Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2015/10/02

“Sal de dudas” (Ziur izan zaitez) kanpainan parte hartu du Mankomunitateak, GIB/HIESaren prebentzioaren garrantzia gogorarazteko

GIBak eta sexu bidez transmititzen diren beste infekzio batzuek azken urteetan goraka egitearen ikusezintasunaren aurka borrokatzea da SAREk sustatutako kanpaina honen helburua

Gaur goizean “Sal de dudas” (Ziur izan zaitez) kanpaina aurkeztu da. SARE Elkarteak sustatu du, eta helburua da GIB/HIESa kutsatzeko arriskua gogora ekartzea herritarrei. Zehazki, kanpain prebentzio ekintza bat da, GIBak eta sexu bidez transmititzen diren beste infekzio batzuek azken urteetan goraka egitearen ikusezintasunaren aurka borrokatzeko planteatu dena.

Hartara, kanpaina gauzatzeko, Iruñeko Arte Eskolak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak laguntza eskatu diote artista eta sortzaileen talde ugariri, iglu formako 25 edukiontzi apaintzeko. Iruñerriko Mankomunitateak, bere aldetik, beira biltzeko edukiontziak laga ditu kanpainarako. Edukiontzi horiek gaurtik aurrera, urriak 2, eta ia bi hilabetean, Uharte Zentroko aparkalekuan egongo dira erakusgai, bertan aritu baitira lanean artistak azken aste hauetan. Ondoren, azaroaren 23an, edukiontzi horiek Iruñeko eta Iruñerriko hainbat tokitan banatuko dira eta haietan egongo dira urtebete inguru.

Horrez gain, azaroaren 23 horretan, Eskualdeko Hiri Garraioko lau markesina gehituko zaizkio kanpainari: itxura berria eta desberdina izango dute, hainbat arkitekto, ingeniari eta irudigileren parte-hartzeari esker.

Edukiontziek eta markesinek QR kode bat izango dute eta kode horrek bidea emango du “Sal de dudas” (Ziur izan zaitez) kanpainaren harira sakelakoetarako sorturako aplikazioa behera kargatzeko. Horrenbestez, ekimena zabaltzen lagunduko dute.

SARE Elkartearen kanpainan arteak, birziklatzeak eta teknologiak bat egin dute, eta hauen lankidetzari esker gauzatu da: Uharte Zentroa, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Iruñerriko Mankomunitatea, Iruñeko Arte Eskola, Ecovidrio eta TCC (Transports Ciutat Comtal)

Kanpaina aurkezteko ekitaldian, berriz, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa, Nafarroako Gobernuaren HIESaren arloko programaren koordinatzailea, Lázaro Elizalde, SARE Elkarteko Laguntza sozio-emozionalerako arloko arduraduna eta “Sal de dudas” (Ziur izan zaitez) proiektuaren koordinatzailea, Leticia Ramón, eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria, Javier Manzanos, izan dira.

Kanpainaren aplikazioa behera kargatzeko lotura hau erabil daiteke.

Beste albiste batzuk