Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2017/03/17

Ate irekien jardunaldia, Arazuriko araztegian

Martxoaren 25ean egingo da, “Hondakin urak” leloa izango duen Uraren Mundu Eguna dela-eta

Iruñerriko Mankomunitateak ate irekien jardunaldia antolatu du Arazuriko Hondakin Uren Araztegian (HUA) martxoaren 25erako, larunbata. Deialdi hori Ur Horniduren eta Saneamenduen Espainiako Elkarteak (AEAS) egindako ekimenaren barnean dago, laster Uraren Mundu Eguna izango dela-eta (martxoaren 22a), hiriko uraren arloa animatu baitu mota honetako jardunaldiak egitera hondakin urak bildu eta arazteko instalazioetan. 

Aurten Uraren Mundu Eguna “Hondakin urak” lelopean egingo dela baliatuta, ate irekien jardunaldi hauen helburua da herritarrei informazioa ematea, modu praktikoan, saneamendu sistemen funtzionamenduaren eta gizarterako eta ingurumenerako duten garrantziaren gainean.

Hain zuzen ere, Arazuriko HUAn egingo den jardunaldiaren egitaraua hau izango da:

  • 10:30ean. Iruñeko autobus geltokia. Arazuriko HUAra joango den autobusa abiatuko da.
  • 11:00etan. Bisita hasiko da, eta gutxi gorabehera bi orduko iraupena izango du. 
  • 13:00etan. Iruñera itzuliko den autobusa aterako da.

Bisitan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik izena ematea, Mankomunitateko webguneko ‘Jarduerak’ atal honetan.

Orain arte 49 dira Ur Horniduren eta Saneamenduen Espainiako Elkarteak (AEAS) egindako proposamenarekin bat egin duten erakundeak. 

Saneamendua: ahaztuen egoten den ur zerbitzua

Saneamenduak barnean hartzen du erabilitako hondakin urak bildu eta garraiatzea –estolda sistema– eta ondoren araztea, berriro ere ibilgu publikoetara edo itsasora itzuli aurretik. Zalantzarik gabe, ahaztuen egoten den oinarrizko ur zerbitzua da eta herritarrak ohartu gabe gertatzen dena. Izan ere, herritarrak gehiago ohartzen dira ur horniduraz, iturria ireki eta gizakiok kontsumitzeko egokia den ura eskura dutenean ikusi egiten baitute. Dena den, saneamendua zerbitzu publiko garrantzitsu eta neketsua da, berekin dakarrena hondakin urak bildu eta araztea, uretako ingurumenera itzultzeko edo berriro erabiltzeko erregeneratzeko. 

Ate irekien ekimen honen asmoa da herritarrei eta gure agintariei helaraztea zeinen garrantzitsua den ingurumen helburuak betetzeari lehentasuna ematea, zerbitzuak epe luzera iraunkorrak izan daitezen diruz laguntzea eta balioa ematea saneamendu zerbitzuen egitekoan etengabeko lanari –egunean 24 orduetan, urteko 365 egunetan–.

Atxikimendua adierazteko edo bat egiteko dokumentu osoa lotura honetan kontsultatu ahal da.

34 milioi metro kubo ur tratatu baino gehiago 

Guztira 1.671 kilometroko luzera duen hodi biltzaileen sare baten bidez, Iruñerriko hondakin urak Arazuriko Hondakin Uren Araztergira bideratzen dira, eta han arazketa prozesua egiten zaie, baldintzarik onenenetan Arga ibaira itzuli ahal izateko. 

Araztegi hori 1990ean inauguratu zuten eta Arazuriko udal barrutian dago, Arga ibaiko meandro batean, 40 hektareako eremu batean. Urari isurketen karga kutsatzailea kentzeko aukera ematen duen prozesua egiten da bertan, erabiltzearen ondorioz urak izaten dituen substantziak kenduta. Tratamendu horri esker, ibaien ingurumen kalitatea begiratu ahal da. 

Arazuriko araztegian lehen tratamendua (aurretratamendua eta dekantatzea) eta bigarren tratamendua (tratamendu biologikoa, nitrifikazioa eta desnitrifikazioa) egiten dira. Zehazki, 2016an, Arazuriko HUAn 34.443.310 m3 hondakin ur araztu ziren guztira.

Era berean, arazteko prozesuak aukera ematen du biogasa –araztegiaren beraren funtzionamendurako erabiltzen den energia berriztagarria– eta biosolidoak sortzeko. Biosolidoak medeagarri organiko moduan baliatzen dira nekazaritzan eta lorezaintzan.

Hain zuzen, lohien tratamenduan lortutako biogas horren zati bat egun prozesatu egiten da biometano bihurtzeko, gas naturalaren ia berdina, eta Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuan probak eginez ibiltzen ari den biobusaren erregai gisa erabiltzeko.

Gogora ekarri behar da joan den azaroan Mankomunitateak kanpaina bat abiarazi zuela paper-zapi bustiak komunera botatzea saihesteko. Zenbait materialekin saneamendu sareak ezin du zuzen lan egin. Zehazki, komunera botatzen diren paper-zapi bustiak ez dira guztiz desegiten eta buxadurak eragiten dituzte. Buxadura eta arazo horiek ondorio ekonomiko eta ingurumenerako garrantzitsuak eta larriak ekartzen dituzte berekin.

Beste albiste batzuk

  • Astelehenetik aurrera, hilak 20, Hiri Garraioak bere zerbitzua berrantolatuko du Mutiloan, 17., 22. eta 25. lineekin
  • Berriozarren ematen den zerbitzuan maiztasuna hobetzea ere ekarriko dute 17. lineako aldaketek
  • Joan den abenduaren 19an Batzar Nagusiak egin zuen saioan onartu ziren hasiera batean