Mª del Carmen Lizoáinek, ondokoa adierazi du: “Gaurko eguna gure historian gordetzekoa da. Etxe bakoitzeko iturrian ura izateak zerbait naturala dirudi, baina herri hauetan buruhaustea zen. Gaur aurkezten ari garen obra hau bezalakoak ia pentsaezinak dira, horregatik eskerrak eman nahi dizkiet hornidura-azpiegitura hau posible egin duten erakunde inplikatu guztiei”. 

Amaitzeko, Mankomunitateko lehendakari David Campiónek esan du gaur aurkeztu den proiektu hau bezalakoetan ezinbestekoa dela “administrazioen arteko elkarlana eta lankidetza, baliabideak optimizatzeko modu onena gisa. Kasu honetan, udalak, Nafarroako Gobernua eta Mankomunitatea bera koordinatu egin dira, behar honi irtenbidea eman ahal izateko”. 

Nafarroako Gobernuak, Olaibar eta Ezkabarteko udalek, eta Iruñerriko Mankomunitateak sustatu dute proiektua, eta azken hori arduratu da proiektua idazteaz eta obra zuzentzeaz. Lan guztiak 12 hilabetean egin ziren, eta aurrekontua 3.477.640 eurokoa izan zen (gehi BEZa). Haietatik 210.000 euro Mankomunitatearen kontura joan dira, Eusako ur-biltegiari eta hornidura-lineak Ezkabarten konektatzeari zegozkionak.

Olaitz, Olabe eta Enderitz hornitzea (Olaibar)

Olaizko ur-biltegi berria (350 m3-ko edukiera du) 587 metroko kotan dago, eta bertatik Olaitz, Olabe eta Enderitz (Olaibar) herriak, eta Beraitz eta Otsabide biztanle-entitate txikiak hornitzen dira. Era berean, ur-biltegi hori Soraurengo ur edangarria ponpatzeko estazioak hornitzen du, eta, hartara, bi instalazioen artean dagoen 137 metroko desnibela gainditzen da. 

Proiektuaren bigarren fase batean, ur-biltegi horrek Zandio eta Otsakain hornitzeko aukera emango du.

Eusa hornitzea (Ezkabarte)

Eusaren kasuan (Ezkabarte) hornidura Eusako ur-biltegi berritik (600 m3-ko edukiera du) egiten da, eta 615 metroko kotan dago. Era berean, ur-biltegi hori lehenago aipatu den Soraurengo ur edangarria ponpatzeko estazio berak hornitzen du, eta, hartara, bi instalazioen artean dagoen 165 metroko desnibela gainditzen da.

Eusako ur-biltegiak, Makirriaineraino kokatutako hodi-zatiarekin batera, ahalbidetu du eskualde-horniduraren sektore bat ixtea, Egillorko Edateko Uren Tratamendu Estaziotik (EUTE) (Artetako iturburua) eta Urtasungo EUTEtik (Eugiko urtegia) heldu diren urak batzeko aukera ematen duena. Matxura gertatzen bada edo mantentze-lanak egin behar badira, Txulapain – Ezkabarte era alternatiboan hornitzeko aukera emango du horrek, hain zuzen.

Proiektuaren bigarren fase batean, ur-biltegi horrek Ezkaba eta Garrues hornitzeko eta Azotz herriaren hornidura handitzeko aukera emango du.

Beste albiste batzuk