Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2018/07/04

Salestarren eraikinean etorkizunean izango duten egoitzaren proiektua idaztea esleitu dute IMk eta SCPSAk

Álvarez-Sala, Matos Castillo Arquitectos eta Rueda Pizarro estudioek eratutako talde batek egin du proposamen irabazlea

Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. (SCPSA) sozietateko (Mankomunitatea kudeatzen duen sozietatea) Administrazio Kontseiluak gaur arratsaldean onartu du Salestarren eraikina birgaitzeko proiektua idazteko eta obra-zuzendaritza egiteko kontratua esleitzea. Eraikin hori Iruñeko San Frantzisko kalearen 5.aren eta 15.aren artean dago, eta IMren eta SCPSAren egoitza berria izango da. Hain zuzen, proposamen irabazlea Álvarez-Sala, Matos Castillo Arquitectos eta Rueda Pizarro estudioek eratutako talde batek egin du.

Gogora ekarri behar da joan den 2017ko urriaren 24an SCPSAren Administrazio Kontseiluak lehiaketaren lizitazioa onartu zuela eta eskaintzak aurkezteko epea abenduaren 15ean amaitu zela. Lehiaketa horretara 17 proposamen aurkeztu zituzten. Aurtengo urtarrilean, epaimahaiak hobekien sailkatuta zeuden bostak hautatu zituen. Epaimahai hori SCPSAko sei teknikarik, sozietate horretako Administrazio Kontseiluko ordezkari batek, Iruñeko Udalak proposatutako arkitekto batek eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak proposatutako beste batek osatu zuten. 

Ondoren, bigarren fasean, hautatutako bost talde horiei gonbidapena egin zitzaien beren proposamenak garatzeko, eta, hartara, haien artean aukeratzeko proiektu irabazlea. Kontratazio-mahaiak apirilean hitzartu zituen irizpide desberdinei zegozkien puntu-kopuruak, besteak beste, kalitate arkitektonikoari, eraikitze- eta iraunkortasun-ezaugarriei, ingurumen- eta energia-eraginkortasunari, eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari zegozkienak. 

Proiektu malgua etorkizuneko beharretarako

Epaimahaiaren arabera, proposamen irabazleak “hiztegi arkitektonikoa murriztea eskaintzen du, eraikinaren potentzialera doitzen da, eta espazio soilak eta atseginak lortzen ditu”, eta, horrez gain, eraikinaren kanpoaldetik barnealdera planteatutako trantsizioa nabarmendu du. Ikuspuntu funtzionaletik, proposamenak eraikinaren okupazio zentzuduna egiteko bidea ematen du, espazio guztiek ingurumen-kalitate egokia dute eta sail desberdinen arteko sinergiak sortzen dituzte. Epaimahaiak, era berean, egungo beharrei erantzuteko planteatutako esku-hartzea nabarmendu du, malgutasuna emanez, aldi berean, IMren eta SCPSAren egituraren geroko berrantolaketa edo eskakizunetarako. 

Epaimahaiak eskerrak eman dizkie parte hartu duten estudio guztiei, eta bereziki hautatutako bostei, proiektu honetan aritu direlako, horrek aurkeztutako lanen kalitate handia ekarri baitu oro har.

Behin hurrengo asteetan kontratua sinatzen denean, oinarrizko proiektua eta eraikitze-proiektua idazten hasiko dira. Lan horiek 2019ko lehen hiruhilekoan amaitzea espero da, eta orduan lanak gauzatzeko lizitazioa hasiko da.

Proiektua idazteko eta obra-zuzendaritza egiteko lizitazioaren zenbatekoa, guztira, 883.600,00 euroko kopuru maximoa da (BEZa kanpo).

1905eko eraikina, komentu bat hartu zuena

2017-2030 aldirako Mankomunitatearen Plan Estrategikoak barnean hartzen du IMren eta SCPSAren egoitza berriaren erronka, “funtzionaltasun-irizpideekin diseinatuko dena, herritarrei arreta emateko, teknologia berriak integratzeko, igorpenik ez eragiteko ezaugarriekin eta pertsonen antolaketa eta kudeaketa aintzat hartuta”. 

Andre Mariaren Bisitazioaren komentua, San Frantzisko kalearen eta Aduanako zokoaren artean kokatua, Iruñeko Alde Zaharreko eraikin enblematikoenetako bat da. 1905ean eraiki zuten, Florencio Ansoleagaren proiektu baten arabera, eta 2003a bitartean salestar lekaideen klausurako komunitate bat hartu zuen. 

2010ean eraikina eskuratu ondoren, 2011 eta 2013a artean, bisita gidatuen bost ziklo antolatu zituen Mankomunitateak, herritarrek aukera izan zezaten garai bateko komentua ezagutzeko. Guztira, 4.400 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten bisita horietan.

Beste albiste batzuk