Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2017/03/30

Eugiko urtegian sistema berria kokatu da uraren kalitatea automatikoki kontrolatzeko

Ekipamenduak zunda multiparametriko bat du, datuak igortzen dituena IMren ustiatze sistemara

Aste honetan, Iruñerriko Mankomunitateak sistema berri bat kokatu du Eugiko urtegian uraren kalitatea automatikoki kontrolatzeko. ‘Perfiladore bertikala’ esaten zaion ekipamendua da, eta zunda multiparametriko bat du, presaren ondoan jarritakoa. Zehazki, sakonera desberdinetan datuak automatikoki erregistratzeko bidea ematen du.  

Presaren goiko aldean kokatutako ekipamendua euskarri batek eta zunda multiparametrikoa igotzea eta jaistea ahalbidetzen duen trakzio sistema duen tornu batek eratzen dute. Zunda horretan, balio hauek neurtzeko aukera ematen duten sentsoreak daude: sakonera, pH-a, tenperatura, eroankortasuna, oxigeno disolbatua, uhertasuna, klorofila eta gai organikoa. Sistema berri honi esker, Mankomunitateak zortzi neurketa egingo ditu egunean, hiru ordutik behin, aipatutako balio horien kontrol zehatza edukitzeko sakonera desberdinetan. Datu guztiak Mankomunitatearen komunikazio sarera igortzen dira, Uraren Ziklo Integrala ustiatzeko sistemaren bidez denbora errealean kontsultatu ahal izateko.

Zunda multiparametrikoak kostuak murrizten ditu, bai neurtzeko operazioetan, bai mantentze-lanetan ere, ekipamenduak landan egoteko denborak luzatzen ditu, bildutako datuen kalitatea hobetzen du eta malgutasun handiagoa ematen du informazioa monitorizatzean. 

Perfilador vertical

Perfiladore bertikala YSI etxekoa da, eta jada beste toki batzuetan ere erabiltzen dute, besteak beste, Madrilgo Isabel II.aren Kanalean (El Atazar, Valmayor, Pedrezuela eta Santillana urtegiak), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan (Undurraga eta Urrunaga urtegiak) eta Katalunian (Sau eta Susqueda). Ekipamenduaren eta hura kokatzearen azken aurrekontua 112.074,12 eurokoa izan da (gehi BEZa).

Uraren Osasun Plana

Eugiko urtegian perfiladore berri hau kokatu izana IMren Uraren Osasun Planaren barnean sartu behar da, eskualdeko hornidura etengabe hobetzeko jarduketen esparruan. Hain zuzen, hornidura baldintza ezin hobeetan bermatzeko, uraren kalitatea andeatzeko arriskuak minimizatu eta neutralizatzeko bidea ematen duten jarduketa guztiak jasotzen ditu. 

Eugiko urtegian astero egiten dituzte kontrolak eta analitikak Mankomunitateko ustiatze arloko eta kalitate kontroleko langileek. Horrez gain, Urtasungo tratamendu estazioan sartzen den ura, edateko on bihurtu aurrekoa, aztertzeko analisiak egiten dira egunero. Neurri horiek ahalbidetzen dute operazio erabakiak hartzea, urtean zehar pilatutako uren kalitatearen arabera. Hartara, sakoneran tenperatura neurtzeko astero egiten diren saioak udazken hasieran amaitzen dira, urtegiaren hondoko ura husten denean, termoklina izenekoarekin batera (Eugiko urtegiko ura geruzatan estratifikatu denean, tenperatura beroenetik hotzenera). Hain zuzen ere, kasu horretan, kalitate eskaseko ura husten da, hondoan pilatuta dagoena, eta burdina eta manganeso eduki handiak dituena. Hori eginda, horrenbestez, Urtasunen edateko on bihurtzeko prozesuan erreaktiboak gehitu behar izatea minimizatzen da.  

Beste alde batetik, udaldian, jarraipen zorrotza egiten zaio uretan algak egoteari, kontrolatzeko neurri gehigarriren bat hartu behar bada. Perfiladorea martxan jarrita urtegiari jarraipena egiteko lan horiek automatizatuko dira, orain arte egiten ziren neurketa lanak osatuta.

Gogora ekarri behar da joan den urteko ekainean Mankomunitateak azterlan batimetriko bat egin zuela, sonarra duen urpeko ibilgailu baten bidez, eta Eugiko urtegiaren hondoaren erliebea zehatz berrikusteko modua eman zuen. Egin zen azterlan horrek ahalbidetu zuen urtegiaren edukierari buruzko informazioa eguneratzea, betetze kota desberdinen arabera, hornidura iturri horren erabilgarritasuna hobeto ezagutzeko.

Beste albiste batzuk