Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2020/03/27

SCPSAk bertan behera utzi du lehen lauhilekoko hondakinen fakturazioa enpresa- eta merkataritza-jardueretarako, eta kobrantza atzeratu du abonatu guztientzat

Alarma-egoeraren ondorioz negozioak eten ondoren hartu da neurria

Alarma-egoeraren ondorioz enpresa- eta merkataritza-jardueraren zati handiena etenda gelditu denez, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateak (SCPSA) bertan behera utzi du lehen lauhilekoko hondakinen fakturazioa, martxoan jaulkitzekoa zena, enpresa- eta merkataritza-jardueretarako. Nabarmendu behar da gai honen gainean hartu beharreko neurriak aztertuko dituela Mankomunitateak, eta neurri horiek barne hartuko dutela beren jarduera eten behar izan duten negozio eta saltokietarako hondakinen tasa ordaintzetik salbuetsita gelditzea.

Beste alde batetik, enpresa- eta merkataritza-jardueretarako lehen lauhilekoko fakturei baina jada jaulki direnei (urtarrila eta otsaila) gainerakoetarako hartzen den konponbidea ere aplikatuko zaie.

Enpresa- eta merkataritza-jardueretarako uraren fakturazioak normaltasunez jarraituko du; izan ere, jarduera ez izatetik eratorritako kontsumo-beherakadak berak ekarriko du fakturatutako zenbatekoa gutxitzea.

Ordainketa atzeratuta, abonatu guztientzat

Beste alde batetik, abonatu guztientzako fakturazioan, kobrantzak ekainaren 1a arte atzeratuko dira.

Halaber, ez dira jasanaraziko, ekainaren 1etik aurrerako datetara atzeratzen diren ordainketen kasuan, alarma-egoeraren epeari dagozkion berandutze-interesak. Ordainketan atzerapen handiagoa behar duten titularrek Herritarren Arretarako Zerbitzura jo beharko dute (948423242 telefono-zenbakia edo mcp@mcp.es helbide elektronikoa), kasu bakoitza aztertzeko, behin alarma-egoera amaitzen denean.

Gogora ekarri behar da SCPSAn %90eko hobaria dagoela faktura ordaintzeko, zailtasun ekonomikoak dituzten etxebizitza-kontratuen titular partikularrentzat. Baldintzak eta hobaria izapidetzeko era www.mcp.es webgunean kontsultatu ahal dira.

Uraren eta hondakinen zerbitzuak normaltasunez ematen ari dira

Mankomunitateak nabarmendu nahi du bai Uraren Ziklo Integralean bai eta hondakinen bilketan eta tratamenduan –biak ala biak funtsezko zerbitzuak Iruñerrian– lanak normaltasunez egiten ari direla funtsezko alderdietan. Nolanahi ere, Uraren Ziklo Integralaren zerbitzuari dagokionez, etxebizitzen barneko lan batzuk (altak, bajak, kontagailuen irakurketa…) urgentziazko edo behar bereziko kasuetan baino ez dira egiten ari, pertsonen osasuna babesteko helburuarekin.

Hondakinak biltzeko zerbitzuari dagokionez, gogora ekarri behar da garbiguneak itxita daudela eta tamaina handikoak biltzea bertan behera utzita, nahiz eta, azken horren kasuan, Emausko Trapuketariek abisuak hartzen jarraitzen duten, behin alarma-egoera amaitzen denean plangintza egiteko.

Alarma-aldian erregistratutako datuei dagokienez, adierazi behar da uraren kontsumoan berdindu egin direla lanegunetako kopuruak eta jaiegunetakoak. Hiri-hondakinen kasuan, etxebizitzetan hondakin gehiago sortzen ari dela ikusi da, bereziki, arropa eta oinetakoei dagokienez, etxeetan egin diren txukuntze- eta garbiketa-lanengatik. Gogora ekarri behar da hondakin horiek etxean edukitzea komeni dela alarma-egoeraren ondoren dena bere bidera etorri arte.

Beste albiste batzuk