Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2020/05/14

Arreta-neurriak, neguan itxita egon diren ur-iturriak martxan jartzeko

IMk informazio-materiala bidali die Iruñerriko udalei eta kirol- eta aisia-erakundeei

Iruñerriko Mankomunitatea informazio-materiala bidaltzen ari da Iruñerriko udaletara, kirol- eta aisia-erakundeetara, eta ikastetxeetara, neguan itxita egon diren ur-iturriak zabaltzeko eta iturri berriak kokatzeko arreta-neurriak zehazteko. 

IMk gogorarazten du, 140/2003 Errege Dekretuaren arabera, herri batean kokatutako iturri publikoetan uraren kalitatea ziurtatzeko ardura udalarena edo kirol- eta aisia-guneak kudeatzen dituzten erakundeena dela. 

Zenbaitetan, hainbat faktorek iturri publikoetako uraren kalitatea alda dezakete, eta horrek ekar dezake legeria ez betetzea. Nagusiki, hauek dira faktore horiek: desegokiak diren tokietan edo banaketa-sare nagusitik urrun daudenetan kokatuta egotea; egokiak ez diren materialak erabiltzea; eta neguan desaktibatuta egon eta gero, udaberrian berriro martxan jartzea iturriak. 

Hori dela-eta, neguan itxita egon diren iturrien kasuan, IMk gomendatzen du, martxan jarri aurretik, ur ugari irteten uzteko, hodiko ur guztia berritzeko helburuarekin.

Iturri publiko berrien diseinuaren eta instalazioaren kasuan, besteak beste, neurri hauek gomendatzen dira: 

  • Elikadura-kalitateko hodiak erabiltzea.
  • Iturriak banaketa-sare nagusitik gertu dauden tokietan jartzea.
  • Iturriak ez konektatzea ureztatze-sareetara.
  • Beharrezkoa izanez gero desmuntatzen eta desinfektatzen zailak diren iturri apaingarriak saihestea.
  • Iturriaren eta inguruan duen tokiaren diseinuaren bidez, desgaitasuna duten pertsonak iritsi ahal izatea erraztea.

Neurri hauen gaineko informazioa helarazteko, IM gutun bat eta eskupaper bat ari zaie bidaltzen Iruñerriko udalei eta kirol- eta aisia-erakundeei, gomendio guztiekin, Mankomunitatetik hornitzean urak dituen baldintza berberetan mantendu ahal izateko ur hori.

Uraren kalitatea, bermatuta

Beste alde batetik, IMk gogorarazi du ez dagoela koronabirusik tratatutako uretan, eta, horrenbestez, erabat baztertuta dagoela kutsatzea. Iruñerriari zerbitzua ematen dioten edateko uren araztegietan egiten diren desinfekzio-jardunbideek kontsumorako urak birus honen aurrean babesteko maila egokia ziurtatzen dute. Hori dela-eta, iturriko urak osasungarria izaten jarraitzen du eta beti bezala kontsumitzen jarrai daiteke, kalitatea bermatuta baitago.  

Beste albiste batzuk