Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2020/05/05

Bihar, asteazkena, berriro hasiko da konpost-salmenta Arazuriko araztegian

‘Nekazaritzarako konposta’ produktu berriak baratzeko lurra hobetzen laguntzen du eta laboreak hobeki ongarritzeko modua ematen du

Bihartik aurrera, asteazkena, maiatzak 6, berriro zabalik egongo da herritarrentzat konposta saltzeko zerbitzua Arazuriko Hondakin Uren Araztegian (HUA), astelehenetik ostiralera eta 08:00etatik 14:00etara.

Iruñerriko Mankomunitateak jakinarazi nahi die Arazuriko HUAra joango diren pertsonei nahitaezkoa izango dela instalazioetan kokatutako karteletan deskribatzen diren segurtasun-arauak betetzea, COVID-19aren aurrean bai langileen eta bai bezeroen babesari eusteko. Zehaztu behar da, konposta zakuetan baino ez dela salduko eta ezin izango dela eskudirutan ordaindu leihatilan; hori dela-eta, konposta erosten duten pertsonen eskura dokumentu bat jarriko da, eta bertan datu pertsonalak idatzi beharko dituzte, adierazten den kontuan fakturatu ahal izateko produktua.

Hiru konpost-mota: Begetala, Arazurikoa eta Nekazaritzarakoa

Arazuriko HUAn bi produktu nagusi daude. Alde batetik, ‘Konpost begetala’, hondakin berdeekin egiten den produktu bat, eta lurzoruaren ezaugarri fisikoak hobetzeko erabiltzea gomendatzen dena (porositate handiagoa, drainatze hobea…), bereziki gomendatua lursail indartsu eta astunetarako. Bestetik, ‘Arazuriko konposta’ dago, hondakin berdeak eta araztegiko lohien proportzio txiki bat dituena. Ongarritzeko balio handia du, eta udako baratze-laboreetarako oso estimatua da. ‘Arazuriko konpostaren’ ekoizpenari buruzko informazio gehiago lotura honetan kontsultatu ahal da.

Aurtendik, gainera, ‘Nekazaritzarako konposta’ eros daiteke, produktu berria, 2019an erregistratua, baratzeko lurra hobetzen laguntzen duena eta laboreak hobeki ongarritzeko modua ematen duena.

2019an, 2.586 tona konpost merkaturatu ziren, eta haietatik 472 tona ‘Konpost begetalarenak’ izan ziren (A klasea), eta 2.114 tona ‘Arazuriko konpostarenak’ (B klasea). Beste alde batetik, 883 tona konpost eman ziren promozioan, eta, beraz, hornidura osoa 3.424 tonakoa izan zen.

Bezero nagusiak lorezaintzako enpresak izan ziren, tona guztien %36,53 eskuratu baitzituzten, partikularrak (%29,82) eta toki-erakundeak (%10,11). Gainerako %23,54a ‘promozioko konpostari’ egokitu zitzaion.

Txikizkako salmentei dagokienez, 2019an 15.740 zaku saldu ziren, konpost-salmenta guztien %11. Haietatik 13.154 partikularrei saldu zitzaizkien leihatilan (11.301 zaku ‘Arazuriko konpostarenak’ eta 1.853 zaku ‘Konpost begetalarenak’). Eta gainerakoak (2.586 zaku) lorezaintzako enpresetara eta udaletara bideratu ziren.

Beste albiste batzuk