Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2020/04/07

Alarma-egoeran ia %10 gutxitu da ur-kontsumoa

Ia %30 handitu da bildutako ontzien kantitatea, eta Alde Zaharrean nabarmen murriztu da hondakinen sorkuntza

Alarma-egoera izendatu zutenetik pixkana gutxitzen joan da ur-kontsumoa Iruñerrian. Egungo datuak joan den urteko aste berberetan erregistratutakoekin alderatuta, jaitsiera hori handitzen joan da %9,7ko izan arte azken astean, izan ere, aste horretan batez beste 754 litrokoa izan zen segundoko eta aurreko urteko aste berberean 836 litrokoa segundoko. Beherakada handiagoa da lanegunetan, %12,1eko jaitsiera izanda (757 l/s, 2019ko aste berbereko 861 l/s-en aurrean), jaiegunetan beherakada %3,2koa izan baita (748 l/s, 2019ko 772 l/s-en aurrean).

Nabarmendu behar da industria-eremuetan beherakada askoz ere handiagoa izan dela. Esate baterako, Landaben industrialdean, azken aste honetan %86,8 gutxitu da kontsumoa.

Gainera, aldaketa nabarmena erregistratu da orduen araberako kontsumoan. Hartara, lanegun arrunt batean, kontsumo maximoa goizeko zortzietan erregistratzen da, eta bi igoera-punta egoten dira eguerdian eta gauean. Une honetan, ordea, kontsumo maximoa goizeko hamaiketara edo hamabietara atzeratuta dago.

Erreferentzia moduan adierazi behar da krisia hasi bitartean ur-kontsumoa ia %2 emendatuta zegoela 2019koaren aldean.

Iturriko urari dagokionez, Mankomunitateak gogorarazi nahi du ez dagoela koronabirusik tratatutako uretan, eta, horrenbestez, erabat baztertuta dagoela kutsatzea. Ura edateko on bihurtzeko kloroa baliatzen duten tratamenduek jardueragabe uzten dituzte birus erresistenteenak, Osasunaren Mundu Erakundeak eta erreferentziazko nazioarteko beste erakunde batzuek adierazten dutenaren arabera. Hortaz, esan daiteke Iruñerriari zerbitzua ematen dioten edateko uren araztegietan egun egiten diren desinfekzio-jardunbideek kontsumorako urak birus honen aurrean babesteko maila egokia ziurtatzen dutela. Hori dela-eta, iturriko urak osasungarria izaten jarraitzen du eta beti bezala kontsumitzen jarrai daiteke, kalitatea bermatuta baitago. Dena den, prebentzio-moduan, klorazio-maila sendotu da, osasun-agintarien gomendioei jarraituta.

Hondakin-urei dagokienez, nabarmendu behar da egin diren lehen azterlanetan ez dela detektatu birusik araztu ondoren ibaira isurtzen diren hondakin-uretan.

Bildutako ontzien kantitatea handitu da

Hiri-hondakinen bilketa dela-eta, martxoko lehen hamabostaldia bigarrenarekin alderatuta, nabarmendu behar da ontzien bilketa bereizian jasotako kantitatea %29,96 handitu dela (380,70 t izatetik 494,74 t izatera igaro da). Horrek ekarri du, nahiz eta ez den tamaina handikoen bilketarik egin martxoaren 16az geroztik, hondakinen sorkuntza osoak berbera izatea, bildutako tonei dagokienez. Bereziki adierazi behar da aluminiozko eta altzairuzko laten edo potoen berreskuratzea handitu dela: martxoko lehen hamabostaldian 30.770 kg izan ziren eta bigarrengoan 41.215 kg, eta, beraz, %33,94 gehiago izan ziren.

Gainerako bilketetan, nabarmendu behar da gai organikoena %5,86 handitu dela (martxoko aurreneko hamabostaldian 410,23 t izatetik bigarrengoan 434,28 t izatera igaro zen) eta beiraren bilketa %4,32 emendatu dela (256,22 t izatetik 267,28 t izatera igarota). Era berean, adierazi behar da edukiontzietan papera biltzea %11,27 gutxitu dela (816,04 t izatetik 724,08 t izatera).

Iruñeko Alde Zaharrean ostalaritza- eta merkataritza-jarduera handia da eta, horrenbestez, hondakinak sortzea nabarmen murriztu da; izan ere, bertan, tamaina handikoak biltzeko zerbitzua ez ezik, ostalaritzarako (atez atekoa beira eta gai organikoak biltzeko) eta merkataritza-jarduerarako (atez atekoa kartoia biltzeko) zerbitzu bereziak ere bertan behera utzi dira. Hori dela-eta, martxoko lehen astean 80,6 t bildu ziren (11,42 t eguneko batez beste), baina hil horretako azken astean 29,7 t (4,24 t eguneko), eta, hortaz, %63,15 gutxiago.

Industrialdeetan egiten den bilketari dagokionez, martxoan 767 t jaso dira, joan den urteko martxoan baino %32,25 gutxiago, orduan 1.323 t izan baitziren.

Beste albiste batzuk

  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...
  • Kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia